Irungo Harrera Sareak etorkinak hartzeko inplikazio handiagoa eskatu die administrazioei
Irungo Harrera Sareak etorkinak hartzeko orduan euskal administrazioak jokatzen ari diren «paper eskasa» salatu du ostiral honetan, eta egora zaurgarrian dauden pertsona hauen beharrak asetzeko gizarte politika «publiko, serio eta arduratsuak» eskatu ditu.
Irungo Harrera Sareak Udala, Foru Aldundia eta Lakuako Gobernuaren jarrera salatu du, «oso paper eskasa jokatzen ari baitira» migratzaileak artatzeko orduan. Hala, apirilean kalean utzitako pertsona migranteen 30 gaualdi atenditu dituela nabarmendu du ostiral honean, harrerarako erakunde publikoek «aterpera sarrera galerazita».
Praktikan, administrazio horiek transitoan dauden migratzaileak «modu murriztailean definitu» eta «hauen kalterako izango diren irizpideak» aplikatzen ari direla kritikatu du Irungo Harrera Sareak.
Gizarte politika «publiko, serio eta arduratsuak» aplikatuz, egoera zaurgarrian dauden pertsona hauen beharrak eta egoera erakunde publikoen lehentasuna izan beharko liratekeela nabarmendu du, eta bide horretan lanean berehala hasteko eskatu die.
Bestalde, Estatu frantsesko agintariek «terrorismoaren aurkako alerta» eta «covid pandemiagatiko alerta» aitzakiak erabiliz, «txuriak ez diren pertsonei, bereziki beltz eta arabiar itxurakoei, kontrol arrazistak egin eta mugak itxi» dizkietela salatu du ere.
Hortaz, berriz ere, hurbileko erakunde publikoei, euren eskumenen mugetan ezkutatu gabe, behar den tokian politika egitea eskatu diete, Estatu frantses, espainiarra eta Europari politika aldaketa bat eskatzeko helburuarekin.
Izan ere, Irungo Harrera sarearen aburuz, «Europar Batasunak eta bere estatu kideek urteetan ezartzen eta gogortzen datozen mugen kontrola eta migrazio politika arrazistek, pertsona migranteen eskubidea diren zirkulazio askatasuna, bide seguruak eta harrera oztopatzea beste helbururik ez dute».
«Uzti horrek hildakoak eragiten ditu egunero. Europak erabaki hori hartu eta itsasoak, basamortuak, harresiek... egiten dute gainontzekoa», salatu du, «arrazismoa eta xenofobia haupotu eta indartzen» dituzten politikak kritikatuz.
Manifestazioa maiatzaren 29an
Horregatik guztiagatik, Irungo Harrera Sareak dei egin die era guztietako erakundeei eta giza eskubideen errespetuaz kezkatuta dauden guztiei maiatzaren 29rako, larunbata, Irun eta Hendaian antolatu duten manifestazioari babesa emateko eta bertara joateko.
Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da manifestazioa Irungo edo Hendaiako udaletatik. Bi manifestazioak Santiago zubian batuko dira.