INFO

Euskaltzaindiak formatu digitalean argitaratu du Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa

2019an paperean argitaratu zen Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa sarean jarri du orain Euskaltzaindiak, gizartearen eskura. Online bertsioaren helburu nagusiak EHHEren egitura eta filosofiari eustea, hiztegiaren eduki osoa eskaintzea eta kontsulta bideak erraztea dira.

Lakarra eta Urrutia, hiztegiaren aurkezpenean. (NAIZ)

2019an, Euskaltzaindiak Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) aurkeztu zuen jendaurrean. Prentsaurrekoarekin batera, mintegi bat antolatu zuen orduan Akademiak, era honetako hiztegien garrantzia eta beharra azpimarratzeko.

Orain, beste urrats bat egin nahi izan du Euskaltzaindiak, erabiltzaileei EHHEren bigarren bertsioa eskainiz. 2019koa paperean argitaratu zen; oraingo hau, aldiz, sarean eskaintzen da, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke. Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa-ren lineako bertsioan papereko eduki guztia aurki daiteke, web teknologiak eskaintzen dituen laguntzekin aberastuta.

Joseba Lakarra euskaltzain oso eta EHHE-200 egitasmoaren zuzendariak bigarren bertsioaren berrikuntzak aipatu ditu gaurko agerpenean: «Paperezkotik bertsio digitalerako migrazioan, pantaila bidezko nabigaziorako hainbat egokitzapen egin ditugu, euskarri ezberdinak irakurketa modu ezberdina eskatzen duela sinetsita» zehaztu du. Gaineratu duenez, euskarri berriari dagozkion egokitzapenez gain, asko izan dira testuan bertan eginiko aldaketak eta gehiketak, edukizkoak zein formazkoak: «Edukiari dagozkionen artean, bi dira aldaketa mota nagusiak: batetik, eztabaida etimologikoetan eginiko moldaketak ditugu, eta, bestetik, zenbait iturriren gehiketa».

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa hitzen sorrera aztertzen eta azaltzen duen hiztegia da. Honela deskribatu du Joseba Lakarra EHHE egitasmoaren koordinatzaileak: «Hizkuntzaren barne historia aplikatua baizik ez da, hau da, fonologia, morfologia, dialektologia eta sintaxi diakronikoetan… oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena baino ez».

Horrela, hitzak familiaka antolatu dira —ez sarrera solteka, hiztegi arrunt edo ezagunenetan bezala—. Horrenbestez, 200 familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu dira, 100 inguru ondare zaharreko oinarriekin eta beste horrenbeste mailegatuekin.

Hiztegiaren helburu nagusiak hiztegiaren egitura eta filosofiari eustea, hiztegiaren eduki osoa eskaintzea (azalpen testuak, eranskinak eta aurkibideak barne), eta kontsulta bideak erraztea dira.