INFO

Xabier Anduaga tenore donostiarra, abeslari gazte onena Opera XXI Sarietan

Xabier Anduaga tenore donostiarra eta Emilio Sagi, Arriagaren arduradun izandakoa, sarituak suertatu dira Opera XXI sarien hirugarren edizioan. Era berean, Riccardo Frizza italiarrak musika zuzendaritzarik onena jaso du Euskalduna jauregiko ‘Lucia di Lammermoor’ operagatik.

Xabier Anduaga iazko Musika Hamabostaldian. (Iñigo URIZ / FOKU)

Espainiar Estatuko lirikako saririk garrantzitsuenak dira Opera XXI. Sariak. Epaimahaiaren erabakia Madrilgo Zarzuela Antzokian egindako prentsaurrekoan jakinarazi da astezken honetan eta prentsaurrekoan nabarmendu denez, sari hauen helburua izan da «ezohikoa izan den denboraldi bati behar duen garrantziari balioa ematea; iazkoa covid urakanak ustekabean zapuztu egin zen-eta».

Abeslari gazte onenaren sari nagusia Xabier Anduaga tenore donostiarrentzat izan da. Aurten sari ugari jasotzen ari da, 26 urteko kantari honek International Opera Awards sariak irabazi baitu abeslari onenaren atalean, besteak beste Teresa Iervolino, Roberta Mantegna eta Adela Zahariari abeslari gazteei gailenduta.  

Anduaga Donostian jaio zen, 1995ean, eta egun Madrilgo Errege Antzokian entseatzen dihardu, Carlos Alvarezekin batera, ‘Viva la mamma’ opera estreinatuko berri dute-eta.

Gazte-gaztetatik pianoa eta kantua ikasi eta gero, hamabost urterekin Donostiako Orfeoiko bakarlari izan zen, eta gero ikasten jarraitu zuen, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian lehenago eta Elena Barbé sopranoaren eskutik geroago.

2016an, nazioarteko ibilbidea abiatu zuen, Rossini eta Donizettiren operetako paper nagusiak hartuta, munduko antzoki eta jaialdi nagusietan. International Opera Awards sariak 2012an sortu zituen ‘Opera’ britainiar aldizkariak.

Bi sari ‘bizkaitar’

Bestalde, Riccardo Frizza italiarrak musika-zuzendaritzarik onena jaso du Opera XXI. sarietan; hauxe, Bilboko Euskalduna jauregian Donizettiren ‘Lucia di Lammermoor’-ren lanen buru izateagatik.

Gainera, Emilio Sagik bere ibilbide guztia azpimarratu nahi duen saria jaso du: berrogei urteko ibilbidea kultura-kudeatzaile eta eszena-zuzendari gisa, non, esaterako, Zarzuela Antzokian (1990-1999), Madrilgo Teatro Realean (2001-2005) eta Bilboko Arriaga Antzokian (2008-2015) zuzendari artistiko gisa egindako lan mardulagatik.

Ekoizpen berri onena Pucciniren ‘Turandot’ ekoizpenean jarritako «begirada futuristari» eman zion. Bartzelonako Liceu-n ikusi ahal izan zen 2019ko urrian.