INFO

Tolosaldeko ospitale berriak Asuncion klinikako langileak hartzea eskatu dute ELAk eta LABek

Tolosaldeko ospitale berria %100 publikoa izatea, zerbitzu guztiak edukitzea eta Asuncion klinikako langileak bertara subrogatzea eskatu dute ELAk eta LABek.

Tolosaldeako Alkateen Mugimenduak maiatzean ospitalearen inguruan emandako prentsaurrekoa. (Jon URBE/FOKU)

Tolosaldean, hainbat protesta egin ondoren eta urteak zain izan ostean, eskualdeko ospitale publiko bat izango dute. Hala ere, ELAk eta LABek salatu dute oraindik ez dutela Lakuako Gobernua prestatzen ari den plan funtzionalari buruzko informaziorik jaso.

Plan horrek jasotzen du, besteak beste, ospitaleak eskainiko dituen zerbitzu guztiak publikoak izango ote diren edo Asuncion klinika pribatuko langileak –Osakidetzak azpikontratatutako klinika pribatua– subrogatuko dituzten ospitale publiko berriaren langile izan daitezen, sindikatuek eskatzen duten bezala.

Olatz Peon alkateak zuzentzen duen «Tolosako Udalak ospitale publiko baten alde egiteko tresnak badituela pentsatzen dugu, borondate politikoa baino ez da behar. Hainbeste urteetan ospital publikoa eskatu duten langile eta herritarrak, behingoz, beste eskualdeeteko ospitaleen ezaugarri berberak dituen ospitala Tolosaldean izateko eskubidea dute», esan dute ELA eta LABek.

Tolosaldeko osasun-arretaren «egoera eskasa» osasun publikoaren kudeaketa pribatuaren ondorio dela adierazi dute sindikatuek. «Izan ere, azken hamarkadetan, Asuncion klinikako langileak izan dira osasun-arreta zailtasun askorekin mantendu dutenak, profesionaltasunez eta erantzukizunez lan eginez. Eskualdeko ospitalearen funtzioak hartu dituzte, baina beste eskualde batzuetako ospitale publikoetan baino langile gutxiagorekin eta baldintza okerragoetan», agertu dute.

Gainera, artatzen dituzten pazienteen %95 Osakidetzatik bideratutakoak badira ere, salatu dute Lakuak ez diela euren lana aitortzen.

Udalaren erantzukizuna

Gauzak horrela, ELAk eta LABek Tolosako alkateari eskatu diote bere erantzukizuna bere gain hartzeko eta Tolosaldean eskualdeko beste edozein ospitaleren ezaugarri berberak dituen ospitale bat ziurtatzeko.

Kezkagarria iruditzen zaie Tolosako Udalak horretarako eskumenik ez duela esatea: «Udalak parte hartzeko eta ospitale publikoaren alde egiteko tresnak ditu, borondate politikoa baino ez da behar. Hainbeste urtez hala eskatu duten langile eta herritarrek eskubidea dute, behingoz, Tolosaldean beste edozein eskualdek duen ezaugarri bereko ospitale publiko bat izateko», azpimarratu dute.

Iragarri dute, azkenik, hau guztia lortzeko mobilizazioak egiten jarraituko dutela: «Bidea egiten jarraituko dugu, %100 publikoa, zerbitzu guztiak dituen eredua eta Asuncioneko langileak barruan izango dituen ospitalea lortu arte. Udalak mahai gainean jarri ditugun gaiak sahiestu ez ditzala eskatzen dugu eta la Asuncioneko langileek eta Tolosaldeako herritarren nahiaren aldeko apustua egin dezala».