INFO

Jardunaldi internazionalistak antolatu ditu Askapenak ekainaren 11tik 13ra Hernanin

Hernanin, ekainaren 11tik 13ra, izango dira aurten Askapenak antolatutako jardunaldi internazionalistak. Euskadi-Cuba, Panafricanism Today, Brasilgo MST eta Greziako KOE antolakundeetako kideek eta Sahara eta Boliviako ekintzaileek hartuko dute parte, besteak beste.

Askapenaren 30. urteurrenaren ekitaldia 2017an. (Iñigo URIZ/FOKU)

‘Bizi elkartasun internazionalista’ lelopean jardunaldi internazionalistak antolatu ditu Askapenak ekainaren 11tik 13ra Hernanin. Azaldu duenez, «internazionalismo iraultzailearen» oinarriak azaltzeko baliatuko ditu.

Ekainaren 11n, 16.30ean ekingo diote jardunaldiei ‘Euskal internazionalismoa: Bidea luze, pausoa labur’ tailerrarekin. Euskal internazionalismoaren historia zein Askapenaren sorrera eta 3 hamarkada luzez izandako ibilbidea aztertuko dituzte. Askapenaren internazionalismoaren zutabeak deskribatuko dituzte, baita euskal internazionalismoan egon diren eta dauden zenbait erronka ere.

Ondoren, 18.30etik 20.00etara, ‘Herramientas para un mundo internacionalista’ hitzaldia egongo da. Azterketa historiko batetik, inperialismoaren garapena berrikusiko du Guillermo Paniagua ekintzaileak.

Ekainaren 12an lau hitzaldi egongo dira. 10.00etatik 11.30era Panafricanism Today eta Askapenako kideek nazioarteko harremanen ikuspegi herrikoi batetik, integrazioko bi esperientzia zehatzetan sakonduko dute. 12.00etatik 13.30era ‘Elkartasun internazionalista auzitan’ hitzaldia egongo da: «Elkartasun internazionalista ulertzeko dugun moduari buruz hausnartu nahi dugu, nazioarteko beste ekintza mota asistentzialista eta erreformistetatik bereizten den horretan zentratuz», azaldu du Askapenak.

Arratsaldean, 16.30etik 18.00etara, internazionalismoari buruz eta «lankidetzaren dinamikek eta bestelako elkartasun-modu asistentzialista eta erreformistek beren borroketan duten eraginari» buruz hausnartzen arituko dira Garazi Hach Embarek (Sahararen aldeko ekintzailea), Rene Behoteguy (militante boliviarra) eta Greziako KOE antolakundeko kide bat.

18.30etik 20.00etara, ‘Gora herri boterea!’ hitzaldiarekin internazionalismoak beste herrietako Herri Botere esperientziak ezagutzeko aukera eskainiko du Askapenak Euskal Herriko borroka ezberdinetako kideekin «terraza tertulia» txikian.

Ekainaren 13an, ‘Okupatu, eutsi eta ekoitzi’ hitzaldiarekin ekingo dio egunak. 09.00etan. «MST, Brasileko Lurrik Gabeko Langileen Mugimenduak garatzen duen lurren okupazioa, Herri Botere borroka izugarria dela ezin uka. Esperientzia hau gurera ekartzeko, irteera txiki bat egingo dugu eta, okupazioa naiz honen ostean eraikitzen den mundua irudikatzen saiatuko gara, eta irakaspen kolektiboak aterateko», azaldu du Askapenak.

12.00etan bukatuko dira jardunaldiak ‘Sin Cuba, nada sería igual’ hitzaldiarekin. Milagros Acea (Cuba), Souradjou Ali (Benin) eta José Manzaneda (Euskal Herria) Euskadi-Cubako kideek Kubako iraultzak internazionalismoan izan duen eragina aztertuko dute.

«Jardunaldi horiek internazionalismo iraultzailearen oinarriak azaltzeko baliatuko ditugu, edozein herrik bere askatasuna lortzeko bidean ezinbestekoa duen tresna baita. Internazionalismoa norbere herriak beste askapen prozesuekin duen konpromisoa izateaz gain, nork bere herria askatzeko behar dituen ikaspenak eta aliantzak lortzeko tresna ere badelako, eta zentzu horretan, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Euskal Herri borrokalariak aurrera eramango duen internazionalismoaren oinarriak finkatzea», azaldu du Askapenak.