Erabilera handiko plataforma digitaletan euskararen presentzia bermatu nahi du Lakuak
'Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024' dokumentua plazaratu du Lakuako Gobernuak. Euskara ingurune digitalean «bizirik eta bizi egoteko» lau lan lerro estrategiko definitzen eta hamar gomendio zehazten ditu.
Lakuako Gobernuak 'Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024' dokumentua aurkeztu zuen aurreko ostiralean. Euskararen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko batzorde atal bereziak egindako txostena da, eta 2021-2024 epealdian euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzeko bide orria izango da.
Lakuako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko batzorde atal bereziko buru Maite Goñik aurkeztu zuten txostena, Donostiako San Telmo museoan.
Azaldu zutenez, dokumentuak euskara ingurune digitalean «bizirik eta bizi egoteko» lau lan lerro estrategiko definitzen eta hamar gomendio zehazten ditu.
Batetik, euskarazko eduki digitalak sustatzeko lerro estrategikoan, aisialdirako ikus-entzunezkoen alorra -bereziki gazteei begira-, arlo akademikorako eduki digitalak -ikus-entzunezkoak barne eta bereziki gazteei begira- eta euskarazko hedabide digitalak sustatzea sartu da.
Bigarrenik, euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzeko lerro estrategikoaren baitan, euskarazko hizkuntza teknologien garapena eta mugikorrerako euskarazko aplikazioak sustatzea, eta erabilera handiko plataformetan euskararen presentzia bermatzea daude.
Hirugarren lerro estrategikoa euskarari eta euskarazko baliabideei ikusgarritasuna ematea da, erabilera areagotzeko, eta informazio eta komunikazio teknologiak euskaraz egitea eta euskarazko tresna eta baliabide digitalen zabalkundea bermatzea bildu ditu.
Azkenik, zaintza teknologikoa ziurtatzeko lerro estrategikoaren baitan, euskararen zaintza teknologikorako egitura eta euskararen kontsumoari buruzko datuak lortzea eta ikerketa sustatzea gomendatzen dira, polita eraginkorrak egin ahal izateko.
Lau lan lerro estrategiko eta hamar gomendio horiek garatzeko 24 ekintza proposamen ere bildu ditu dokumentuak, hala nola euskarazko Wikipedia eta Txikipedia sustatzea, Hizkuntza Teknologien Plana zehaztu eta idaztea, Common Voice egitasmoa bultzatzea, Interneteko enpresa teknologiko handiekin etengabeko harremana bermatzea maila instituzionalean, norbanakoen eskuko telefonoak euskaraz konfiguratu daitezen sustatzea, euskarazko baliabideak ezagutzera emateko kanpainak egitea edota unean uneko beharrei erantzuteko ikerketak sustatzea.
Bestelako konpromisoak
‘Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024’ txostenak beste bi gai estrategiko eta zeharkako ere biltzen ditu: burujabetza teknologikoarena batetik, eta software eta lizentzia libreena bestetik.
Hain zuzen, azaldu zutenez, burujabetza teknologikoaren gaiak euskararen sustapena ingurune digitalean gainditzen duen arren, Lakuak burujabeak izango diren euskarazko teknologiak sustatu behar dituen ala ez aztertzearen beharra azpimarratu da dokumentuan.
Bestalde, software eta lizentzia libreen arloan, txostena osatu duten adituen iritzian, software librea eta lizentzia libreak sustatuta bidea zabaltzen zaie euskarazko eduki, baliabide, aplikazio eta tresnei.
Euskararen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde atal bereziak hainbat aditu, erakunde eta entitateren lankidetza izan du 'Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024' txostena garatzeko.
Dokumentuak biltzen dituen ekintza proposamenak Gobernuak zuzendutakoak dira, baina euskararen eremuko erakunde publiko zein pribatu guztien esku utzi nahi da, bakoitzak bere eskumen eta ahalmenen barruan jardun eta bertako gomendioak bere egin ditzan.
Dokumentuaren helburua «euskararen ezagutza areagotzea da eta, batez ere, euskararen erabilera azpimarratzea gizarte eta kultur eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan».