INFO
Entrevista
Ruben Vitoria Aguirrezabala
Surflaria

«Caparicako garaipena bilatutakoa izan da; lesio baten ostean lan handia egin eta lortu dut»

Ruben Vitoria Aguirrezabala zarauztarra da eta 22 urte ditu. Lagunek «Benru» esaten diote. Portugalen 3.000 puntuko QS txapelketa bat irabazi berri du eta Europako rankingeko lehen hamar postuetan sartu da. Pandemiak Australian atzeman zuen, baina lesio baten ondorioz etxera itzuli behar izan zuen.

Ruben Vitoria, surfean.

Goi mailako lehiaketan 2018. urtean hasi zen eta hasiera ezin hobea eman zion denboraldiari, Kanaria uharteetako Las Americas urautsian 1.500 puntuko QS lehiaketa irabazi baitzuen. Ordutik denbora eta gauza asko pasatu da; besteak beste, pandemiak Australian harrapatu zuen Vitoria eta han pasatu zuen itxialdi garaia. Lesio batek etxera itzularazi zuen eta etxean zela bigarren lesio bati aurre egin behar izan zion, baina oztopo guztiak gainditu eta 3.000 puntuko QS txapelketa irabazi zuen Portugalen, maiatzaren 23an.

Egun, Europako QS rankingean 11. postuan dago, baina bere aurretik dagoen Leonardo Firoravanti italiarra CT itzulian denez, lehen hamar surflarien artean balego bezala da, eta hori da, hain zuzen, epe motzera zarauztarrak duen helburua, Europako itzulia osatzen duten hiru txapelketen ostean rankingeko lehen hamar lehiakideen artean egotea, horiek izango baitira Challenger Series itzulian parte hartu ahal izango dutenak.

WSL erakundeak aurten ezarri duen formatu berriaren arabera, lehenik surflari bakoitzak bere kontinenteari dagokion itzulian lehiatu behar du eta, jarraian, lehen hamar sailkatuek Challenger Series lehiaketetan parte hartu ahal izango dute. Horien artean puntu gehien biltzen dituztenek datorren urtera begira lehen mailan (CT) aritzeko plaza eskura dezakete. Hori da Vitoriak eta goi mailan dabilen beste edozein surflarik duen ametsa eta azken helburua.

Caparicako garaipenak Europako rankingean gora egiten lagundu dizu. Sekulako puntuazioak lortu zenituen txapelketan zehar, baita finalean ere; epaileek 9,40 eta 9,13 puntu eman zizkizuten. Zer moduz sentitzen zara?

Oraindik sinetsi ezinik nago, oso pozik. Aste luzea izan zen. Olatu txikiak izan ziren; udarako egun arrunt batean bezala, egunero goiz jaikitzen ginen lehen surf saioa egiteko. Oso nekatuta amaitu dut. Ez naiz benetan konturatu zein nekatua nengoen etxera itzuli arte. Etorri naizenetik ez dakit zenbat ordu lo egiten ditudan....

Tenerifen 2018an irabazi zenuen txapelaren eta Caparican irabazitakoaren artean zer desberdintasun dago?

Oso garaipen desberdinak dira, oso sentsazio desberdinak. Tenerifen hasi berria nintzen QS zirkuituan. Mundu hori berria zen eta ezusteko garaipena izan zen; goi mailan hasi eta garaipen bat, ez nuen sinesten, erokeria zen. Oraingo garaipena, ordea, bilatutakoa izan da, gehiago landu dut; lesio baten ostean lan handia egin dut, asko sufritu dut, baina bilatutako emaitza lortu dut.

Zer lesio izan zenuen?

Lesioa abenduaren 19an egin nuen; ezker oineko behatz potoloa hautsi nuen; zehatzago, metatartsoa, eta operatu egin ninduten. Lau hilabete surf egin gabe egon nintzen eta duela bi hilabete hasi nintzen berriz itsasoratzen, baina eragozpenik gabe soilik duela hilabete batetik ari naiz surfean.

Pandemia garaian entrenatzeko arazoak izan zenituen?

Iazkoa niretzat urte kaotikoa izan da. Pandemiak Australian harrapatu ninduen. Euskal Herrian itxialdian zinetenean bizitza normala egiten genuen han, baina maiatzean sorbaldako klabikula dislokatu nuen. Han operatu ninduten eta horren ostean etxera itzuli nintzen.

Surf egiten hasi aurretik, lau hilabete izorratuta egon nintzen. Hortik aurrera etxean lasai egon nintzen, zeren ezin genuen bidaiatu, ez zen lehiaketarik; beraz, etxean geratu nintzen entrenatzen, eta justu abenduan berriz lesionatu nintzen. Bizitza osoan inoiz ez dut lesiorik izan eta iaz bi lesio izan nituen, bata bestearen atzetik.

Orain Getxon nago, Basque Teameko goi errendimenduko zentroan. Hor aritu naiz entrenatzen, egun osoa gimnasioan sartuta. Basque Team olinpiadei begira euskal kirolariak entrenatzeko zentroa da eta, beste kiroletan bezala, surfean ere proiektu bat dute. Orain bost laguneko taldea gara; Getxon aritzen gara Ariane Ochoa, Bitor Garitaonandia, Iker Amatriain, Janire Gonzalez eta ni.

Etxean zaudenean non maite duzu itsasoratzea? Zeintzuk dira zure olatu kuttunak Euskal Herrian eta munduan?

Euskal Herrian Izuztarri (Roka Puta) maite dut eta mundu mailan, entrenatzeko Kalifornia leku egokia da; Lowers, adibidez. Tuboak egiteko, Indonesia; Lakey Peak, Bali uhartean; hor inguruan dozenaka olatu on daude, ezingo nuke bat hautatu. Eta, noski, bada joatea gustatuko litzaidakeen leku mordoa; Mexikon, esate baterako, Barra de la Cruz inguruko eskuin olatu luzeak, tubo borobilekin.

Eskuin olatuak edo ezker olatuak nahiago dituzu?

Surf librea egiten dudanean nahiago ditut eskuin olatuak, baina txapelketarako ezker olatuetan hobeto moldatzen naiz, erosoago sentitzen naiz bizkarka egiten.

Nolako olatu mota maite duzu?

Niri, egia esan, denetariko olatuak gustatzen zaizkit. Metro erdiko olatuetatik hasi eta bost metroko olatuetara, dena gustatzen zait, baina aukeran tuboak eta olatu indartsuak maite ditut. Zenbat aldiz amestu ote dut Izuztarriko olatuekin...

Olatu handietan ere aritzen zara. Negu honetan izan den itsaski handienarekin ez ziren asko izan itsasoratu zirenak, baina zu Izustarrin izan zinen...

Egia da, jende gehiena kanpoan geratu zen, baina saio on bat izan zen; esperientzia ederra, benetan. Ongi moldatzen naiz olatu handietan.

Olatu handietan sustoak ere izango zenituen?

Ba, egia esan, ez. Zorte handia dut, ez dut inoiz sustorik izan. Txikitatik esperientzia onak izan ditut, zeren zorionez egoera zailetan oso lasai egoten naiz. Azken itsasaldi handian, esaterako, sekulako erorketa izan nuen eta egurra jaso nuen, baina lasai nengoen. Ur azpiko astindu bortitzak, bai, izan ditut, baina ederra ere bada; adrenalina apur bat ona da.

Halako egoeretarako ere prestatzen zara?

Oso sasoi oso onean nago. Igeriketa asko egiten dut. Apnea lantzen dugu, baina ez dut oso ongi menderatzen. Aldiz, fisikoki oso ongi egoteak asko laguntzen du. Batez ere, lasai egoteko gaitasunak laguntzen nau; horregatik izaten ditut saio ederrak.

Zer da surf saio on bat zuretzat?

Bereizi behar da entrenatzen edo «free surf» egiten den. Entrenamenduetan lehiaketa txandak antzezten ditugu; beraz, entrenamendu saio on bat da ahalik eta olatu gehienetan ahalik eta puntu gehien biltzea. Hortik kanpo, niretzat saio perfektua zera litzateke, lagunekin olatu oso onak hartzea, lasai, jenderik gabe, surfarekin gozatzen, hori da surfaren esentzia...

Beraz nahiago duzu lagunekin surf egin bakarrik baino. Batzuek nahiago izaten dute bakar-bakarrik egon eta olatu guztiak hartzeko aukera izan...

Ez da nire kasua; ez zait gustatzen bakarrik surf egitea. Begira, azken lesioa bakarrik surf egiten ari nintzela izan nuen. Eskerrak ez zen larria izan. Lagunekin askoz gehiago gozatzen da, olatuaren zain zaudenean saioa komentatzen, txantxetan...

Zeintzuk dira zure surflari kuttunak Euskal Herrian eta munduan?

Euskal Herrian, zalantzarik gabe, Aritz Aranburu. Urteak pasa eta, hala ere, edozein egunetan harrituta uzten gaitu. Mundu mailan, ostera, Kelly Slater, gauza bera, urteak pasa eta lehen mailan jarraitzeko ahalmena du. Europa mailan Jorgann Cousinet gustatzen zait. Gertutik jarraitu dut, oso langilea da, berekin identifikatua sentitzen naiz.

Nesken kategorian Nadia Erostarbe hautatuko nuke. Itzelezko surfinga ari da erakusten eta erreferentzia bat da. Mundu mailan, Caroline Marcs australiarra; sekulako teknika du.

Negua pasatzeko biotako bat hautatu behar bazenu, zeren alde egingo zenuke: taula txar bat eta ur jantzi on bat edota taula on bat eta ur jantzi txar bat?

Uf! Galdera zaila! Zer da taula txar bat? Duela hamar urteko ‘patata’ bat? Galdera hori oso zaila da; gainera, ni oso hozbera naiz. Negua ur-jantzi txar batekin, puf.... baina pentsatzen jarrita, taula txar batekin ere latza... Nik uste dut taula on batekin surf saio laburrak egitea hautuko nukeela.

Etorkizunera begira, belaunaldi berriak nola datoz?

Maila badago. Hor daude Amatriain anaiak eta Keoni Lasa Zarautzen, eta Donostian Odriozola anaiak. Sekulako maila dute, baina munduan ere gauzak gero eta zailago daude, itzelezko maila baitago, baina bai, kaña emateko harrobia badago.

Aurrera begira, zein helburu ezarri dituzu?

Epe laburrera Psikologiako azterketak gainditzea. Aste honetan bertan ditut azterketak eta hori da nire lehentasuna. Surfean, Galizian izango den Pantin Clasic txapelketa daukat buruan; ahalik eta ongien iritsi eta ahalik eta ongien aritu behar dut Europako lehen hamar postuetan egoteko. Ikusiko dugu Challenger Series-erako sailkatzen naizen; horretarako gauzak ongi egin behar ditut.

Luzera begira, nik surf egiten jarraitu nahi dut; beraz, nire ametsa, azken helmuga, CT zirkuitura iristea da. Horretarako entrenatzen gara.