Lasta botata, Buruz Buruko finalerdietan da Iñaki Artola lehen aldiz (7-22)
Ausart eta fresko, alegiarrak ez dio inolako aukerarik eman tantoaren ekimena eramateko gai izan ez den Mikel Urrutikoetxea triste bati.
«Betidanik izan dut gustukoa Buruz Burukoa, baina orain arteko emaitzei erreparatuta erreparoa eta guzti ematen zidan halakorik esatea», aitortu du Iñaki Artolak bere ibilbidean finalerdietarako sailkatu berritan. Dagoeneko lasai esan dezake, askatu du barruan horrenbeste estutu duen korapiloa alegiarrak. Aurreko astean Asier Agirreren aurka partida gogor batean bere burua bere dohainez sinestarazi ostean, izar handi baten aurka garaipen bat behar zuen aurrelari gipuzkoarrak eta gaur eman du azken pausu hori, nola gainera. Mikel Urrutikoetxea erabat ezereztatuta, azken Mastersean bikote izan zuen Beñat Rezustaren aurka arituko da hurrengo larunbatean Labriten bere lehen finalaren bila.
Bi pilotarien gaitasunari erreparatuta, partida gogorra espero genuen gaur Bilbon, baina Buruz Burukoan sarri gertatzen den bezala, orekak apenas iraun ditu dozena erdi tanto, Iñaki Artolak bere onena eman duen bitartean, Mikel Urrutikoetxea urrun egon baita berak duen mailarik onenetik. Esan genezake, antzeko partidetan sarri alegiarra lotu duten barne zalantza horiek guztiak gaurkoan Zaratamokoaren gorputzean izan direla.
Urrutikoetxea 2-0 aurreratu bada ere, hori izan da bizkaitarrak izan duen alde bakarra, hasiera-hasieratik libre eta fresko aritu da alegiarra, sakearekin min egin eta une oro oldarkor, pilotaren bila joan eta tantoak amaituz. Laugarren sakearekin falta bat egin izanak ere ez du kikildu alegiarra eta berean jarraitu du, konfiantzaz lepo eta oso eraginkor, pilotari abiadura handia emanaz.
Eta justu kontrakoa izan da Mikel Urrutikoetxearen jarduna. Hasierako bi tanto horietan kenduta, partida osoan ez du, sakea bere esku zegoela, tanto bakarra lortu. Lehen pilotakadarekin ez du gehiegi asmatu, baina batez ere bigarren pilotakada horretan aritu da kamuts Zaratamokoa, gozatu ezinda eta tantoaren ekimena bere aldera eraman ezinda.
Urrutikoetxearen ezina
Gauzak horrela, azkar egin du Artolak ihes markagailuan eta lehen atsedenaldi luzera zortzi tantotako abantailarekin joan da alegiarra (4-12) bien artean 99 pilotakada jota. Halako partidei buelta ematen pilotari iaiorik bada, hori Mikel Urrutikoetxea da, hamaika halako eginak ditu, baita finaletan ere, baina gaurkoan bere gorputz espresioak kontrakoa esan du hasieratik. Markagailuan egon den aldeak jokoarenarekin bat egin du une oro eta Iñaki Artolak inolako erraztasunik eman ez dionez, ezer gutxi egin ahal izan du gaurkoan.
FITXA TEKNIKOA:
Urrutikoetxea: 8
Artola: 22
Pilotakadak: 172. Iraupena: 39,58 minutu. Markagailua: 2-0, 2-4, 3-4, 4-7, 4-7, 4-13, 5-13, 5-16, 6-16, 6-21, 7-21, 7-22. Sakeak: 1 Urrutikoetxeak eta 7 eta falta 1 Artolak. Tantoak: 3 Urrutikoetxeak eta 11 Artolak. Hutsak: 4 Urrutikoetxeak eta 2 Artolak. Gorabeherak: Buruz Buruko final-laurdenetako azken partida Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu da. Iker Lopezek egin ditu Urrutikoetxearen botilero lanak eta Mikel Artolak Iñaki anairenak.