Zuazon zortzi denboraldi egin ostean, Bera Beran jokatuko du Maddi Aalla atezainak
2021-2022 denboraldiari begira, bigarren fitxaketa iragarri du Bera Berak astearte honetan. Maddi Aallak Donostian jokatuko du hurrengo sasoian Zuazon zortzi denboraldi egin ostean. Errespetuz hartzen du erronka berria baina, era berean, ilusioz beterik iritsi da atezain bizkaitarra.
Aurtengo denboraldia amaitu berri, hurrengora begira buru-belarri dabil Bera Bera. Eta bide horretan, pasa den astean jada jakina zen June Loidiren fitxaketaren berri eman bazuen, astearte honetan Zuazotik datorren Maddi Aallaren iritsiera iragarri du klub donostiarrak. Oraingoz egin dituen bi fitxaketak Zuazotik datoz, alegia.
Tati Garmendiarekin batera eman du prentsa agerraldia hurrengo denboraldian Alice Divarekin batera atea defendatuko duen atezainak. Klubeko arduradunak nabarmendu du, presioa uxatze aldera, Aalla ez dela iritsi «inor ordezkatzera». Izan ere, Renata Arrudak hiru denboraldi hauetan utzi dituen sentsazio hain positiboek errespetua zor dezake jokalari iritsi berrian.
Maitane Etxeberria, Laura Hernandez eta Maria O'Mullonyren adin berekoa da eta hauekin, jubenil mailan, Espainiako selekzioan kointziditu zuen gorliztarrak. Era berean, Garmendiak azpimarratu nahi izan du «gure aurka beti bikain aritu izan» dela. Urtebeterako hitzarmena sinatu du.
«Oso pozik» eta ilusioz beterik dago Maddi Aalla: «Aukera oso polita da». Erronka berria suposatzen du berarentzat eta errespetuz hartzen badu ere, «taldearen helburuak lortzen laguntzera» datorrela ziurtatu du.
Talde txapeldun batera iristea, garaikurrengatik borrokan egotea eta Europan jokatu ahal izatea erakargarri zaio 24 urteko atezainari eta onartu du «oso zaila» izan dela Zuazo atzean uztea. Bertan eman ditu azken 8 denboraldiak, horietatik 6 Ohorezko Mailan. Aurtengo denboraldia bereziki zaila izan dela onartu du, klub bizkaitarrak iragarri zuen arazo ekonomikoen ondotik. Bigarren kapitaina izan da azken urteetan eta etxean bezala aritu da bertan baina «etapa bat bukatu dela sentitzen» zuela nabarmendu du. Berarekin batera, Ainhoa Hernandez kapitainak, June Loidi eta Maider Barrosek ere taldea utzi dute eta hala, itxura guztien arabera, Ohorezko Mailan jarraituko duen taldearen osaketa lanetan dabil Barakaldoko kluba.
Etapa bat bukatu eta beste bat hasiko du Donostian, etxetik hurbil dago eta hori ere pozgarria da. Bera Beran ere ondo egokituko dela aurreikusten du Aallak, «jokalari asko ezagunak baititut eta horrek ez dit beldurtzen». Jakitun da lana egitea egokituko zaiola baina prest ikusten da, mentalki indartsu izatea lagungarri izango zaiolakoan da.
Aipatu legez, oraingoz bi fitxaketa iragarri ditu Bera Bera eta biak ala biak Zuazotik datoz. June Loidiren iritsierarekin, Manuela Pizzok taldea uzten du, hala nola Renata Arruda atezainak –Europako talde batera doa– eta Nekane Teres piboteak ere –honek eskubaloia uzteko erabakia hartu du–. Ikusteke dago, taldearen osaketa lanetan, beste pibote bat fitxatzen duen Bera Bera.
Talde donostiarrak bere zazpigarren liga irabazi du amaitu berri den denboraldian. Neurketarik galdu gabe altxatu du garaikurra eta guztira, ligako azken 38 partidak erreskadan irabazi ditu.