INFO

Zergatik egiten dituzte nerabeek ekintza krudelak edo jartzen dute bizia jokoan?

Gaur egun boladan dauden erronka biral arriskutsuek milaka nerabek beren edo besteen bizitzak arriskuan jartzea lortu dute, izan ditzaketen ondorio larriak kontuan hartu gabe, errealitate horrek heriotzak eragin baititu. 

Kyra Preston (UNSPLASH CC)

Adituek diotenez, erronkak partekatzeak beren artean konektatuta sentiarazten ditu helduen mundurako trantsizioan, eta trantsizio hori dolu bat baino ez da.

Garezur kraskagailua”, Aberaskume ehiza” “Vacuum challenge”, “Balea urdina”... Erronka biral arriskutsu horiek eta beste batzuek milaka nerabek beren edo besteen bizitzak arriskuan jartzea lortu dute, izan ditzaketen ondorio larriak kontuan hartu gabe. Errealitate horrek heriotzak eragin ditu. Zer izan dezake erakargarritik honelako ekintzak bideo batean grabatzeak?: nola jartzen dioten zangotraba lagun bati, nola jotzen dituzten klase altuko auzoetan bizi diren neska-mutilak, nola ontziratzen duten hutsean beren burua xurgagailu batekin edo nola zauritzen duten beren burua hainbat probatan, “Balea urdina” erronkak eskatzen zuen bezala. Adituek azalpen bat ikusi dute: erronkak partekatzeak beren artean konektatuta sentiarazten ditu helduen mundurako trantsizioan, eta trantsizio hori, egiaz, dolu bat baino ez da.

Hala azaldu du Enric Soler UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Psikologia graduaren tutoreak, eta nerabezaroa latinez adolescere esaten dela gogorarazi du, hau da, “hazten ari dena”, “zerbaiten falta duena”. «Haurren gorputza eta pribilegioak galtzearen eta helduen munduan integratzearen dolua da», adierazi du konplexutasun handiko doluan adituak. Gainera, nerabezaroko dolutik igarotzen diren bitartean, «oso bakarrik daude. Haurrek eta helduek ez dituzte ulertzen. Bizitza naturalaren zikloa helduen mundura jotzea da, eta etengabe erronka jotzen diote, baina trantsizio horrek irauten duen bitartean, erronkak partekatuz, beren munduan, nerabeenean integratuta sentituz baino ezin ase ditzakete beren talde beharrizanak», esan du.

Partekatutako esperientzien mundu nerabe hori, gaur egun, sareetan dago batez ere. “IKTen erabilera desegokitzailea nerabeetan: profilak, gainbegiratzea eta estres teknologikoa” azterlanaren arabera, nerabeen %60k baino gehiagok gainbegiratzerik gabe erabiltzen dituzte IKTak (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak), eta ia erdiek, %45ek, IKTen erabilera desegokitua dute; horrek esan nahi du ez dituztela modu arduratsuan erabiltzen. Hori guztia “like-aren diktadura” deritzon agertokian, hau da, ospe handiagoa lortzeko beharrezkotzat jotzen duten guztia egiten. Erronka biralek puntu asko eman ditzakete: egunero ematen diren 4,2 mila milioi like-etako bat lortzea erronka mota horiek lagundu dezaketen zeregina da.

Halere, erronka biral bati heltzen dioten nerabe guztiek ez dituzte aukeratzen erronka bortitzak edo besteak barregarri uztekoak. Aitzitik, batzuk beren bideoa biral bihurtzen saiatzen dira alboko esklerosi amiotrofikorako (ELA) dirua biltzeko ur izoztuko ontzi bat elkarri jaurtiz, edo ispilu aurreko mugimenduak dituen bikote koreografia batean parte hartuz, “Oh na na na” erronkan bezala. Zergatik egiten dute horrelako erronka “zurien” alde edo adituek “desegokitzailetzat” jotzen dituztenen alde? Solerren iritziz, adinekoen mundurako trantsizio horri aurre egiteko moduaren arabera gertatzen da. «Helduen jokabide propioetara zuzendutako portaera oro jokabide onuragarritzat hartuko da. Nerabezaroko dolua egiteari uko egiten dion nerabearen jokabideak, aldiz, ezin ditugu osasungarritzat jo, pertsonaren eboluzioa gelditzera edo are atzera egitera ere jotzen baitute», adierazi du. Adibide baterako: “Aberaskume ehiza” erronkaren kasuan, egiaz, edozein doluri dagokion amorrua modu bortitzean bideratzen ari da; haur moduan, alegia. «Haur txiki batek kasketa bat izan dezake zerbait espero bezala ateratzen ez denean, baina nerabe batek ume erretxindu baten moduan jokatzen duenean, lagun hurkoa edo bere burua nahita kaltetzeko gaitasun fisiko eta mental handiagoa du», ohartarazi du.

Egungo egoera, egoera sozioekonomiko eta laborala batere erakargarria ez dela, ez da helduen munduan pozarren murgiltzeko eragingarria. Eta hori izan daiteke nerabearengan erresistentzia eragiten duen beste faktore bat bizi beharko duen helduen errealitate berrian integratzeko orduan. «Ez da kasualitatea ‘Aberaskume ehiza’ erronkan helduaroaren perspektiba txarragoa dutela uste duten nerabeek helduen munduan aurrera egiteko erraztasun gehiagoren jabe sumatzen dituzten beste nerabeei (aberaskumeei) bortizki erasotzea», azaldu du Enric Solerrek.

Sentimenduak erakusten ikastea

Gainera, beste egoera batek ere eragin dezake nerabe batzuengan erronka biral desegokitzaileekiko erakargarritasuna, UOCeko irakaslearen arabera: galerei aurre egiteko baliabide urriak dituen familia batean egotea; esate baterako, galeretatik eratortzen diren sentimenduak partekatzen ez dituen familia batean. «Senitartekoen heriotzak haurrekin partekatzen ez direnean, nahiz eta sufrimendutik babesteko asmo ona izan, haurra familiako kide esanguratsu bat galtzeak eragindako minaren sentimendutik kanpo sentituko da, eta nerabea denean, haur eta heldu izatearen sentimenduak gurasoekin ez partekatzera joko du; horrela, nerabezaroa bakarrik igaroko du, ziurrenik asmo on berarekin: ez kezkatzea», adierazi du.

Laburbilduz, heldutasun itxaropen erakargarririk ez izatea, bere doluei bizkarra emanda bizi den familia batean haztea eta oharkabean faktore horiek biltzen dituzten beste nerabe batzuekin elkarrekintzan aritzea haztegi aproposa izan daitezke nerabe batentzat “Aberaskume ehiza” edo ”Balea urdina” bezalako erronka biral batekin bat egin nahi denean. Baina aurreko guztiaz gain, Jose Ramon Ubieto psikoanalista eta UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Ikasketetako irakasle kolaboratzailearen iritziz, haurtzarotik helduarorako bideak «proba bat gainditzeko igarotze errituak zeharkatzea eskatzen du. Eta erronkaren izaera dela eta, espero izatekoa da familiatik at gertatzea», azaldu du.

Paradoxikoki, gurasoei ezkutatzen dizkieten erronka horiek jende askok ikustea espero dute, zenbat eta gehiagok, orduan eta hobeto. Aro digitaleko erronka biralaren ezaugarrietako bat da, mundu analogikoan ez zegoena, edo hain handia ez zena behintzat. Horri gehitu behar zaio sare sozialek «erresonantzia ganbera» efektua sor dezaketela, iritziak bateratzeko joeragatik, Jose Ramon Ubietok gogorarazi duenez. Eta bereziki kezkagarria da erronka bortitzen kasuan. «Sare sozialetan norberak planteatzen duenaren norabide bereko mezuak jasotzen dira eta, beraz, indarkeria biderkatu egin daiteke beste batzuen babesa sumatzean».

Hori saihesteko, elkarrizketa informalak izatea aholkatzen die Ubietok gurasoei, nerabeek beraiekin hitz egin dezaten laguntzeko eta horrela kezkatzen dituenari buruz duten iritzia jakiteko, gurasoentzat etapa hori nolakoa izan zen jakinarazteaz gain. «Ardura bat sartzeko modua axola zaizkigula sentiaraztea da, haien kezketan arreta jartzea. Gurasoek seme-alabekin partekatu dezaketen ekarpen on bat beren nerabezaroaren gainekoa da. Arretaren ekonomiatik –banakako arreta konexioan ardazten duena– elkarrizketa arretatsura igaro daitezke, lehentasuna lotura izanda, eta ez noranzko bakarreko konexioa», adierazi du irakasleak.