INFO

Naia Zuriarrainek Guardia Zibilaren esku jasandako torturak kontatu ditu

Naia Zuriarrainek, 13/13 sumarioan auzipetutako zortzi lagunetako batek, 2010ean atxilotu zutenean Guardia Zibilaren eskutik jasandako torturak kontatu ditu bideo baten bidez. Oihuak, arropa kentzea, ura, poltsa buruan...


Naia Zuriarrain 2010eko apirilean atxilotu zuen Guardia Zibilak euskal preso politikoen abokatuen aurkako polizia operazioan. Sarekada hartan beste 9 pertsona atxilotu zituzten. Zuriarrain 5 egunez egon zen inkomunikatuta Guardia Zibilaren eskuetan, eta torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta 11 urteko espetxe zigorra eskatu diote 13/13 auzian. Orain argitaratutako bideo batean, jasandako torturak kontatzen ditu.

Bideoan kontatzen duen arabera behin ziega batera eraman ondoren, guardia zibilek «zarata eta bortizkeria handiz» gela batera eraman zuten antifaza jarrita. «Gelara sartu bezain pronto konturatu nintzen zapaltzen nuen lurra biguna zela, goma-espuma antzeko bat. Gelan argia zegoen. Guardia zibil bat nire eskumako aldean jarri zen eta belarri ondo-ondoan ‘vas a hablar’ oihukatu zidan bere indar guztiekin. Gero ‘qué mal lo vas a pasar, yo te considero mi enemiga’ esan zidan», gogoratzen du Zuriarrainek bideoan.

Ondoren, biluzteko eskatu zioten eta, ez zuenez egin, «hiru-lau guardia zibilen artean hasi ziren ni biluzten». «Erresistitzen saiatzen nintzen, baina indarrez kentzen zidaten arropa. ‘Nos pone cachondos que te reisistas’ esaten zidaten», gaineratzen du.

Gogoratzen duenez, azkenean kuleroetan utzi zuten eta bi beso bakoitza goma-espuma zati batekin inguratu zioten zigiluarekin lotuz. «Guztiz akoltxatuak nituen besoak, eskuak estalita eta besapera arte heltzen zitzaidan», dio.

Zuriarrainek kontatu duenez, ia biluzik zegoela, guardia zibilek bere gorputzari buruzko komentarioak egiten zizkioten, atal desberdinetan ukituak egiten zizkioten bitartean.

«Gero ur hotza bota zidaten burutik gora eta behin eta berriz errepikatzen zidaten ‘ya te hemos dicho que lo ibas a pasar mal’. Ondoren goma-espumazko zati handi bat jarri zidaten besapetik behera, gorputz guztia estaltzen zidalarik».

Poltsa buruan

Ondoren poltsarekin jarraitu zuten torturek. «Plastikozko poltsa bat jarri zidaten buruan, lepotik guztiz estutzen zidatela eskuekin. Arnasa hartzen saiatzen nintzen eta poltsa ahora sartzen zitzaidan, itotzen nintzen. Hortzekin puskatu nuen poltsa, baina beste bat jarri zidaten. (...). Azkenean zorabiatu nintzen eta lurrera erori nintzen, konortea galdu gabe».

«Lurrean nengoela nire gainera bota ziren. Alde egiten saiatzen nintzen, baina ezin nuen. Buruz gora jarri zidaten eta ur pila bat bota zidaten aurpegira. Ura sartu zitzaidan sudurretik, ezin nuen arnasa hartu. Azkenean eztanda egin nuen, eta nahi zuten dena esango niela esan nien», gogoratzen du Zuriarrainek bideoan.

Torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta 11 urteko espetxe zigorra eskatu diote. Uztailaren 12an epaituko dute Zuriarrain beste 7 lagunekin batera 13/13 auzian. Defentsak epaiketa bertan behera uzteko eskatu du «urraketa larriengatik». Larunbatean, uztailak 10, epaiketaren aurkako mobilizazioak egingo dira Donostian (Sagues) eta Bilbon (Jesusen Bihotza) 12.00etan.