Ikus-entzunezkoen euskal kontseilua sortzeko aukera
EAEn ikus-entzunezkoen kontseilua sortzeko lege egitasmoa aurkeztu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean. Euskal kontseilu independentea sortzea da helburua, komunikazio publikoa, pribatua, komunitarioa edo sare sozialetakoa arautzeko, Katalunian, Andaluzian edo Europako herrialde askotan bezala.
Maiatzean EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu zuen Gasteizko Legebiltzarrean ikus-entzunezko kontseilua sortzeko. 35 artikulu ditu guztira agintaritza independente bat aldarrikatzen duen testuak, eta EAEn aritzen diren titulartasun edo kudeaketa publikoko zein pribatuko ikus-entzunezko komunikabide guztiak arautzea eta zaintzea du helburu.
Izan ere, lege proposamenean azaltzen denez, «egungo euskal komunikazioaren eremuan ez dago baliabide publiko nahikorik komunikabide publiko eta pribatuen aniztasuna eta euren komunikazio-fluxuak arautzeko, kontrolatzeko eta kudeatzeko, erantzukizunez eta eraginkortasunez». «Horregatik, ezinbestekoa da erakunde espezifiko eta independente bat sortzea, gizartearen eta haren balioen ordezkari gisa, eta Legebiltzarrean eta Administrazioan dauden kontrol erakundeekin koordinatua», jasotzen du gizartearen esku izango den tresna bat sortzea «ezinbestekoa» dela dioen proposamenak, «herritarrek benetan jardun ahal izan dezaten komunikabideen sistema ikuskatzen».
Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztu zuen lege proposamena maiatzaren 24an. Aste honetan GARArekin hitz egin du lege honen garrantzia azaltzeko, izan ere, kontseiluak babestu egiten ditu herritarren eskubideak «arlo askotan, bermatzen duelako aniztasuna egon dadin ikus entzunezkoetan, demokratikoagoak izan daitezen».
Halaber, gutxiengoen eskubideak babesteko balio duela ohartarazi du, baita hizkuntza gutxituak ere. Testuan jasotzen den bezala, legeak «euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea eta zabaltzea» du helburu, «Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaren esparruan».
Agirrek dioenez, gaur egun kultura eta hizkuntzen transmisioa «ikus entzunezkoetan jokatzen da»; eta, legearen testuan azpimarratzen denez, «euskal gizartea teknologia berriek dakartzaten kanpo-parametroetara egokitzen ari da, baita bertan nagusi diren hizkuntza hegemonikoen eremura ere, hau da, gaztelerara, ingelesera eta frantsesera».
«Hizkuntza eta kultura hegemoniko horiek ere identitatea eraikitzen dute, eta hizkuntza gutxituak baztertzeko arriskuan jartzen dituzte», dio legeak, eta Agirrek Europako beste herri batzuetan gertatzen ari dena gogoratu du. Islandian, esaterako, ingelesak gero eta indar gehiago dauka. «Herri bezala ditugun premiak, bai arlo sozialean, bai kulturaren eta hizkuntzaren arloan, bai nortasunaren arloan, gaur egungo ikus-entzunezko sistemak ez ditu inondik inora asetzen», gaineratu du legebiltzarkide subiranistak.
Halaber, Nafarroarekin lankidetza sustatzea ere proposatzen du EH Bilduren testuak, «identitate eta hizkuntza adierazpen partekatu gisa»; baita Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoarekin ere, Mugaz Gaindiko Telebistaren Europako Hitzarmenaren babespean. «‘Euskal komunikazio esparrua’ esaten dugunean euskararen lurraldeari begiratzen diogu, betiere jakinda ditugun eskumenak Bizkaira, Arabara eta Gipuzkoara mugatzen direla», azaldu du Agirrek, Europako estatu askotan horrelako kontseiluak existitzen direla eta Bruselako agintariek horrelako erakunde independenteak babesten dituztela gogoratuta.
Antza denez, datozen asteetan Gasteizko Gobernuak bere irizpidea azalduko du proposamena aztertu ondoren, eta, Agirreren esanetan, Legebiltzarreko bilkuran eztabaidatuko litzateke udazkenean. Lakuaren iritzia oraindik ere ezaguna ez den arren –GARAk mezu bat bidali zion Kultura eta Hizkuntza Sailari baina ez du erantzunik jaso–, gogoratu beharra dago PSEk horrelako kontseilu bat sortzea proposatu zuela 2004an. Proposamena aurkeztu zuen garaian, gainera, antzeko kontseilu bat zegoen martxan Nafarroan, asko iraun ez zuen arren: 2001ean sortu zen eta 2011n desagertu.
Eragile independentea
Ramon Zallo EHUko irakasle emerituak gogoratu duenez, Nafarroako kontseilua baliagarria izan zen ereduzko kodeak ezarri eta herritarren kexei erantzuteko. «Arazoa Nafarroako ikus-entzunezko sektorearen ahulezia zen», azpimarratu du. Orain proposatu den legea «oso interesgarria» dela gaineratu du, besteak beste, Internet bidez ematen diren edukiak arautzeko neurriak jasotzen dituelako, adibidez, Youtube atariaren edo bestelako plataformen bidez.
EH Bilduren proposamenaren arabera, kontseiluaren eginkizunen artean egongo da lizentziak berritzeko baimenak ematea, «horien gaineko negozio juridikoak egiteko eta lizentziak ezeztatzeko edo azkentzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera».
Salvador Alsius Kataluniako ikus-entzunezko kontseiluko kide ohiak nabarmendu du lizentzien baimenak gobernutik kanpo dagoen erakunde batek kudeatu behar dituela, «neutraltasuna babesteko». EH Bilduk proposatutako testuak dioenez, kontseiluko kideak «ikus-entzunezko komunikazioaren arloan ospe eta esperientzia aitortua duten pertsonak izango dira, eta haien agintaldia ez da bat etorriko Legebiltzarraren agintaldiarekin». Osoko bilkuraren hiru bostenaren botoarekin hautatuko lirateke kideak eta «osaera orekatua» izango litzateke, betiere, arlo hauetatik datozen pertsonen artean: informazio eta komunikazio profesionala, ikus-entzunezko sorkuntza eta ekoizpena, unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntza espezializatua, eta kudeaketa publikoa.