INFO

Hondarribiak eta Arraun Lagunakek eman dute denboraldiko lehen kolpea

«Ama Guadalupekoak» hegan egin du poparean eta 14 segundo atera dizkio Santurtzi bigarren sailkatuari amaieran, Euskotren Ligan askoz orekatuagoa izan da lehen jardunaldi hau eta Arraun Lagunakek bi segundo ere ez dizkio atera Donostiako beste taldeari. Igandean erabakiko da Coruñako Ikurrina.

Hondarribiak hegan egin du poparean eta lehen 12 puntuak eskuratu ditu. (@ACTTRAINERAS)

Bi estropada oso desberdinetan nagusituta, Hondarribiak eta Arraun Lagunakek jo dute denboraldiko lehen kolpea Coruñako banderako lehen saioan nagusituta. Txandak zozketa bidez egin ziren lehen jardunaldi honetan, mareen aldaketak ere izango zuten zeresanik baina denboraldiko lehen trapuak oso kolore berdea hartu du Hondarribiak 14 segundotako tartea atera baitio Santurtzi bigarren sailkatuari –Zierbenak +24 eta Donostiarrak +29 osatuko dute igandeko ohorezko txanda–.

Euskotren Ligan, ordea, lau taldeak elkarren aurka aritu dira eta hemen aldeak askoz txikiagoak izan dira eta Arraun Lagunakek lehen puntuak eraman baditu ere, bandera Donostiara eramateko oraindik lan handiak ditu, 1,81eko aldea baino ez dio eta atera Donostiarrari eta 5,40 Oriori.

Eusko Label Ligan, lehen txanda azkar xamar banatu da bitan, Zierbena eta Hondarribiak estropadaren burua hartu dute eta Ondarroak eta, batez ere Urdaibai, azkar xamar galdu dituzte, laugarren kaleak kaltetuta, bost segundo. Lehia estuaren ostean, Galipoak heldu dira lehen postuan lehen ziabogara, baina maniobran ez dira finegi aritu eta Hondarribiarekiko aldekoa zuten bi segundotako abantaila desabantaila bilakatu da. Eta poparean, Amonarrizenak alde horiek handitzeko gai izan dira, watio asko sartuz bigarren ziabogan aldea bost segundotara handituz. Txandako beste lehian, Urdaibai azkar xamar hondoratu da, itxura txukuna eman duen Ondarroatik urrun.

Eta berriz ere brankan jarritakoan "Ama Guadalupekoak" aldea handitzeko gaitasun itzela erakutsi du, Zierbena baino askoz ere errazago aritu baita arraunean. Estropada erabat hautsita eta eremu guztia beretzat zuela, azken bi luzeak erlojuaren aurkako lasterketa bat izan dira Hondarribiarentzat eta berdeek hegan egin dute euren aurkariak txikituz; Zierbenak behera egin du nabarmen, Ondarroak bere lana txukun burutu du eta Urdaibai ezinean aritu da une oro. Oriorekin batera, eguneko galtzaile nagusiak izan direla esan genezake, lehen txandatik urrun xamar geratu dira eta.

Bigarren txanda Santurtzirentzat ere erlojuaren kontrako estropada bat izan da, azkar hartu baitu burua Orio eta Aresen aurretik. Erreferentzia bisual handirik gabe, Hondarribiak lehen txandan egindako denborak izan dira Soterarentzat hobetu beharreko markak baina urrun xamar egon dira, lan erdietan esaterako 10 segundo gehiago behar izan ditu, gutxi gora behera Zierbenaren denboretan aritu dira santurtziarrak. Atzetik, Orio eta Aresek lehia polita izan dute, Lekeitio atzean geratuta. Baina iaz erregulartasunak bandera eman zionaren jakitun, bizkaitarrak bigarren postu horri eustera jo zuten, azkenean Hondarribiarengandik 14 segundotara helduz eta atzetik Oriok lortu du Ares atzean uztea, baina hori ez da nahikoa izan lehenago Ondarroak egindako denbora hobetzeko.

Azken txandan, Donostiarra izan da lehen luzean denborarik onena egin duen trainerua, brankan lan handia eginda, baina poparean ez da horren fin ibili eta azkenerako biharko ohorezko txandan egoteko aukera ziurtatuta gustura amaitu du, nahiz et atzetik aurrera etorrita, Cabo da Cruzek azken txanpan sustoren bat ere eman dio. Atzetik, Zarautzek bi luze eta erdi oso azkarrak egin ditu eta amaierarako estropada apur bat luzea egin zaion arren, gustura egon daitezke Enbatakoak, atzetik Tiran eta Lekeitiarra utzita.

Oreka nesketan

Euskotren ligan azken urteetako berdintasunik handiena espero zen eta, Irteera ustel baten ostean,  halaxe izan da. Hondarribia azkar xamar atzeratu bada ere, beste hiru traineruak, Donostiako biak eta Orio elkarrengandik oso gertu izan dira. Lehen paladatik, Donostiarrak hartu du estropadaren burua lehen luzean, baina aparteko alde handirik gabe, nahiz eta uneren batean txanda hausteko moduan zirela zirudien.

Lehen ziabogan ere lehen postuan sartu dira hiriburukoak baina Arraun Lagunak uneren batean lau segundoz atzetik ere ibili badira ere, poparean behetik gora egin dute Andrea Astudillorenak. Juan Mari Etxaberenak erakutsia zuten aurre denboraldian  edozertarako gai zirela eta Gipuzkoako hiriburuko bizilagunekin buruz buruko ikusgarri bat izan izan ostean, denboraldiko lehen garaipena eskuratu dute, nahiz eta lehen banderarako itxaron egin beharko da, lehen hiru taldeen artean apenas izan delako alderik.

Donostiarra 1,81era sailkatu dira eta aurtengo denboraldia iazkoa baino askoz zailagoa izango duen Oriok 5,40 segund0 utzi ditu. Hondarribiak beste hirurengandik urrun xamar amaitu du eta, oraindik orain, beste hirurengandik maila bat beherago dagoela dirudi.

Sailkapenak:

Eusko Label Liga - Coruñako V. bandera (lehen jardunaldia)

1.- Hondarribia: 20:16,56

2.- Santurtzi:+14.16

3.- Zierbena: +24.06

4.- Donostiarra: +29.16

5.- Cabo da Cruz:+31.52

6.- Ondarroa: 37.12

7.- Orio: +39.24

8.- Ares+49.56

9.- Urdaibai: +50.10

10.- Zarautz: +55.26

11.- Tiran: +1:04.48

12.- Lekittarra: +1:06.98

Euskotren Liga - Coruñako IV. bandera (lehen jardunaldia)

1.- Arraun Lagunak: 11:25,88

2.- Donostiarra:+1.98

3.- Orio: +5.48

4.- Hondarribia: +31.24