INFO

Ostalariak, Baiona eta Biarritzen arteko errugbi partida telebistan emateko debekuaren kontra

Kasu kasu ostalariak kexu kolektiboko kideek telebista zaharrak ezarri dituzte Baionako suprefeturaren aitzinean, bihar Biarritz Olympique eta Aviron Bayonais errugbi taldeek jokatuko duten derbia telebistan emateko Prefetak ostalariei ezarri dien debekua salatzeko.

Ostalariek haien desadostasuna erakutsi dute Baionako suprefeturaren aitzinean. Bob EDME

Larunbat honetan, Biarritz eta Baionako errugbi taldeen artean jokatuko den partida garrantzitsua telebista bidez hedatzeko debekuaren aurrean haserre agertu dira Kasu kasu ostalariak kexu kolektiboko kideak, eta Eric Spitz prefetak ezarritako neurriak salatzeko ekintza sinbolikoa egin dute Baionako suprefeturaren aitzinean.

Osasun krisia aintzat hartuta eta jende pilaketak sahiesteko helburuarekin, bi dekretu argitaratu zituen Eric Spitzek, Pirinio Atlantikoetako prefetak, pasaden ekainaren 9an. Batetik, Biarritz eta Baionako karriketan alkohola edateko debekua ezarri zuen ekainaren 12rako, 16:00ak eta gauerdia bitartean. Bestetik, Lapurdiko kostaldeko herri guztietako ostatu, jatetxe eta kafetegietan Baiona eta Biarritzen arteko errugbi partida telebista bidez hedatzeko debekua ezarri zuen.

Gauzak honela, Baiona, Biarritz, Angelu, Bidarte, Getaria, Donibane Lohizune, Ziburu, Urruña eta Hendaian publikoari irekiak diren ostatuetan ezin izango da errugbi partida «historikoa» eskaini. Kasu kasu ostalariak kexu kolektiboko kideek prefetaren erabakia ez dutela ulertzen jakinarazi dute eta haien haserrera erakusteko telebista zaharrak, globoak eta Biarritz eta Baionako errugbi taldeetako afixak ezarri dituzte suprefeturako sarreran, megafonia baten bitartez haien kexak azaltzen zituzten bitartean.

Prefetaren debekuek hautsak harrotu ditu herritar zein ordezkari polikoen artean. Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak, esaterako, bere desadostasuna azaldu zuen publikoki France Bleu irratian egin zioten elkarrizketa batean. Edonola ere, larunbatean 17:30ean Biarrizko Aguilera estadioan jokatuko den partida garrantzistua da, datorren denboraldian Top 14 goreneko lehiaketan parte hartu ahal izateko txartela baitago joakoan, eta ondorioz, 1.500 herritarrek partida kalean ikusteko pantaila erraldoi bat ezarriko du Baionako udalak Jean-Dauguer estadio zaharraren ondoan.