INFO

Zornotzako Udalak 2.000 eurotik gorako isuna ezarri dio Martz grafitigileari

Zornotzako Udalak herriko paretetan grafitiak marrazteagatik 2.300 euro eskatzen dizkio Martzel Do Nascimiento artistari. Jada Martzen obra guztiak ezabatu ditu EAJren gidaritzapeko erakundeak. 

 

Martz komuneko paper-biribilkien muralaren aurrean. (EH Bildu Zornotza)

Martz zornotzarrak argi dauka zergatik isundu duen Udalak: «Beldurra sartzeko eta hegoak mozteko». Horrela, grafitigileak zigor administratibo baten bidez adierazpen askatasun eta artistikoaren «pertsekuzio bat» egin dela salatu du NAIZi eginiko adierazpenetan.

Kaleko margolariak aurreratu du ez duela isuna ordaintzeko asmorik. Horretarako, Zornotzako artisten elkartasunaz eta bide legalez baliatuko da. Martzek argudiatzen du apirilean «estraofizialki» jabetu zela bere aurkako enbargo ordena martxan zegoela, Udalak ez baitzuen ez interneten, ezta herriko tabloidean argitaratu agindu hori.

Horrela, Zornotzako gazteak azaldu duenez, Udalak zigor espediente bat zabaldu zion 2020ko udan. Espediente honi errekurtso bat aurkeztu arren, espedienteak aurrera egin zuen. Horren ondorioz, apirilean Foru Aldundiaren partez enbargo mehatxu bat jaso zuen grafitilariak.

Kale margotzaileak aurreratu du errekurtso bat jarriko duela. Hala ere, Udalak isunarekin jarraitzeko asmoa baldin badu, artistak crowdfunding kanpania bat martxan jartzeko asmoa duela azaldu dio NAIZi: «Jendeak jakin dezan emango duen diru hori isuna ordaintzera bideratuta egongo dela».

Grafitigileak salaketa sozialak egiteko margotzen ditu herriko paretak. Obren edukia dela eta, Udalarekiko harremana erabat kontraesankorra izan da. Martzek salatu duenez, Udalak obra batzuk enkargatzen dizkion bitartean beste batzuk erreprimitu egiten  dizkio: «Udaletxearen aldetik kontraesan bat ikusten da, beti kaleko arte adierazpen batzuk goraipatzen dabil (Haizetara, Zintzilik, Enrique Renteria txapelketa...) baina beste adierazpen batzuk ukatzen ditu, esaterako, kaleko hormak euskarri moduan dituztenak».

Kontraesanen harira, zera kritikatu du: 2020ko otsailean kale margolariak erakusketa bat antolatu zuen Zelaieta kultur etxean eta  Udalaren babesa izan zuen. Gainera, erakusketaren azken egunean, Martzek grafiti tailerrak eman zizkien herriko gazteei. Orain, aldiz, 2.300 euroko isuna ezartzeaz gain, Udalak obra guztiak ezabatu dizkio Zornotzako hormetatik. Baina nahiz eta herrian egile desberdinen grafiti gehiago egon, Martzek «bereak bakarrik ezabatu» dituztela salatu du. Hori horrela, artistak kalea denona dela aldarrikatu du eta Udalak «mugitzen dena» kriminalizatzen duela.

Zornotzarrak azaldu du berak marrazteko bi irizpide jarraitzen dituela. Lehena, inor ez iraintzea. Hau da, instituzioen aurkako salaketa sozialak egin ditzake, baina ez indibiduo edo kolektibo zaurgarri baten aurkakoak. Hori horrela, konfinamendu aurretik margotutako mural bat da obra polemikoenetako bat.

Horma-irudian pertsona bat komuneko paper-biribilkiekin boloetara jolasten ari da musukoa soinean jantzita duela. Pieza hau bereziki gogoan du grafitigileak: «Margotu eta segituan ezabatu zuten. Ezabatu zutenean, itxialdian geunden jada. Momentu hartan Udalak grafiti bat ezabatzea baino askoz lan garrantzitsuagoak zituen».

Bigarren irizpidea jabetza pribatuetan «jabearen iritzia kontutan hartzea» da. Horrekin lotuta, artistak Udalak jabego partikularretan margotutako piezak ere ezabatzen dituela azaldu du: «Badaude pieza batzuk jabego pribatuetan marraztuta daudenak. Batzuetan jabeak pozarren daude eta kontsultatu gabe ezabatzen dizkiete». Jabetza pribatuen kasuan, Martzek «normaltzat» hartzen du gustuko izan ezean jabeek salaketak jartzea. Kasu horietan, bera joaten da margotutako grafitia ezabatzera. Baina «ez du ulertzen» kasu horietan zergatik sartu behar diren tartean erakundeak.

Mezua belaunaldi gazteei

Udalaren mehatxu eta isunak beti presente dituen arren, Martzek grafitigintzan animatzeko deia egiten die belaunaldi gazteei. «Gazteek biolentzia asko pairatzen dute. Paretak margotzea indarkeria hori kanalizatzeko bide on bat izan daiteke», uste du artistak. Bestalde, beldurrik ezin dela eduki gaineratu du.