INFO

SOS Presoak Covid-19 ekimenak salatu du oraindik ere Iruñeko presoen eskubideak urratzen direla

SOS Presoak Covid-19 ekimenak beharrezkoa deritzo presoak espetxetik ateratzea, Iruñeko espetxean bisean biseko komunikazioak berrezartzea, bakartze-aldiak kentzea, txertoari dagokion diskriminazio kasuak deuseztatzea eta preso nafarrak Iruñeko espetxera ekartzea.

SOS Presoak Covid19 ekimenak dokumentua aurkezteko Iruñean emandako prentsaurrekoa. (Iñigo URIZ/FOKU)

Salhaketa Nafarroa, Etxerat eta Sare Herritarrak osatzen duten SOS Presoak Covid-19 ekimenak, pandemiak Iruñeko espetxean eta bertako presoen eskubideengan izan duen eragina neurtu duten dokumentu baten bitartez, salatu du oraindik ere Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak (EIN) koronabirusa kari ezarri dituen neurriek presoen eskubideak urratzen dituztela.

Dokumentua aurkezteko prentsaurrekoan gaitzetsi dute, hala, osasun arreta ez dela egokia, kanpokoarekiko harremanak mugatuta jarraitzen duela, tarteka espetxeetako jarduerak eta tailerrak murritzen direla eta osasun neurri gisa presoak bakartzen dituztela, kontuan izanda azkenengo hau espetxeen arloko legedien salbuespenezko neurri gisa dagoela katalogatuta.

Ororen gainetik, presoen eskubideak errespeta daitezela eskatu du SOS Presoak Covid-19 ekimenak eta, horretarako, beharrezkoa deritzo presoak espetxetik ateratzea osasuna lehenetsiz, Iruñeko espetxean bisean biseko komunikazioak berrezartzea, presoak kartzeletara itzultzean egin behar duten bakartze-aldia kentzea, bermatzea ez daitezela presoak diskriminatu txertoa hartzea edo ez hartzea erabakitzeagatik, eta hala eskatzen duten presoak, nafarrak edo Nafarroan errotuta daudenak, Iruñeko espetxera ekartzea.

Egungo egoera

Salhaketa Nafarroa, Etxerat eta Sare Herritarreko kideek azaldu dute espetxetik ateratzeko baimenak bertan behera gelditu zirela covid-19aren kudeaketaren hasieratik eta 2020ko maiatzaren erdialdean berrezarri zituztela, baina espetxera itzultzean 14 eguneko bakartze-aldia egitearen baldintzarekin.

Geroztik, hainbatetan debekatu dira aipatu baimenak eta bakartze-aldiak derrigortu. «Baimenetatik bueltan nahitaez egin beharreko bakartze aldi horiek, hasieratik eta orain ere, ez dira osasun guneetan egiten, preso sartu berrien moduluko ziegetan baizik. Bakartze-aldi osoan presoa bakarrik dago, edo beste preso batekin, ziegan bertan egiten dituzte otorduak eta ezin dute bisitarik jaso ezta jarduerarik egin ere. Egunean 2 orduz ateratzen dira patiora, besterik ez», esan dute.

Bestalde, Iruñeko kartzelan egiten diren komunikazio bakarrak oraindik ere kristal tartekoak direla ohartarazi dute, eta horretaz aparte, salatu bideo deiak ez direla mantendu: «Orain, bideo deiak egin ditzaketen bakarrak dira kristal tarteko bisitarik jasotzen ez dutenak, astean behin edo hamabostean behin».

Espetxe barruko jarduerei dagokienez, gogorarazi dute pandemiaren hasieratik sarritan ezarri dela espetxetik kanpoko pertsonak, jarduerak edo tailerrak egiteko ardura zutenak, espetxeetara sartzeko. Horrek jarduerok bertan behera gelditzea ekarri du hainbatetan.

Iruñeko kartzelan 2021eko maiatzaren 18an egin zen txertaketa, eta auzi honetan presoek pairatu duten informazio eza gaitzetsi du hiruko taldeak: «Presoei ez zaie aurrez jakinarazi txertaketa egin behar zenik, ez eta zer txerto jarriko zitzaien ere, eta egunean bertan jakin zuten, modulu bakar batean izan ezik. Txertoaz eta nahigabeko ondorioei buruz eman zen informazioa oso urria izan zen, eta eskatuz gero baizik ez zuten osatzen. Txertatu aurretik ez zaie presoei argibiderik eman txertatzeak edo ez txertatzeak izan ditzakeen ondorioei buruz, aurrerago jarduerak egiteko, bisean bisekoak izateko, berrogeialdiak kentzeko… informazio hori ondoren ere ez da eman, gaur arte».

Halaber, segurtatu dutenez, presoak ez dituzte txertatu adinaren edo egoera pertsonalaren arabera, gainerako biztanleak bezala, «taldetzat hartu baitira».