INFO

Jokin Altuna: «Txapelak eguneroko lanari segitzeko gogoa eta ilusioa pizten dizkizu»

Etxekoek egindako harrerarekin pozarren eta «finala lasai iikusteko gogoz», Jokin Altuna «magoa» buruz buruko finalaren zapore gozoa ezpainetan azaldu da Amezketa bere herrian. «Ez nuen halako ongietorririk espero eta oso oso eskertuta nago amezketar guztiei», onartu du.

Amezketako neska-mutikoen idolo berria, Jokin Altuna «magoa», Buruz Buruko txapelduna. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Pozarren eta lasai –eta egun batzuetan lasai egoteko gogotsu–, Jokin Altunak igandean irabazitako Buruz Buruko bere bigarren txapela gozatzen jarraitzen du Amezketa bere herrian.

«Ez nuen halako ongietorririk espero. Udaletxean aurreskua ere egin zidaten eta udaletxera bertara igo arazi ninduten; bertso batzuek kantatu ere bai. Gero hitz batzuek esateko aukera izan nuen eta oso oso eskertuta nago amezketar guztiei», onartu du buruz buruko txapeldun berriak.

Igandeko finala ganoraz ikusteko aukerarik ere ez du izan, ospakizunak eta zorionak gainezka dituen egunotan. «Gogoa daukat etxera joan eta finala lasai ikusteko. Momentuan dena oso azkar joan zen: finala jokatu, sariak, elkarrizketak... handik ere di-da etorri, gero gurasoekin eta pixka bat afaldu nuen, baina orduan ere lasai egoteko aukerarik ez daukazu, eta berriz ere kalera atera nintzen. Partida nola bizi izan nuen lasai ikusteko gogoa daukat».

Finalari berari dagokionez, «gauza asko» ongi egin izanaren poza azaldu du altunak. «Sakatu eta errestatu ongi egin nituen, adibidez, baina nik garrantzia handiena ematen diot berak –Rezustak– pilotari eman zionean, partida aurreneko zatian eman ziola iruditzen zait, hala ere ez niola berari agintzen uzten», azpimarratu du.

Txapelketan aurrera egiteko konfidantza, berriz, Ezkurdiari irabazitako kanporaketa azpimarratu du txapeldun berriak. «Konfidantza plus bat ematen dizu Josebari irabazteak. Oso partida gogorra izan zen, bera oso lehiakorra baita, eta aurretik joanagatik ere, oso zaila eta gogorra egin zitzaidan. Handik aurrera, azkenengo bi partidetan oso oso ongi sentitu naiz», berretsi du.

Zeini eskaini, galderari erantzuteko berriz, «pertsona asko etortzen zaizkit», onartu du berriz amezketarak. «Dudarik gabe, nire aitona Joxeri, igandean esan nuen bezala, berarekin denbora asko pasa dudalako eta berak nigan asko sinesten zuelako, eta ezin izan duelako ikusi pena handia eman zidan. Hortaz aparte, Jokin Etxaniz, David Dominguez nire entrenatzaile pertsonala. Beraien lanean oso onak izateaz gain, pertsona bezala baloratzen ditut eta hargatik nago hain gustora beraiekin. Beraiek gabe ez nintzateke orain nagoen momentuan.

«Eguneroko lana» eta «gosea»

Zortzi final eta lau txapel baditu dagoeneko Amezketako «magoak», 25 urte bakarrik izanagatik. Hala ere, beste bat da bere balorazioa.

«Poza ematen du, baina emaitzak eguneroko lanari segitzeko motibazio bat dira eta ilusio handia egiten dizu. Txapel bat irabazteak ‘punch’ berezi bat ematen dizu eta aurreneko hilabete pare batean inspirazio berezi horrekin egoten zara . Hargatik, oso pozik nago eta batez ere, lanean jarraitzeko gogo handiarekin», azaldu du Altunak.

Izan ere, esan beharrik ere egongo ez den arren «txapel goserik» ez zaio asetu. «Egia esan, gauza oso polita da txapela, baina txapela lortzeko azkenean txapelketan zehar gauza asko egin behar dituzu ondo. Asteburuko partidan zentratuta egon ohi gara, baina astean zehar egiten duzun lanak asko balio du; horrek ematen dizu konfidantza eta hortan segi nahi dut. Gai naizela uste edut eta horrela lanean segitzen badut partida garrantzitsu gehiago ere izango ditudala», esan du, hurrengo Lau eta Erdikoari muzinik egiteke.

«Hain zuzen, 2018an irabazi nuenean banaka, hain justu aurreko urtean –Lau eta Erdikoa– irabazita neukan eta urte horretan galdu egin nuen finala. Polita litzateke urtea horrekin amaitzea! Baina tira, hori oraindik oso urruti dago eta hobe orain horri bueltaka ez ibiltzea eta uda disfrutatzea».

Igandean bertan Lau eta Erdiko Nafarroako Torneoko kanporaketa jokatu behar du Altunak orain, Atano III frontoian, Salaberriaren aurka. Hala ere, «hizpualau egunetan atseden hartzea» erabaki duela onartu du «ezker eskua kolpatuta» amaitu zuelako buruz buruko finala. «Hala ere, igandea berehala etorriko da eta entrenamentutxo bat behintzat egin nahi nuke» ordurako.

Bestalde, uda luzea eta beti gerriko gorria jantzita eraman beharko duela aintzat hartuta, lasaiago jokatzeko erronka luzatu dio bere buruari. «Aurrenekoz buruz buruko txapeldun izan ondorengo udan partida bakoitzean %120a ematera ateratzen nintzen eta hala, udaren amaierara ohi baino nekatuago iritsi nintzen. Eskarmentuak nik uste erakutsiko didala orain partida bakoitzean ni naizen bezalakoa izaten; beti jokatzen dudan moduan jokatuko dudala», azaleratu du.

Izan ere, «orain 25 urte dauzkat. Badaukat zer ikasia eta zer egina, baina lehen baino patxada handiagoz jokatzen dut. Nire partidak ikusten ditudanean, orain lehen baino naturalago aritzen naizela uste dut, huts egin edo gaizki jokatuta ere», azaldu du.