Haserrea eta hitz gogorrak Molac Legearen kontrako ebazpenaren biharamunean
«Eüskararen ikasteko, zoin sistema erakaskuntzan?» galderari erantzuteko Maulen antolatua zen hitzaldi batean agerian geratu da Molac Legearen kontrako ebazpenak herritarren artean sortu duen haserrea.
Hizkuntza gutxituak babesteko xedea duen Molac Legea bezala ezagutua dena frantziar Konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi zuen Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 21an eta Ipar Euskal Herriko eragile nagusiek bat egin zuten Parisen hartu den erabakia gaitzesteko. Ondorioz, manifestazio bat antolatu da maiatzaren 29rako Baionan.
Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren ebazpena kaleratu eta biharamunean aurrez antolatua zen hitzaldi bat izan da Maulen eta agerikoa izan da hizlarien zein entzuleen artean Parisek hartutako erabakiak sortu duen haserrea. Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak, egin zituen adierazpenak berretsi dituzte, hau da, ebazpena «gerra deklarazio bat» dela baieztatu dute.
Euskal Erakunde Publikoko lehendakari eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politika eta kultura arduraduna den Antton Curutcharryk murgiltze ereduaren aldeko defentsa sutsua egin du. Hain zuzen ere, atzotik «antikonstituzionala» den eredu horrek «hizkuntza frantsesa ez duela batere trabatzen» nabarmendu du. Bere esanetan, «Seaskak 50 urtez frogatu du ikasle elebidunak sortzen dituela, bi hizkuntzetan arazorik gabe moldatzen direnak, eta eredu horrek ez duela ikasleen frantses maila kaltetzen».
Alain Iriartek, Hiriburuko auzapezak, eskola publikoko ama eskolan murgiltze eredua ezartzeko izan zituzten zailtasunak ekarri ditu gogora, eta kontsentsu zabal bati esker eman ziren urratsak gogorarazi ditu. Ordea, Molac Legea atzera botatzeak «esperantza horiek berriz gibelera» eraman dituela aitortu du.
Horren aurrean honakoa adierazi du Hiriburuko auzapezak: «Konstituzioak ez baditu hizkuntza desberdinak errespetatzen, gu ez bagaitu errespetatzen, guk ez dugu Konstituzio hori errespetatu behar». Bere iritziz, «afera larria da, desafio handi bat da, zeren Konstituzioak bermatuko duen koadro legal bat behar da».
Larraineko auzapezak ere hitz gogorrak izan ditu. «Argi eta garbi gerra deklaratzen digute», azpimarratu du Jean-Dominique Iriartek, eta zera gaineratu du: «Ofentsibari beste ofentsiba batekin erantzutea proposatzen dut». Hots, Europako Hizkuntza Gutxituen Karta oinarri hartuta eman daitezkeen urratsak izan ditu hizpide auzapez zuberotarrak.