INFO

Euskara liskar politikotik at utzi behar dela dio Hualdek Euskaltzaindiarekin bildu ondoren

Euskara «liskar politikorako arma gisa» utzi behar dela nabarmendu du Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek gaur Euskaltzaindiarekin bildu ondoren. Nafarroan euskararen normalizazioan urratsak eman behar direla esan du, «etxe honetan euskara errezeloz» ikusten duenik egon badagoen arren.

Unai Hualde Euskaltzaindiaren ordezkariekin gaur Nafarroako Parlamentuan. (NAFARROAKO PARLAMENTUA)

Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren aretoan egin du gaur maiatzeko batzarra, eta Legebiltzarreko presidente Unai Hualdek bilera baliatu du gogorarazteko euskara ez dela «liskar politikorako arma gisa erabili behar, baizik eta berezko hizkuntza gisa, bere aberastasun osoan, errezelorik gabe».

Euskaltzaindiako kideei egindako harreran Unai Hualdek adierazi du euskara hizkuntza propio gisa tratatzeko desio hori 2019ko abenduan, Parlamentuaren domina Euskaltzaindiari eman zitzaionean azaleratu zuela, baina «zoritxarrez, ez da hala izan, oraindik ere badago etxe honetan gure hizkuntza, euskara, errezeloz hartzen duenik».

Euskarari buruzko Foru Legearen inguruan dagoen eztabaidari dagokionez, Parlamentu presidenteak adierazi du batzuen iritziz «legea gaindituta» dagoela eta beste askorentzat, berriz, «gainditu ezinezko muga bat dela gaur egun indarrean dagoen legea». Hori dela eta, Nafarroan euskararen normalizazioan aurrerapausuak emateko deia egin du, esaterako, «funtzio publikoan sartzeko merezimendu gisa baloratuz». «Zeharo naturala izan beharko litzateke, sen oneko kontu hutsa da».

Hualdek, amaitzeko, Euskaltzaindiak «euskararen defentsan eta sustapenean» duen papera azpimarratu du, eta Euskaltzaindiarekin eta arlo honetan diharduten gainerako eragileekin batera norabide horretan lanean jarraitzearen aldeko apustua egin du.

Bilkuraren aurretik, Parlamentuko presidenteak bere bulegoan hartu ditu Andres Urrutia euskaltzainburua, Sagrario Aleman Nafarroako ordezkaria, Adolfo Arejita idazkaria, Miriam Urkia Gipuzkoako ordezkaria eta Jean-Baptiste Coyos Iparraldeko ordezkaria.