INFO

Konbentzioak zalantzan jarri dituztenen arteko konexioen bila

Bilboko Guggenheim museoak udarako prestatu duen eskaintza bidaia moduko bat da: bisitaria, 1920ko hamarkadako «urte eroetara» eta XIX. mendeko Bilbora eramateaz gain, bertako bilduma propioan murgiltzera gonbidatzen du «Asmamenaren ildoa» lagin bitxiak.

Yoko Onori buruzko atzera begirako erakusketa Guggenheim Museoan, 2014an. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Hemen bildutako lanak konbentzioak zalantzan jartzen dituzte. Belaunaldi eta garai desberdinetakoak diren arren, konexioak bila daitezke beraien artean. Desberdinak dira, baina badituzte loturak». Hala esan du Juan Ignacio Vidartek, Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak, “Asmamenaren ildoa” erakusketan hartzen dituen hiru aretoetako lehenengoaren atarian... eta ezin uka, bisitariak bertan aurkituko duena hari ikusezin batekin josia dagoela dirudiela. Ezin da ukatu ere arte garaikideko lehen mailako izenez osatuta dagoela museoaren bilduma.

“Asmamenaren ildoa”-k museoaren bildumako obra-sorta bat eta epe luzerako maileguan dauden beste lan batzuk biltzen ditu, guztiak asmamen handikotzat eta esperimentaltzat jo daitezkeenak. Yoko Ono, Cristina Iglesias, Gerg Baselitz, Antonio Saura, Alex Katz eta Julian Schnabel, horren adibide. Belaunaldi desberdinetako artistak dira, baliabide desberdinekin lan egiten dutenak.

Aukeraketak bildumako pieza adierazgarri batzuk batzen ditu, apenas ikusgai jarritako batzuk, publikoarentzat ezagunagoak diren beste batzuekin batera. Hautatu dituzten egileek jakinguraz erabiltzen dituzte ezohiko material eta teknikak, eta horietako askok, era ludikoan, asmamena eta umorea erakutsiz, desafio egiten diete konbentzio estetikoei.

Lekha Hileman Waitoller arte-arduraduna komisario duen lehenengo erakusketa da hau. Chicagoko Arte Institututik etorria, 2019ko urrian hasi zen Bilbon lanean. Hiru aretotan banatuta dagoen erakusketa honetarako,  «ohiko eremutik at» dauden egileak elkarren artean “hizketan” jarri ditu.

Lehenengo aretoan, “Tradizioari desafio egiten” proposamena. Izkina batean Cristina Iglesias donostiarraren “Titulurik gabea (Alabastrozko Gela, 1993)” izenekoa dago. Hegan dagoela dirudi, alabastroan egina, xafla bat izango balitz bezala. Honela azaldu du Lekha Hileman Waitollerrek: «Eskultura hau zoragarria da, oso interesgarria eta berezia, nolabait eskultura aldatu egiten delako pertsona bat barruan dagoenean. Osagai arkitektoniko asko daude hemen».

Areto berean, Alyson Shotzen “Gogoeta-objektua” (Object for Reflection, 2017) eskultura dago. Altzairuzko uztaiekin lotutako aluminio zulatuzko hamaika piezaz osatua dago. Urrutitik, eskultura astun eta handia dirudi objektuak, baina arretaz begiratuz gero, materiala zein zeharrargia eta malgua den antzeman daiteke.

Yoko Onotik Schabelera

Neurri handikoa da “Hichiko Happo” (2014). Yoko Onok 2014an Bilboko museoak eskaini zion atzerabegirako erakusketarako sortu zuen pintura da, orduan egindako performancean eginikoa. Artistak “Zazpi zori eta zortzi altxor” esaera margotu zuen, japonieraz, obra osatzen duten bederatzi mihiseen gainean.

Eta aretokoa osatzeko, Peter Fischli eta David Weiss artisten “Gauzen norabidea” (Der Lauf der Dinge, 1987) pieza. Pantaila handi bat hartzen du, eta oso deigarria da eguneroko osagaiekin osaturiko jolasa. Bi urte eman zituzten bideolan hau egiten. Itxura sinplea duen film hau hutsegite prestatuen sekuentzia bat da; erorikoak, isuriak eta eztanda txikiak jasotzen ditu, etenik ez duen kaos kontrolatu bat sortzeko.

Bigarren aretoak, “Irudikapen-moduak” izenpean, obra figuratibo sorta bat biltzen du. Artistek giza formaren gaiari heltzeko dituzten modu desberdinak irudikatzen dituzten obrak dira, gehienak seriean errepikapena eginik.

Georg Baselitzen “Lenin andrea eta urretxindorra (Mrs. Lenin and the Nightingale, 2008)” hamasei mihiseko sail ikonikotik egindako hautaketa bat dago ikusgai... buruz behera dagoena, hala egin baitzituen Baselitzek; azpikoz gora aldatu zuen erretratuaren genero tradizionala figurak alderantziz irudikatuz. «Baselitzek zioen bere obretan irudiak alderantzikatuta margotzeak behatzailearengan urruntasuna sortzeko balio ziola, hark arreta handiz behatu behar baitzuen edukia», komisarioaren hitzetan. Oso ospetsua da, esaterako, ondoan dagoen Alex Katzen “Irribarreak” (Smiles, 1994). Saila osatzen duten hamaika mihiseetatik hautua egin da erakusketa honetarako.

Hirugarren aretoan “Materialak eta metodoak” hautaketa dago. Aretoak biltzen dituen obra abstraktuak asmamen handikoak dira metodo eta materialetan, eta beren mugetatik harago eramaten dituzte artearen baliabide desberdinak. Egile batzuek material ezohikoak baliatzen dituzte; besteak beste, pintura komertziala, zeramikak, edo arbela eta klera. Horren adibide, Julian Schnabelek 1979an, Bartzelona bisitatu ondoren egindako “Espainia” (Spain, 1986) monumentala. Gaudiren mosaikoak adibide hartuta, plater hautsiekin osatu zuen lan ikusgarria.