INFO

Frikiaren erreskate soziala

Antetokounmpo familiaren lehenengo NBAko eraztuna Kostasek irabazi zuen iaz, bigarren mailako protagonista gisa. Aurten, familia greziar honek, bere bigarren eraztuna lortzea espero du Giannis eta Thanasis anaien eskutik. Milwaukee Bucks eta Atlanta Hawks taldeek neurtuko dituzten indarrak.

Giannis Antetokounmpo, Phoenix Suns taldearen aurkako partidan. (Christian PETERSEN / AFP)

Antetokounmpok dagoeneko txapeldun bat dauka familian: Kostas, iaz Los Angeles Lakersekin NBA irabazi zuen saskibaloi jokalaria. Hala ere oso gutxi jokatu zuen gazte hark, errotazioetan azkena baitzen. Zorionez Kostasi ere eraztuna eman zioten, alegia NBAko txapeldunaren ikurra. Orain, behintzat azken albisteen arabera, Greziara itzuli da, Greziakoa baita bera: NBAko maila altuegia zen berarentzat, nabarmen.  

Antetokoumpo familian, baina, beste bi jokalari daude. Eta ez edonolakoak! Bat Thanasis deitzen da, ez da hain ona baina moldatzen da NBAn. Bestea, Giannis, izugarrizko izarra da, iaz eta 2019an txapelketako MVP izendatu zuten (jokalari onenaren saria). “Greek freak” (Greziako frikia) da bere ezizena. Egia esan bera baino lehen inoiz ez zen ikusi horrelako saskibaloi jokalari bat: 2,11 metrokoa, atleta, defentsan oso ondo moldatzen dena bere beso amaiezinei esker, eta erasoan zer esanik ez: batez beste 30 puntu daukan gizona da. 

Astearte gauean bere aurreneko NBAko finala jokatuko du “The Greek Freak” delakoak, Milwaukee Bucks taldearekin. Atlanta Hawks-en aurka neurtuko ditu indarrak eta oso final orekatua aurreikustean da. 

Han egongo dira bai Thanasis, gregario moduan, eta baita Giannis ere, munduko aurpegirik famatuenetarikoa. Bere familiak Nigeriatik Penintsula Elenikora migratu zuen eta Atenaseko inguruetan bost anaiak jaio ziren (Giannis bigarrena da, hain zuzen ere). 

Oso zaila izan zen egokitzapena. Gainera Antetokounmpo ez da familiaren benetako abizena, baizik eta Adetokoubo, baina «grezieratu» egingo zioten. Txikitan bai Giannisek eta bai Thanasisek ere Europako leku askotan gertatzen zen legez, gauzak saltzen zituzten Atenaseko kaleetan. Horrez gain, ez zuten Greziako pasaportearik izan 18 urte bete arte. Benetako «aberrigabea» izan da denbora luzez. 

Edozein zentzutan, berantiarra izan da Giannis, baita saskibaloiarekin ere. Zorionez, Greziak tradizio handia dauka kirol honekin, eta halaxe hasi zen jokatzen. Soilik bideratzea behar zuen, besterik ez, talentuz beteta baitzegoen. AEBtan handi bihurtu da, oso handia, erraldoia. “Black lives matter” ekimenaren garaian bere adibidea oso garrantsitsua da erreskate sozialari begira. 

Kostas Antetokounpo anaia gazteak irabazi zuen NBA, baina guztiz itzalpean, bigarren mailako aktore moduan. Benetako izarra, protagonista nagusia, Giannis da. Aukera polita dauka, nahiz eta lesio baten ondotik, bere parte hartzea zalantzan dagoen. Familian bigarren eraztuna lortzea espero dute Giannis eta Thanasis anaien eskutik.