INFO
Entrevista
Erkuden Aldasoro eta Iñaki Sagardoi
Laba sareko kideak

«Komunitatearen ahalduntze hori bultzatu nahi dugu, konplexurik gabe plazara atera»

Ondorioztatzeke dago zer izango den zehazki Laba. Momentuz, iragarri dute euskararentzako espazioa izango dela. Bertan, euskara dinamizatzeko ideiak elkartuko dira, edo, besterik gabe, euskaraz bizitzeko. Ekimenari buruzko pista gehiago eman dute Erkuden Aladasoro eta Eneko Sagardoik.

(Iñigo URIZ/FOKU)

Iruñean euskararen elkargune izango den espazioa eraikitzeko asmoa plazaratu du Laba sareak. Non eta Gaztelu plazan, Iruñeko bihotzean, euskaraz «hiriari eman eta hiritik hartzeko». Bertan izan da NAIZ, Erkuden Aldasoro eta Iñaki Sagardoirekin.

Aurkezpenak egin dituzue, bisitak, elkarrizketak… baina oraindik ez duzue definitu zer den Laba, edo ez duzue definitu nahi.

Erkuden Aldasoro: Laba gauza asko dira eta oraindik definitzeko daude, baina baditugu pintzelada batzuk. Momentuz esango nuke erakuslehioa dela, topagune bat, oholtza bat…

Iñaki Sagardoi: Laba egoitza hau izanen da eta egoitza honetan gertatuko dena. Baina baita ere egoitzatik kanpo gertatzen ari den zerbait ere. Izan ere, gure asmoa sare bat gorpuztea da.

Aipatu duzue ez duzuela lur azpian gelditu nahi. Lur azpian al daude euskaldunak Iruñerrian?

E.A.: Alde batetik bai eta bestetik ez. Esango nuke azken urteetan gauza asko ari direla eratzen, baina egia da Nafarroako eta iruindarron sektore batentzako bai gaudela oraindik hor azpian, eta gure asmoa da hortik ateratzea.

I.S.: Egia da sumendiek magma daukatela baina hor dabil, borborka, lurpean bada ere. Agian batzuetan lurpean egon gara, baina geldirik ez. Orain erupzioa izateko ordua heldu da.

Beraz, euskaldun komunitatearen ahalduntze prozesua bultzatzeko sarea ote da laba?

I.S.: Uste modu batean hitza hori dela, prozesua. Baina ez da prozesu baten akabera. Ahalduntze prozesu batean gaude eta plaza hartzea prozesu horren parte da. Hurrengo urteetara begira ere nahiko genuke komunitatearen ahalduntze hori bultzatzea, konplexurik gabe plazara atera.

E.A.: Eta izan prozesu horien guztien kanalitzatzailea. Gure aurretik egon diren horien bidelagun izatea, alde batetik, eta, bestetik plazara irteteko bide bat.

I.S.: Azkenean ez ginateke hemen egonen gure aurrekoengatik ez balitz. Hau ez da bat-batean sortu, atzetik hamarkadetan ibili dira lanean. Egia da belaunaldi berri batek parte hartu duela eta esanen nuke urrats bat gehiago dela, baina lehengoetatik ere badago.

Zer eskainiko du Labak edo zer eskaini beharko luke?

E.A.: Ideia abstraktuak gauza konkretuetara eramaten ari gara, pentsatzen nola materializatuko den izan ditugun ideia horiek guztiak.

I.S.: Gauza batzuk argi daude, zer izanen den hau, adibidez. Ekitaldi kulturalak egongo dira, topagune izateko aitzakia izango da, agian kafetegi batekin. Sortzaileei ere lagundu nahi diegu, hau laborategi bat izatea.

Iruñeko bihotzean arkupeak babestutako lokal bat hautatu duzue, baina plazara irekitako gunea izatea ere nahi duzue.

I.S.: Hau ez da arkupe barrura begira egin nahi dugun zerbait, baizik eta arkupe kanpora. Ideia
da plaza hartzea, ez bakarrik Gaztelu Plaza; hau kanpamentu nagusi bat izatea nahi dugu.

E.A.: Espazio publikoa hartzera goaz eta hau izan daiteke hemendik kanpora atera eta eztanda egiteko tokia.

Hau da, proposamen desberdinak toki zehatz batean bateratu nahi dituzue.

I.S.: Ideia jada existitzen diren proiektu horiek bideratzea da. Alegia, toki hau izan daiteke aitzakia bat gerturatuko diren Euskal Herriko eta mundu mailako bisitariak etortzeko. Informazio gunea ere izateko. Zentroan dago ez soilik guk egiten duguna plazaratzeko, baita beste batzuk  aspaladitik egiten ari ikusgarri egiteko ere.

Goazen hasierara, oinarrietara. Noiz hasi zen guzti hau forma hartzen?

I.S.: Hasieratik, norbanakoen proiektua izan da. Egia da, Iruñeko euskalgintzako beste elkarte edo mugimenduetan ibiltako jendea hasi ginela biltzen, baina oso azkar ikusi genuen hau handiagoa zela; jende askoren proiektua izatea nahi genuen. Lehenengo gonbidapen publikoa abenduan egin genuen eta urtarriletik aurrera hasi ginen lan talde ezberdinak osatzen, hau da, komunikazio lan taldea, egitura... Oso lan talde hetereogeneoa osatu dugu: arkitektoak daude, irakasleak, artistak, liburuzaina, editoreak, kazetariak.. Horrek proiektuari aberastasun handia ematen dio.

E.A.: Jende gaztea dago, adinekoa ere bai... Baina adin tartea 25-35 tarteko da gehienbat.

Baina ez da soilik gazteei bideratutakoa proiektua.

I.S.: Esanen nuke hasieratik ez dela esan hau gazteen mobida bat dela, baina naturalki atera da. Agian egia delako badela belaunaldi berri baten proposamena, lehengoetatik ikasia oinarri hartuta. Hori da prozesuan usaindu dena.

E.A.: Eta gehituko nuke azken hamarkadetan gero eta gazte gehiagok ikasi dutela D ereduan, eta orduan badela gaztedi nahiko euskalduna; potentziala dago eta hori esplotatu egin behar da.

Momentuz eraikin bat duzue. Obrak egin nahi dituzue eta irekiera noizko?

E.A.: Obra txiki batzuk egin nahi ditugu eta lokala legedira egokitu behar da. Obrak uda aldean egingo ditugu eta parte hartzailea izango da, nahi dugu auzolana bidez obren parte bat egin, profesionala ez dena. Irekiera bi fasetan daukagu pentsatua. Lehengoa, iraila edo urrian, aktibitate eta jarduera batzuekin. Baina irekiera handiagoa 2022. urtean planteatzen dugu, otsaila edo martxoa aldera.

I.S.: Gauza asko egin behar dira oso denbora gutxitan, eta ideia da kurtso berriarekin irekitzea,  ea irekiera hortara zerekin iristen garen. Gure buruei ez diogu presiorik jarri nahi, irekiko dugu dugunarekin. 

Zer egin dezakete proiektuan ekonomikoki aletxoa jarri nahi dutenek?

I.S.: Esan bezala, hamaika ideia ditugu eta behar duguna da jendearen laguntza izatea horiek aurrera eramateko. Horretarako, uztailaren 14ra bitarte crowdfunding kanpaina bat abiatu dugu eta hor egin dezakete ekarpena nahi duen orok.

Dirua ez ezik, beste motako laguntza bilatzen duzue. Partaide aktiboak ere behar dituzue. 

E.A.: Parte hartzera animatzen dugu nahi duen oro, azkenean prozesua hasi besterik ez da egin, ez da bukatu. Orain batzuk gaude bertan, baina jende berriak proiektua aberastu dezake.

I.S.: Lantaldeetan 30-35 lagun bitarte gabiltza, eta, gero, bigarren geruza bat ere badago, 200 lagunek osatzen dutena. Horiek informazioa jasotzen dute. Webgunean izena eman daiteke eta hor jasotzen dituzte berriak, zertan ari garen, laguntzeko proposamenak...