Ezohikotasunean, elkarlanaren indarra erakutsi du Sopela eta Leioako ikastolen Ibilaldiak
Ez da betiko jai jendetsua izan, osasun egoerak horrela behartuta, baina giro ezin hobeagoan ospatu da igande goizean Sopelan bertako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolen aldeko Bizkaiko ikastolen jaia. Ekitaldian 2022ko Ibilaldia antolatzeko lekukoa eman zaio Bilboko Abusu ikastolari.
Eguraldia bidelagun, eguna polita oso atera baita, aurtengo Ibilaldia ospatu da igande goizean Sopelan, ‘Kalakalata!’ leloarekin. Halabeharrez, erabat ezohikoa suertatu da, covid-19ren aurkako neurriak betez: ez ibilbiderik, ez kontzertu erraldoirik, ez janari eta edari zerbitzurik.
Goizean goizetik, eguzkiaren lehenengo izpiak agertu direnetik, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako lagunak batzen hasi dira Sopelako lau guneen atontze-lanak egiteko.
Harrera-ekitaldiarekin eman diote hasiera jaialdiari, 09.15ean, Ander Deuna ikastolan. Bertan izan dira, besteak beste, Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua; Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Lorea Bilbao, Bizkaiko, Euskara eta Kultura diputatua; Paul Bilbao, Kontseiluko idazkaria; Josu Landaluze Sopelako alkatea, Iban Rodriguez Leioako alkatea, udal bietako zinegotziak, ikastoletako idazkariak eta gizarte eragileetako ordezkariak.
Berbaldian parte hartu dutenak bat etorri dira esatean euskararen berreskurapen-lanak trabak dituela eta atzerapausoak ematen ari direla gune askotan. Horren aurrean, elkarlanerako deia egin dute, eta nabarmendu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela instituzio eta gainerako eragileen arteko elkarlana euskararen berreskurapen eta erabileraren urrats sendoak emateko.
Azkenik, ekitaldiaren amaieran, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariek Bilboko Abusu ikastolako lehendakariari pasa diote Ibilaldiaren lekukoa, zentro horrek hartuko baitu datorren urteko jaialdia antolatzearen ardura.
Ibildearen ordez, guneak
Pandemia bete-betean, ibilbiderik gabeko Ibilaldia izan da aurtengoa. Hala, lau gune nagusitan banatuta, 10.00etatik hasita, askotariko tailerrez eta ikuskizunez gozatzeko parada izan dute aldez aurretik izena emana zuten herritarrek. Izurriteari aurre egiteko ezarritako osasun-neurriak bermatzeko aukera ematen duten lekuak hautatu dituzte antolatzaileek lau guneok ezartzeko, eta aktibitate mota bi antolatu dituzte horietan guztietan: bata, parte-hartze zuzena eta aktiboa eskaintzen duena; eta bestea, ikuskizunak, pasiboagoa eta ikus edo entzutea eskatzen duena.
Aurreikuspen guztiak bete dira gune guztietan, antolatzailean esanetan, eta aldez aurretik izena eman duten 1.800 lagunak hurbildu dira bakoitzari zegokion gunera, 200 pertsonetako txandetan banatuta; lehenengo txanda 10.00etan hasi da, 12.00ak arte, eta bigarrena, aldiz, 12.30ean, 14.30era artekoa. «Errespetua izan da nagusi guztietan, eta txandak eta segurtasun-tarteak mantendu dira uneoro», aipatu digute.
Era berean, parte-hartze librea eskaintzen zuen azokan jende mordoa batu da Sopelako udaletxearen aurreko plazan, 27 postutxotan salgai egon diren hamaika produktu ikusi zein erosteko. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aldez aurretik egindako lana agerian gelditu da, eta ez da inolako arazorik egon gune batean ere ez.
Igandekoa egun handia izan den arren, baina Ibilaldiaren jarduna ez da amaitzen. Izan ere, datorren astean, ekainaren 5ean, Burdin Hesia ezagutzeko ekimena egingo dute DBHko ikasleekin batera. Horretan, aldez aurretik landutako gerra zibil garaiko adierazpen kulturala aintzat hartuko dute, besteak beste.
Aurtengo Ibilaldia ez baita egun bakarrera mugatu, aurreko asteetan hainbat ekitaldi antolatu eta gauzatu direlako. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, berriro ere, esperientzia oso aberatsa izan da bi ikastolen artean Ibilaldia antolatu izana. Ildo horretan, azpimarratu dute hezkuntza- eta hizkuntza-arloan dituzten erronkei aurre egiteko behar-beharrezkoa izango dela bi zentroen arteko elkarlana, bide bera ibiltzen jarraitzea. «Gaurko egunekoa, eta aurreko hilabeteetan egindako bidea ere, izan daitezela gure ale-ekarpen txikiak euskaraz eta euskal kulturaz
bizitzeko, eta baita hainbat ekimenez euskaraz gozatzeko ere», aldarrikatu dute.
Tellitu: «Kosta ala ahala kosta defendituko ditugu ikastolak»
Hasiera ekitaldia amaitu aurretik datorren urteko Ibilaldia antolatzeko lekukoa eman diote Bilboko Abusu ikastolari eta itxaropentsu azaldu dira, «urtebete barrukoa berezia izango dela», iragarri baitute antolatzaileek. Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, ekitaldian aipatu duen legez: «Iaz bezala, aurtengo Ibilaldia ere ezin izan dugu nahiko genukeen moduan antolatu, baina iaztik hona urrats bat gehiago egin dugu, eta egoerari egokitutako Ibilaldia izango da gaurkoa. Euskarari eta euskal kulturari eskainitako plazak dira gureak, eta horri eutsi nahi izan diogu, eta egunean bertan egiterik izango ez ditugun hainbat gauza aurretik egin ditugu».
Ikastolen elkarteko lehendakariak gogora ekarri du, era berean, Estatu frantseseko Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legeari ezarri dion ebazpen lazgarria. Larunbatean Baionako karriketan aldarrikatu zena berea eginez, argiki adierazi du Tellituk ikastolen iritzia:«Euskal Herriko Ikastolen komunitateko kideok kosta ahala kosta defendituko ditugu gure ikastolak, murgiltze eredua eta Euskal Herrian euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea. Euskal Herriko Ikastolen komunitateko kideok euskaraz hezi eta bizitzeko asmoari tinko eutsiko diogu, orain arte egin dugun moduan, eta gauza bera egin dezazuen eskatzen dizuegu Euskal Herriko erakunde, hautetsi, alderdi politiko, sindikatu, hezkuntza eta euskalgintzako eragileoi eta herritar guztioi».
Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Trebiñun euskarak ofizialtasuna behar duela aipatu du, eta are gehiago: «Babesa eta bultzada». Euskal Herria bere osotasunean landuko duen «hezkuntza sistema bat nahi dugu», aipatu du. «Helburua hori izanik urratsak egin daitezke. Eta uneotan, argi dugu, urrats handi bat litzatekeela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako hezkuntza lege berri bat gauzatzea», jarraitu du.
Bestalde, pandemiak hezkuntzan sortutako egoerari ere heldu dio Tellituk: «Orain, ekaitza amaitzear dela dirudienean –aipatu du–, gai garrantzitsu honi ere heldu behar zaio. Murgiltze ereduaren ezarpenari, euskal curriculumaren garapen eta hedapenari, euskararen erabileraren eta kalitatearen beherakadari, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzeari, erantzun behar diegu, eta azken urteotan, baina bereziki azken bi ikasturteotan nabaritu dugun eta hurrengo urteetan areagotuko den jaiotza tasaren beherakadari. Eusko Jaurlaritzak neurriak hartzea behar dugu, hezkuntza-sistema osoak aurre egin diezaion jaitsiera horri. Eta bai horrentzat eta bai aipatutako gai guztientzat erantzun eragingarri bat behar dugu, eta erantzunik eragingarriena hezkuntza lege bat da, egun ditugun erronkei eta etorkizunean etorriko direnei aurre egiteko gai izango den hezkuntza lege bat».