INFO

Iñaki Cavero etxeko jokalariak denboraldi bat gehiago jarraituko du Bidasoa-Irunen

C.D. Bidasoa eta Iñaki Cavero Etxepare (Irun, 1996/4/27) akordio batera iritsi dira eta, ondorioz, eskuin hegalekoak Bidasoa-Irunen beste denboraldi bat gehiago jarraituko du jokatzen, 2022ko ekainaren 30era arte hain zuzen ere.

Iñaki Cavero, lurrean, Granollersen aurkako partidan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

C.D. Bidasoa bulegoetan ari da lanean udara honetan. Azken asteetan aipaturiko hiru fitxaketez gain –Ander Ugarte, Adrian Fernandez eta Victor Rodriguez–, astelehen honetan Iñaki Cavero etxeko jokalariaren kontratu luzatzeaz ohartarazi du. Gutxienez denaboraldi bat gehiago jokatuko du Artalekuko taldearekin.

Cavero Irungo El Pilar ikastetxean hasi zen eskubaloian jokatzen, eta 2013ko Euskal Kopan egin zuen debuta lehen taldearekin. Orduz geroztik, Asobal Ligan 157 neurketa jokatu ditu, 246 gol sartuz. Bukatu berri den denboraldi honetan, 29 neurketa jokatu ditu (71 gol) Ligan; 2 neurketa EHF European Leaguen (gol bat); 2 gol sartu ditu Kopako bi partidatan, eta bost Asobal Kopako finalerdietan.

Bidasoa-Iruni egindako adierazpenetan, klubean jarraitzea «ilusioa dela» aitortu du Caverok, «nirekin kontatzen dutela jakitea, eta ametsak betetzen jarraitzea».

Atzera begira, Caveroren ustetan, taldea «ikaragarri» hazi da: «Lehen taldera iritsi nintzenean igoera genuen jomuga; igo ginen, eta Asobal Ligako goi partean oreka lortu dugu. Proiektu honen parte izateak poza eragiten dit».

Azken denboraldia bereziki zaila izan da pandemiaren eraginez. «Helburuak lortu ditugu, baina urte arraroa izan da, zalerik gabe ez ezer, baina pozik nago jarraitzeko aukera dudalako», aitortu du.

Jarraitzaileek berebiziko garrantzia dute Artalekun: «Faltan bota ditugu, noski! Kalean eta sare sozialetan bultza gaituzte, baina ez da berdina, jendea Artalekura itzultzea nahi dugu, %50eko edukiarekin edo behar diren baldintzetan, baina itzultzea, euren babesa nabaritzea gol bakoitzean, defentsa bakoitzean, garaipen bakoitzean».

Taldea hirugarrenez jarraian Europarako sailkatu da eta hori Caverorentzat ere garramtzitsua izan da berritzeko unean. «Betetzen dudan beste amets bat da, ea helburu berriak lortzerik dugun, Europan jokatzea bizipenak baitira. Horretarako erruz egin dugu lan, baina lortu izanagatik zorionekoa naizela uste dut», azpimarratu du.