INFO

Euskal LGTBI+ Behatokia sortu dute, berdintasun erreala sustatzeko helburuarekin

Aldarte, AMPGYL, Bizigay, Errespetuz, Gaylespol, Gehitu, Izanez, LGTBerri eta Naizen elkarteek Euskal LGTBI+ Behatokia aurkeztu dute. Gorroto delituak eta diskurtsoak ekiditea eta berdintasun erreala sustatzea helburu ditu.

Euskal LGTBI+ Behatokiren aurkezpena. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Gaur, Sexu Askapenerako eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, Aldarte, AMPGYL, Bizigay, Errespetuz, Gaylespol, Gehitu, Izanez, LGTBerri eta Naizen elkarteek Euskal LGTBI+ Behatokia aurkeztu dute. Gorroto delitu eta diskurtsoak ekiditea eta salatzea eta berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzea ditu helburu federazio berriak. Gainera, LGTBI+ Euskal Lege Integralen proposamenaren zirriborroa idazten ari da, ondoren Gasteizko Parlamentuan eztabaidatua eta onartua izan dadin.

Sarai Montes presidenteak eta Mikel Oribe presidenteordeak azaldu dutenez, gorroto delituak eta diskurtsoak eta «sexu ezaugarrietan, sexu edo genero identitatean eta adierazpenean eta orientazio afektibo-sexualean oinarritutako edozein motatako indarkeria edo diskriminazio adierazpenak ekiditea eta salatzea» da behatokiaren helburua. Halaber, «berdintasun erreala eta eraginkorra» sustatzea eta «bizitza publikoko eremu guztietan LGTBI+ talde heterogeneoa osatzen duten pertsona guztien eskubideak defendatzea», ere badira talde berriaren helburuak.

Azken asteetan izan diren eraso fisikoak salatu dituzte eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedraren ‘Euskadiko Gorrotoo-Gertakarien Txostena 2020’ izenekoaren arabera 2020an LGTBI+kolektiboari lotutako gorroto gertakariak ia hirukoiztu izana gaitzetsi dute.

«Erasotzaileei, haien motibazioei, eraginei eta LGTBIfobia eta diskriminazioa jatorrian erauzteko inguruneei erreparatuko dieten, detekzio-, prebentzioa- eta konponketa- mekanismo eraginkorrak eskatzeko eta sortzen laguntzeko sortu da Behatokia», esan dute.

Euskal LGTBI+ Lege Integrala

Montes eta Oribek azpimarratu dute EAE dela, Ceuta eta Melillako hiri autonomoekin batera, kolektiboaren eskubideak babesteko legerik edo LGTBI+ lege-proposamenaren zirriborrorik ez duen Estatuko erkidego bakarra. «Nahiz eta aitzindariak izan ginen ekainaren 28ko 14/2012 Legea onartu genuenean, transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, orain ilarako bagoia gara», aipatu dute.

Haien aburuz, euskal legerik ez izateak «gure oinarrizko eskubideak bermatzen dituzten estatu-legeak egotearen menpe jartzen gaitu, eta zaurgarri egiten gaitu hainbat eremu garrantzitsutan, hala nola osasunean, hezkuntzan, lanean, gizarte zerbitzuetan, kulturan, kirolean, lankidetzan eta babesean...».

Aditzera eman dutenez, gaur egun, EAEk birmoldaketa terapien zentroak har ditzake, beste erkidego batzuek jada debekatu dituztenak; «halaber, ez dago osasun arreta deszentralizaturik emakume eta gizon transexualentzat, trans pertsonentzat eta intersexualentzat; eta ez dugu gorroto-istilu delituen aurkako prebentzio eta jarduketa programa egituraturik».

Argitu dutenez, egoera honi buelta emateko asmoarekin, azken urteotan Euskal LGTBI+ Behatokia osatzen duten elkarteak hainbat motatako beste erakunde batzuekin batera lan egiten ibili dira: EHUko Zuzenbide Fakultateko Klinika Juridikoarekin, sindikatuekin, alderdi politikoekin, hainbat arlotako beste elkarte eta norbanakoekin, giza eskubideak, tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatuko dituen lege-testu artikulatu bat idazteko.