INFO

Europako Etorkizunari buruzko Konferentziari ongi etorri eman dio Self-Determination Caucusek

Estaturik gabeko nazioen eurodiputatuek osaturiko Self-Determination Caucus delakoak txalotu egin du abian den Europako Etorkizunari buruzko Konferentzia. Asteburu honetan amaituko da Estrasburgon, besteak beste Carles Puigdemont hizlari delarik.

Caucus honen aurkezpena, urtarrilean. (EH BILDU)

Urtarrilean aurkeztu zen Self-Determination Caucusek ongietorria eman dio Europako Etorkizunari buruzko Konferentzia (CoFoE) abiarazteari. Europaren Egunean (2021eko maiatzaren 9an) hasi zen lanean, eta larunbat honetan Estrasburgon egingo den lehen osoko bilkuran parte hartuko du caucus honek.

«Konferentzia hori aukera paregabea izango da Europako herrien eta Europar Batsuneko erakundeen arteko tartea ixteko eta Europar Batasunaren erreforma sakon bati buruz hausnartzeko, benetan demokratikoa, jasangarria eta integratzailea den batasunerantz aurrera egin nahi bada», nabarmendu dute caucus honetan biltzen diren eurodiputatuak.

Haien artean EAJko Izaskun Bilbao eta EH Bilduko Pernando Barrena daude, François Alfonsi korsikarra, Antoni Comin, Clara Ponsatí eta Carles Puigdemont kataluindarrak eta Chris MacManus irlandarrarekin batera, besteak beste.

«Argitasunari buruzko Europako Lege baten beharra defendatuko dugu, demokraziaren, aniztasunaren, elkarrizketaren eta baterako erabakiaren bidez EBn autodeterminazioari buruzko gatazka demokratikoak konpontzeko tresna gisa. Europako Argitasun Lege hori, besteak beste, Irlandako Ostiral Santu Akordioan oinarrituta legoke, besteak beste», aipatu dute prentsa ohar batean.

Self-Determination Caucusek hiru kide izango ditu ordezkari moduan larunbateko jardunaldian: MacManus (Irlanda, Sinn Féin, The Left), Puigdemont (Catalunya, Junts, Talderik gabea) eta Solé (Catalunya, ERC Greens/EFA). «Beren lurraldea eta beren nazioa ordezkatuko dituzte, baina baita caucus osoa eta estaturik ez duten nazioak, gutxiengoak eta eskualde guztiak ere, Europar Batasun osoan autodeterminaziorako eskubidearen alde demokratikoki arituz», eman dute jakitera.

«Era berean, Europako etorkizunari buruzko Konferentziako osoko bilkuretatik haratago, Self-Determination Caucusek Europaren etorkizunerako ideia eta irtenbide zehatzak sustatu, defendatu eta aurkeztuko ditu –erantsi du–. Irailaren hasieran egingo den prentsaurrekoan jakinaraziko da jarduera eta ekitaldien berri».