Udal ordezkariak berriz elkartzeko saiakera Bergaran, Alkateen Mugimenduaren 45. urteurrenean
Bergarako Udalak hainbat ekitaldi egingo ditu datorren uztailaren 21ean Alkateen Mugimenduaren sorreraren 45. urteurrena ospatzeko. Orduko udal ordezkariak omenduko ditu batetik eta, bestetik, Euskal Herriko udal ordezkari guztiei dei egin diete egun horretan Bergaran elkartzeko.
Datorren uztailaren 21ean 45 urte beteko dira Bergaran Alkateen Mugimendua sortu zenetik, 1976an. Jose Luis Elkoro orduko Bergarako alkateak eta Gorka Artola egungoak asteazkenean iragarri dute hainbat ekitaldi egingo direla urteurrenaren egunean, garai hartako alkateak omendu eta Euskal Herriko alkate guztiak Bergarara deituta berriz ere elkarrekin aritzeko saiakera bultzatuz.
Ekitaldi bana antolatu du Bergarako Udalak datorren uztailaren 21erako, orduak oraindik zehaztu gabe badaude ere. Goizean edo eguerdi partean aitortza egingo zaie orain 45 urte Alkateen Mugimendua hauspotu zuten Debagoienako udal ordezkariei eta argazki eta bideo erakusketa bat egingo dute udaletxeko pleno aretoan, 1976ko uztailaren 21 hartako irudiekin.
Bestalde, Gorka Artolak eta Jose Luis Elkorok Euskal Herriko alkate guztiei dei egin diete bi eginkizunetarako: batetik, elkarrekin orain 45 urteko «aldarrikapen eta beharren jabe izanda» manifestu bat lantzea proposatu dute eta, bestetik, uztailaren 21eko arratsaldean Bergaran elkartzeko gonbitea luzatu diete.
Jose Luis Elkorok gogorarazi du nola orain 45 urte alkateak saiatu ziren Euskal Herriaren «nortasuna» babesten eta orain ere saiakera horri heldu nahi diete Bergarako ordezkariek. «Elkartu behar dugu», esan du: «Ea saiakera honekin urrats garrantzitsu bat ematen dugun, ea udaletako ordezkariak prest dauden denok elkarrekin joateko».
Elkorok ezinbestekoa deritzo alkateak elkarrekin aritzea herri honek aurrera egiteko, izan ere, bere ustez, «ez gara ahulak txikiak garelako, zatituta gaudelako baizik».
1976ko uztailaren 21etik 2021era
Euskal Herriko bilakaera politikoan eta, batez ere, indar abertzale guztiak bat egiteko saiakeran giltzarria izan zen Alkateen Mugimendua 1976ko uztailaren 21 sortu zen, Bergaran.
Egun hartan, foruen abolizioaren mendeurrena betetzen zela gogoratzeko, Euskal Herriko ehunka udal ordezkari elkartu ziren Debagoienako herrian, egungo Bergarako alkateak esan bezala, «herri bat ginela eta burujabetzatik aurrera egin nahi genuela adierazteko».
«Garai zailak ziren. 40 urteko diktadura amaitzen ari zen. Askatasunaren eta herria egiteko egarria nabari zen. Aukera hori baliatu beharra zegoela azpimarratu nahi izan zuten Bergaran batu ziren udal ordezkariek», ekarri du gogora Gorka Artolak.
Orain, 45 urte beranduago baina orduko «burujabetza» eta «askatasuna»ren bidea gaur egunera ekarriz, pandemiak kolpatutako Euskal Herria atzera ere «zutik» jartzeko deia egin du Bergarako Udalak: «Zutik jarri behar du, aurrera egiteko», esan du Artolak.
«Herritik eta herriarentzat», «Udaletik herritarrentzat» antolatu dituzte uztailaren 21eko ekitaldiak, asteazkenean Elkorok eta Artolak prentsaurrean nabarmendu dutenez. «Udalak oso garrantzitsuak izan dira historikoki gure herriaren egitura administratiboan. Orain ere, herria berriro zutik jarri behar dugunean, udalek funtsezko zeregina daukatela uste dugu», adierazi du alkateak.