INFO
Entrevista
Jokin Altuna
Aspeko aurrelaria

«Iazko finaletik beste pertsona eta beste pilotari bat naizela uste dut»

Final bat jokatu atarian aurkaria nor den jakin gabe aritzea ez da batere normala. Baina, gaiaren inguruan uste dituenak nahikoa argi utzi zituenez, bestelako kontuez aritzeko aukera polit bat ere izan daiteke, esaterako 25 urteko gazte batek nola eraman duen presio guzti hori pandemiaren erdian.

Jokin Altuna Amezketako Larrunarri pilotalekuan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Soilik 25 urte eta bederatzigarren finala duzu igandekoa, zortzigarrena lehen mailan. Bada zerbait...

Bai, bada zerbait eta, egia esan, pozik nago oso; azkenaldian dezente ari naiz finaletara iristen  eta Binakakoan ez nintzen iritsi eta pena ematen dizu, baina, egia esan, baloratu ere egin behar da egindakoa. Ez naiz ari horretan pentsatzen, ze finala hortxe dago, baina poz latza ematen du. Ezin dut pentsatu beti horrela izango denik, ze gaizki ohitzen zara bestela...

Binakakoan ezker eskua oso ondo ez zenuela ematen zuen. Orain, berriz, bikain ari zara. Zer zen, zerbait fisikoa, lesioren bat edo mentala? Pilotaz ase zeunden agian?

Nire ustez, aurreneko fasean, Peñaren eta kontra bigarren partida galduta, aurretik joanda gainera, kolpe dezentea hartu genuen. Gero play-offean sartu ginen, gero finalerdietara eta pixka bat saturatu-edo egin nintzen. Ez nintzen iritsi nire punturik onenean. Askok esaten zidaten tantoa amaitzeko  garaian ez nindutela fin ikusten eta ez dakit zer... Justu Ekaitzek [Saralegi] eta nik horretaz hitz egin genuen eta biok berdin pentsatzen genuen. Nik uste dena bat dela: zuk sentsazio onak dituzunean tantoa amaitzeko garaian ere askoz errazago bukatzen duzu, baina momentu horretan minik ez nuen egiten, jokoan sartzen nintzenen ez nuen erritmoa aldatzen, minik ez nuen egiten eta, orduan, ez nintzen ondo sentitzen kantxan. Hilabete horretan pixka bat nire jokoa jaitsi egin zen, baina bukatu zen bezalaxe, entrenatzen hasi, mentalizatzen hasi beste txapelketa bat zela eta pixkanaka sentsazio  hobeak izan nituen egunero entrenamenduetan eta, egia esan, oso ondo iritsi naiz.

Minik orduan ez zenuen?

Txapelketan izan nituen, adibidez lehen itzulian, eskuetatik  justuago ibili nintzen uneak, baina partida ederrak atera zitzaizkidan eta gero, eskuak ondo izanda, ezinean. Baina buelta asko ere ez dizkiot eman, ez nintzen fin sentitzen. Nire eguneroko gauzak egiten jarraitzen nuen, aurtengo urtean gainera  dena oso jarraian izan da, ezinezkoa da erabat zure jokoa  puntuan mantentzea, baina  gustura nago. Gehienean behintzat oso ondo sentitu naiz, pena  hori badaukat, txapelketa hasieran oso ondo egon baina bukaera horretara justu iristea, baina ezin duzu dena  kontrolatu. 

Buruz gogorrena Binakakoa egin zait: zaleturik gabe, astez aste erabat txapelketa iguala eta pixka bat monotonoa... Buruz Burukoan beste tentsio bat sartzen diozu gorputzari

Askotan ahazten zaigu pertsonak ere bazaretela eta ezin dela beti ondo egon, are gutxiago horrelako urte batean.

Dudarik ez, urtea erraza ez da izan, hilabete asko eta kezka asko. Azkenean bizitza soziala egiten duzun momentuan ere buruari bueltaka, hona joan naiteke? Lagunekin egon behar badut, “igual gehitxo gara…”. Beldurra ematen dizu: kutsatzen bazara partidaren bat galdu dezakezu, agian kanporatuta geratzen zara... Ez da ez urte erraza izan.

Gero frontoira joanda ere… dena hutsik. Buruz gogorrena Binakakoa egin zait: zaleturik gabe, astez aste erabat txapelketa iguala eta pixka bat monotonoa, batere jenderik ez frontoian... Ez da erraza. Buruz Burukoan badakizu galtzen baduzu etxera zoazela eta zerorrek, nahi gabe ere, gorputzari beste tentsio bat sartzen diozu. Pilotariak ere desiratzen gaude jendea ikusteko frontoian eta ea laster ikusten dugun.

Burua distraitzen ere lanak...

Hori da, gurasoekin-eta horretaz askotan hitz egin dugu; albisteak agertzen direnean ez dakit zenbat gazte hemen bildu direla... Bale, gaizki dago, horixe dagoela gaizki legeak ez errespetatzea, baino tonto-tonto 23 urte genituela hasi zitzaigun birusaren gai hau eta azkenean kirolean eta ondo erantzuteko burua ere askotan pixka bat garbitu behar duzu. Eta aurten hilabete asko izan dira etxean, lagunekin  eta gutxi, plan asko egiterik ez, mugatuta gaude  kanpora irteteko ere... Psikologikoki ez dira hilabete errazak izaten ari.

Pentsatu duzu pandemia bukatuta orain egin ezin dezakezun lehen gauza zein izango den?

Puf, ba ez dakit, lasaitasuna, lagunekin edozein plan egin... Ez dakit. Ez naiz pentsatzen jarri,  baina, adibidez, parrandak eta ezin izan dira egin, baina ez daukat halakorik buruan horrenbeste. Gehiago da musukoa alde batera utzi, ordulariari begira egon beharrik ez izatea, gaur hau egiteko gogoa duzu eta egin, lagunekin edonora joan, mendira, hondartzara joatea, edo egun-pasa, trago batzuk hartzera joan… Sentsazioa da orain pixka bat lotuta gaudela, pixka bat lasaitasun eta askatasun hori izateko gogoa daukat.

Iazko finala oso jota amaitu zenuen. Gaurtik begiratuta, nola ikusten duzu une hura?

Nahiz eta egun horretan jota geratu nintzen, inola ere ez dut ikusten puntu beltz bat bezala. Iruditzen zait gertatu behar zuen zerbait zela, ez nituelako  ondo enfokatu gauzak partidaren aurretik eta ondo etorri zaidala pentsatzen dut. Iruditzen zait beste pilotari bat eta beste pertsona bat naizela egun horretatik aurrera, egia esan, hurrengo egunetan gaizki egon nintzen oso eta nire buruari esaten nion ea ba al zegoen  arrazoirik hainbeste sufritzen  egoteko, pena merezi al zuen hainbeste sufritzeak.

Iruditzen zait gertatu zaizkidan esperientzia onak eta txarrak, edo negatiboak, gertatu behar zutelako gertatu direla; nik kasualitateetan gutxi sinisten dut. Orduan, Erikek [Jaka] merezi zuen irabaztea eta nik esperientzia bat izan nuen asko ikasi dudana eta ondo etorri zaidana.

Gauzak gaizki enfokatu zenituela esan duzu, esaterako zer?

Orain, partida inportanteak eta ditudanetan, badakit batzuetan ondo aterako zaizkidala eta beste batzuetan ez hain ondo, baina  egunerokotasunean gehiago zentratzen naiz eta gehiago disfrutatzen ari naiz. Finalaren aurreko egunetan pentsamendu guztiak finalean jartzen badituzu, gero askotan lotu egiten zara, aurkaria aurretik jartzen zaizu eta hasten zara pentsatzen “igual galdu egingo dut…”. Eta galtzen  baduzu, ba galdu egingo duzu, baina ez zara pertsona desberdina izango eta zure biziak igual-igual jarraituko du aurrera. Pixkanaka, esperientzien bidez, eta zortzigarren finala  dut, ikasi egiten duzu gauza horiek enfokatzen. Badakit horrela segitzen badut eta final gehiago  jokatzen baditut, era guztietako esperientziak izango ditudala, baina beste era batera bizi ditut.

Iazko Buruz Buruko Txapelketarekin alderatuta erasokorrago jokatzen ari zara? Erik Jakak hala jokatuta irabazi zizun.

Iruditzen zait azkenean pilotari guztiak hobetzen goazela eta, pixka bat hobetzeko, gauzak aldatzen joan beharra daukazula. Eta bai, banuen txapelketa honetan  hasieratik  erasokorrago jokatu behar nuela buruan. Lau eta Erdikoan ere hala egin nuen. Iazko Buruz Buruko Txapelketa ona egin nuela uste dut, finala ere bai, baina agian klasiko samar jokatu nuen eta nire aurka oldarkor jokatu zutenen aurka sufritu egin nuen. Eta gaur egun ez dago atzerapauso askorik egiterik, eta intentzio horrekin joan naiz partidetara; ondo atera zait eta horrela jarraitu nahi dut.

Baikoko greba eta gero sortu zenuten pilotarien elkarte horretako kide ere bazara. Nola doa kontu hori?

Hiru hilabetez behin elkartzen gara enpresarekin hitz egiteko. Botileroen kontua ere, adibidez, elkartetik lortu nahi genuen  gauza oso garrantzitsu bat zen eta gauza batzuk lortzen ari gara. Gero hor mila gauza edo lege  ere badaude, barne erregimena eta. Hortaz guztiaz ere hitz egiten ari gara eta garrantzitsua iruditzen zait. Hortaz aparte, taldean zalantzaren bat dagoenean nora jo daukagu eta iruditzen zait pauso garrantzitsuak izan direla eta gerora begira ere hortik egin beharreko bidea interesgarria iruditzen zait.

Gorka artista hutsa da. Niri askotan gertatzen zait pilota hainbeste gustatzen zaidala, igual pixka bat latosoa ere banaizela gaiarekin, baina berarekin erraza
da, ze bera ere halakoa da!

Zure botilero berriak ere atentzioa eman digu...

Aurten lehen aldiz ari da eta egia esan gustura nago berarekin. Txikitatik ezagutzen dut Gorka [Altuna], lehengusua dut eta berarekin konfiantza handia daukat, pilotaz harago ere bai. Baina pilotari dagokionez ere egunero hitz egiten dugu, gureaz edo beste partidez, pilotari honetaz edo hartaz... Berari ere asko gustatzen zaio, bera ere pilotaria da eta gustua ematen  du. Niri askotan gertatzen zait  pilota hainbeste gustatzen zaidala, igual pixka bat latosoa ere banaizela gaiarekin, baina berarekin erraza da, ze bera ere halakoa da! Artista hutsa da, nerbio handikoa eta nik uste gainera  kantxara joaten denean erabat ahaztu egiten zaiola kamerak  edo mikroak gainean dituela eta entzun egingo zaiola. Erabat sartzen da eta hori gustatzen zait, erabat natural portatzen da eta asko laguntzen dit.

Ausardia ere behar da hain gaztea izan eta zuri aholkuak ematen aritzeko...

Ez da kikiltzen eta beti da horrela; gaizki jokatutakoan ere aurrenetakoa da gauza hau edo bestea zer iruditu zaion esaten eta asko laguntzen dit. Erabakiak hartzeko garaian ere berak badaki atsedenak hartu behar dituenean-eta, nahi duena egitea duela eta bera ere garrantzitsu sentitzen da.

Ekaitz Saralegirekin harremana mantentzen duzu?

Mantentzen dut erlazioa, gaur bertan egon naiz berarekin. Partida aurretik askotan eskuak egiten ditudanean laguntzera etortzen da eta partida bat edo beste daukadanean deitu egiten dit, edo aholkuak ematen dizkit. Egia esan, niretzat konfiantza osoko pertsona da eta asko laguntzen dit eta gustura. Eta bera ere nirekin hala dagoela uste dut.