INFO

2.000 urte egingo dugu atzera Foruko erromatar herrixkaren berreraikitze birtualari esker

Berreraikitze birtual berri batek Foruko erromatar herrixkaren duela ia 2.000 urteko jatorrizko irudia erakusten du. Asteazkenetik aurrera jarriko da ikusgai publikoaren aurrean.

Foruko herrixka erromatarrerako bisitak berrikuntzekin datoz. (NAIZ)

Foruko herrixkarako bisita gidatuak berrikuntzarekin datoz, bisitaria oso modu errealean iraganera eramango baitute, I. mendeko erromatar herrixkaren erreprodukzioa ikusteko aukera eskainiz.

«Tableta baten bidez, bisitan zehar ikusiko dituen hondakinek are zentzu handiagoa hartuko dute, duela ia 2000 urte tokia nolakoa zen ikusteko aukera izango baitu. Berreraikitze birtual bati esker, historia eta kultura ondarea herritarrei are gehiago gerturatuko zaizkie», adierazi dute Bizkaiko Foru Aldunditik. Erakundearen Ibilbide Historikoak programaren barruan sartzen dira bisitak.

Bisitan funtsezko hiru puntu daude, eta haien bidez, esperientzia berri horiek bizi ahalko dira. Horretarako, tabletan botoi bat sakatu, eta herrixkak duela ia 2.000 urteko itxura hartuko du. Lehenengo puntua tailer metalurgiko bat da (II.-IV. mendeak), eta etxeko espazio bihurtzen da (IV. mendea). Bigarren puntua eraikin militar bat da (I. mendea), neurri batean tailer metalurgiko gisa erabiltzen dena (II.-IV. mendeak); ondoren, etxeko espazio bihurtzen da ere (IV. mendea).  Hirugarren puntua patioa duen etxe bat da, domus (I.-II. mendeak).

Esperientzia hau Foruan bizi ahalko da uztailean (hilak 7, 11, 14, 21, 24, 28 eta 30) eta abuztuan (hilak 4, 8, 11, 15, 18, 25 eta 28).

Aurrez aurreko esperientzia eta birtuala bateratzen dituzten bisita horiek Arratzuko Arrolako oppidumean 2019an abian jarritako bisitei gehitu behar zaizkie. Bisita horiek iraganera ere eramaten dute bisitaria, Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia birsortuz. «Kasu honetan ere, tableta motako gailu mugikorren bidez, kastroa jatorrian nolakoa zen ikus daiteke, errealitatea berreraikitze birtualarekin bat egiteko tekniken bidez; egungo kastroko aireko bideoekin gozatu ahalko da ere, eta orduko herritarren etxebizitzetako baten benetako berreraikuntzaren 360 argazkiarekin birsortu ahal izango da», azaldu dute.

Arrolarako bisita horiek egun hauetarako programatuta daude: uztailak 2, 9, 10, 16, 18, 23, 25, eta 31; eta abuztuak 2, 9, 14, 16, 22, 23 eta 29.

Bizkaiko Diputazioaren Ibilbide Historikoak programaren bidez, Bizkaiko paisaia eta natura inguruneko aztarnategi arkeologiko nagusiak ezagutarazi nahi dira. Programa horrek bisitak eskaintzen ditu uztailean eta abuztuan Busturialdea-Urdaibaiko eremu arkeologiko nagusiak ezagutzeko eta irailean Zin-bidearen historia ezagutzeko. Uztailean eta abuztuan bisitak egingo dira gune hauetara: Ereñoko Ereñozar Erdi Aroko gailurra; Bermeo eta Busturia udalerrien arteko Tribisburuko erromatar nekropolia; Mundaka, Sukarrieta eta Busturia udalerrietako Katilotxuko ibilbide megalitikoa. Gainera, irailean, Zin-bidearen ibilbidea eskainiko da, haren esanahi historikoaren berri izateko.

Ibilbide gidatu eta pertsonalizatuei esker Bizkaian bakarrak eta apartekoak diren esparruak eta tokiak ezagutzeko aukera eskaintzen da. Busturialdeko Eskualdeko bisita gidatuak uztailean eta abuztuan izango dira, 11.00etan eta 17.00etan. Bisiten egutegia webgunean, 688.856.689 telefono zenbakira deituta edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan kontsultatzea gomendatzen da.