INFO

Larunbatean egingo diote omenaldia Gladys del Estali, 42. urteurrenean

Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak larunbatean omenduko dute duela 42 urte Tuteran Guardia Zibilak hildako Gladys del Estal ekologista donostiarra. Gipuzkoa hiriburaun, osasun egoerari moldatutako omenaldia eginen diote.

2019AN Gladys del Estali egindako omenaldia. (Jon URBE/FOKU)

Ostegun honetan, ekainak 3, 42 urte beteko dira Guardia Zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunaren jazarpen polizialaren baitan eta, urteurrena dela eta, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak larunbatean ohiko omenaldia antolatuko dute Gladys Enean. Datorren larunbatean izango da, ekainaren 5an.

Osasun-krisia dela eta, egoerara moldatutako omenaldia izanen da. Hitzordua, 12.30ean oroitarria dagoen lekuan izanen da eta ez, ohi bezala, parkeko ate nagusian. Hau da, iaz bezala aurten ere parkeko atetik monolitora egin ohi duten erromeria bertan behera geratuko da. Bertan, aurreskua, lore-eskaintza eta abestiak ez dira falta izango, noski, baina, oro har, ekitaldia ohi baino laburragoa izango da eta partehartzaileen arteko distantziak mantendu egin beharko dira, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Gladysen lagun talde bat 12:00etan geratu da Boulevardean omenaldira bizikletaz elkarrekin joateko. Nahiz-eta ez den bizikleta-martxa bat izango, gerturatzen den edonor «ongi etorria» izango dela azpimarratu dute.

«Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, guk Gladys gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako», azaldu dute antolatzaileek. Era berean, oraindik ere «aitortza ofizialik» ez dagoela ekarri dute gogora eta Lakua zein Iruñeko gobernuek eman dituzten urratsek «erresistentzia handiak» topatu dituztela salatu.

Horren aurrean, txalotu egin dute Konstituzionalak polizien eta ultraeskuindarren biktimak aitortzeko nafar legearen kontra PPk eta VOXek ezarritako helegitea atzera bota izana. «Bide horietatik aitortza inoiz iristen bada, ongi etorria izango da, baina iritsi ala ez, Gladysek inoiz ez du herritarron aitortza falta izango», azpimarratu dute.

Bestetik, nabarmendu egin dute «Gladys zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudela». Izan ere, «osasun-krisiak areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen-, kontsumo- eta bizi-modu aldaketa baten beharra».

Iaz egoera berezian egin zuten omenaldia eta 2019an, are bereziagoa izan zen egoera. Izan ere, Donostiako Udalak 8,40 euro eskatu zizkion Eguzkiri omenaldia antolatzeagatik.