INFO

Lehenengo egunak Urruñan igaro ostean, Lekarozera heldu da EuskarAbentura

Bost egun Urruñan igaro ostean Lekarozera mugitu dira EuskarAbentura ekimenean parte hartzen duten gazteak, eta Nafarroako herri honetan emango diote amaiera espedizioaren lehen txandari uztailaren 11n.

EuskarAbentura ekimean parte hartzen duten gazteak. (@euskarAbentura)

2021eko EuskarAbentura espedizioa uztailaren 2an hasi zen eta «Urruñan esperientzia bikaina bizi ostean» Lekarozera heldu da.

Ohar batean azaldu dutenez, «lagunak egitea, Euskal Herria ezagutzea, euskarazko harremanak sortzea Euskal Herrian zehar eta euskal kulturaz blai egitea dira EuskarAbenturaren helburuetako batzuk, eta espedizioetan zehar dinamika ezberdinak eginez helburu hauek lortzen dituzte».

Urruñan muntatu zuten espedizioaren lehen kanpalekua eta bertan igaro dituzte bost egun, uztailaren 6 arte. Ziburu eta Bidarteko hondartzetan egon ziren eta Kike Amonarrizen bisita jaso zuten, euskarak munduan duen tokia zein den azalduz. Halaber, Ipar Euskal Herriko ikasleek dituzten arazoak ezagutu zituzten.

Gazteak ere Larrunera igo ziren. Ibilbide hasieran, Urruñako Herriko Etxean geldialditxo bat egin zuten. Bertan euskara delegatuak eta auzapezak harrera egin zieten. Ondoren, ibilbidearekin jarraitu zuten, benetan ibilbide gogorra; 890 metroko desnibela, eta izugarrizko eguzkia, eta hortaz baita beroa.

Uztailaren 6an, goizean, Euroeskualdeko teknikari den Marie Heguy-Urainek bisitatu zuen kanpalekua. Zenbait jokoren bidez Euroeskualdearen nondik norakoak azaldu zizkien gazteei: noiz sortu zen, zein helbururekin eta zein den erakundearen funtzionamendua. Bazkalostean, motxilak hartu eta Lekarozerantz abiatu ziren, bertan espedizioaren bigarren zatia bizitzeko.

Hurrengo egunetan, 7tik 11ra, Legatera igoko dira eta ondoren Bertizera jaitsi, beste egun batean gauez muga pasatuko dute gaueko espedizio bat eginez eta hurrengo egunean Zugarramurdira egingo dute txangoa.