Julen Gabirondo argi nagusitu zitzaion Xabier Zalduari giro ederrean jokatu zen desafioan
Urnietako segalariak aizkoran ere sekulako maila duela erakutsi zuen eta 12 segundo bakarrik galdu zituen 20 kanaerdikoak mozten. Horri esker, askoz belar gehiago moztu zuen: Gabirondok 3.635,5 kilo eta Zalduak 2.966,5.
Julen Gabirondo alde handiarekin nagusitu zen larunbat arratsaldean Leitzan Xabier Zalduaren aurka jokatu zuen desafioan. Urnietarrak, nagusiki segalaria izan arren, aizkoran ere sekulako maila duela erakutsi zuen.
Lehenik aizkorarekin 20 kanaerdiko moztu behar izan zituzten, eta lan horiek amaitutakoan bi ordu bete arte segan aritu. Belar kilo gehien mozten zuenak irabaziko zituen alde bakoitzak jartzen zituen 6.000 euroak.
Lehen enborretan Xabier Zalduak aurrera hartu zuen eta tartea minutura inguratu zen, baina lan erdietatik aurrera Gabirondo abantaila hori jaten joan zen eta azkenean Zalduak 12 segundo besterik ez zizkion atera aurkariari egurra mozten.
Zalduak 54 minutu eta 13 segundoan amaitu zituen aizkorako lanak eta Gabirondok 54 minutu eta 25 segundoan. Esan gabe doa garai batean Joxe Mari Olasagasti eta konpainiak ezarritako marketatik oso urrun geratu zirela.
Eta ondoren, belarra mozteko garaian, Julen Gabirondok argi utzi zuen punta-puntako segalaria dela. Erritmo bizi-bizian ekin zion lanari eta argi ikusi zen Zalduak baino metro gehiago moztuko zituela.
Kasu hauetan geratzen den zalantza metro horiek gero kilotan ere proportzio berean islatuko diren izaten da, baina atzokoan ez zen ezusterik izan. Gabirondok 3.635,5 kilo moztu zituen eta Xabier Zalduak 2.966,5 kilo.
«Oraindik asimilatu ezinik nago», aipatzen zuen irabazleak amaitu berritan. «Gau txarra pasa dut, lo egin ezinik, eta nabaritu dut aizkoran hasi garenean. Hankak eta juxtu xamar nabaritzen nituen eta gero segan ere egon da une bat larri ibili naizena, baina azkenean dena ongi irten da eta oso pozik nago», adierazi zuen urnietarrak, laguntzaile guztiei –asko izaten dira horrelako apostu batean– eskerrak emanez.
Zalduak, bere aldetik, bazuen irabazi ezaren pena, baina pozik agertu zen egindako lanarekin. «Nik nirea eman dut, eta horrekin geratzen naiz. Egurrak txukun moztu ditut, eta segan ere ez dut amorerik eman. Segi eta segi, badaezpada. Esan nuen Gabirondo aizkolari bikaina dela, eta gaur argi erakutsi du».
Aspaldiko apostu handiena izan zen eta, zorionez, azkenean jendeak bertaratzeko aukera izan zuen. Giro ederra sortu zen Martin Borda baserri inguruetan eta zaleek asko eskertu zuten aspaldiko partez horrelako ekitaldi bat bertatik bertara jarraitzeko aukera izatea.