INFO

Jon Guridi erdilariak 2024ra arte luzatu du kontratua Realarekin

Jon Guridi eta Realaren arteko harremana 2024. urtera arte berritua izan da. Erdilariaren kontratua hurrengo urteko ekainean iraungiten zuen eta bi aldeak bat etorri dira beste bi urtez luzatzeko. «Harro» agertu da hitzarmena luzatu berri egin dituen adierazpenetan. 

Guridi, Elx taldearen aurkako neurketan. (Jon URBE / FOKU)

2022. urteko ekainean iraungitzen zen Jon Guridi eta Realaren arteko hitzarmena. Honek zenbait zurrumurrurako eman zuen baina horiek guztiak astelehen honetan amaitu dira. Klubak iragarri du erdilari azpeitiarraren kontratua 2024. urtera arte luzatua izan dela. 

Duela bi denboraldi Mirandesera utzita joan zen eta bertan, taldeko giltzarri izatera iritsi zen. Hain urte oparoa egin ostean, Realak lehen taldeko jokalaritzat nahi zuen azpeitiarra. Hala, iaz 19 partidatan parte hartu zuen, horietariko zortzitan hasieratik. 

Erakutsi duen potentzia nahikoa izan da Imanol Alguacilen planetan lekua egiteko, zenbait partidatan taldearen "birikak" izatera ere iritsi baitzen. 

Behin kontratua luzatuta, «harro» agertu da erdilaria eta seguru dago klubak erakutsitako konfiantza zelaian itzuliko duela. 

Klubaren kameren aurrean adierazi duenez, azken hau «oso urte polita izan da, koparekin, Superkopako paper onarekin eta Europako sailkapenarekin», eta klubean jarraitzeak «ilusio handia» pizten dio. 

Zaleak Anoetara itzultzearekin motibatuta dago eta gogoratu du, Anoeta berrituko harmailak zalez beteta jokatu duen neurketa bakarra Mirandesen zegoela izan zela. 

«Zaleak alde izan nahi ditut orain», adierazi du Guridik, eta denboraldi honetan «zerbait polita» lor daitekeela uste du.