INFO

‘Ni naiz naizena’ webseriea eta erakusketa aurkeztu ditu Gehituk

‘Ni naiz naizena’ aurkeztu du Gehituk, bi parte dituen proiektua: alde batetik, hamar pertsona transen bizipenak jasotzen dituen webserie bat eta, bestetik, testigantza horien grabaketetan egindako argazkiak biltzen dituen erakusketa bat. Seriea trans.eus-en ikus daiteke eta erakusketa, Tabakaleran.

Izaskun Arandia, Joseba Errekalde eta Izaskun Azurmendi, ‘Ni naiz naizena’ egitasmoa aurkezten, Donostian. (Jon URBE/FOKU)

LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko eguna modu berezian ospatu du aurten Gehituk, ‘Ni Naiz Naizena’ proiektuaren aurkezpen ofiziala eginez, Donostian. Alde batetik, webseriearen grabaketan egindako argazkiez osatuta dagoen erakusketa zabaldu du Tabakalerako 2deo espazioan. Eta, horrez gain, eta ‘Ni Naiz Naizena’ proiektua aurkezteko, prentsaurrekoa eman du elkarteak Grosen duen bulegoan.

Prentsaurreko horretan Izaskun Arandiak –Izarfilms-eko arduraduna, ‘Ni Naiz Naizena’ proiektuaren zuzendari eta ekoizlea–, Joseba Errekaldek –Gehitu elkarteko presidentea– eta Izaskun Azurmendik –Mugen Gainetik elkartearen ordezkaria– hartu dute parte. Webseriea osatzen dituzten kapituluak, trans.eus-en ikus daitezke.

Erakusketa, aldiz, uztailaren 31ra arte egongo da irekia, Tabakalerako 2deo espazioan, 9.00etatik 20.00etara. Eduardo Gaviña (Yogurinha Borova) eta Nere Falagan argazkilariek serieko protagonistei egindako argazkiek osatzen dute.

Hamar pertsona transen esperientziak

‘Ni Naiz Naizena’ hamar pertsona transen esperientziei buruzko webserie dokumentala da. Aitzole Araneta, Victor Viruta, Graham Bell Tornado, Fergie Barahona, Alice Diez, Eder Iturralde, Victor Alvarado, Kimberly Zambrano, Mary Reno eta Josebe Iturrioz dira testigantza eman duten lagunak.

«Nola egingo duzu paso zure identitatea ukatzen ari direnean? Gu denok gure identitatearen bidez erlazionatzen gara», azaltzen du, adibidez, Aranetak, haurtzaroko oroitzapenak gogora ekarriz. 2019an Donostiako alkate izateko hautagaia izan zen, espainiar Estatuan hiriburu baterako trans esperientzia izan duen lehen alkategaia. Gaur egun Donostiako Udalean lanean ari da bozeramaile gisa.

Viruta, abeslari, aktore, diziplina anitzeko artista, vedette eta trans ez-binario aktibista da. Bere abestiak gai sozial eta zapalkuntza-ardatzei buruzkoak dira, feminismoa, harreman afektibo osasuntsuak eta LGTBIQ+ testuingurua ardatz hartuta. Neska gisa hazi zen, transexual hitza zer zen ere ez zekien 90eko hamarkadan, baina ez du haurtzaro traumatikorik gogoratzen.

Bizipen hauek guztiak jasotzen dituen webseriea Izaskun Arandiak zuzendu du, eta Izarfilmsek ekoiztu. Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek parte hartu dute. Hamar minutuko hamar ataletan, azken bi urteetan egindako elkarrizketak eta artxibozko irudiak uztartzen dira.