INFO

Jaio da BDCC, kultura industria sustatzeko Lakuak bultzatutako «eredu berria»

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako kultura-industriak duen balio estrategikoa sustatzea eta bultzatzea du xede gaur martxan jarri den Basque District of Culture and Creativity (BDCC)  plataformak. Sektorearekin batera egindako lanketaren osteko emaitza, «herri proiektutzat» jo du Bingen Zupiriak.

Erakunde eta elkarteen ordezkariak, aholkularitza plataforma honen aurkezpenean. (Aritz LOIOLA /FOKU)

Bilboko Zorrotzaurreko ‘La Terminal’-en egoitzan, aintzinako Estanpazio eta Galdaragintzako lantegi zaharrean kokatzen den «sormenaren lantegian», aurkeztu da goizean Euskadiko Kultura eta Sormen Barrutia edo Basque District of Culture and Creativity (BDCC). Aurkezpenean, erakunde desberdinetako ordezkariek –diputazioak eta udaletakoak batez ere– eta kulturaren munduko zenbait elkarteek eman nahi izan diote babesa plataforma honi.

Tokiaren aukeraketak badu bere arrazoia, La Terminal kulturak birsortzeko duen ahalmenaren ikurtzat jo daitekeelako; plataformaren izena ingelesez ezartzeak ere, hauxe gure lurraldetik haratago eta, zehazki, Europara begira egindako proiektua baita.

Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Lakuako bozeramaileak, azpimarratu nahi izan duenez, hauxe «herri proiektu bat da». Are gehiago, pandemiak eragindako egoera lazgarriaren ostean kultura eta sormenaren sektorek jasandako kolpe latzaren aurrean egon den estrategiaren aldaketaren adierazle izan nahi du, aipatu duenez: krisiari orain arte «eutsi» egin zaio; aurrerantzean, esan duenez, «erronka berriari ekingo zaio, dauzkagun sareei indarra emanez eta Europan erreferentea bihurturik. Hau ez dator egun dauden beste dirulaguntzak ordezkatzeko, ekimen hau dauden guztiak osatzera dator».

Kulturaren mapa 

Flandes BDCC izeneko plataformaren eredua hartuta, azken bi urteetan sektoreko hainbat eragileekin batera landu da gurean sortu den plataforma hau. Ez da erraza eta plataforman ere ez daude guztiak, oso mota desberdinetako eta errealitate anitz bereziak ematen direlako sormenaren sektorearen barnean. Arte plastikoak, esaterako, ez dute erakunde bateragilerik; beste sektore batzuk, ikuskizunen teknikariak, perfil oso desberdinak batzen dituzten beraien baitan.

Egindako lanketaren ostean, kultura eta sormenaren industriaren mapa bat osatu da, orain arte egiteke zegoena, etorkizunari begira sektore honek dituen ahuldadeak eta indarrak neurtzeko balio izango duena.

Bingen Zupiriak emandako datuen arabera, gaur egun Bizkaia, Gipuzkoa eta Bizkaiak industria kulturalak % 9,9 dira eta, bertan 45.365 pertsona inguru lanean arituz, enpleguaren % 5,31 sortzen dute.

Sektore horretan, 15 azpisektore biltzen dira guztira. Horietatik sei kulturakoak dira (arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoak, edizioa eta inprimaketa-bitartekoak, musika eta kultura-ondarea), eta bederatzi, berriz, sormenekoak (arkitektura, artisautza, eduki digitalak, diseinua, gastronomia, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea zein marketina, eta bideo-jokoak).

Informazioa, baliabideak

Gaia (Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartea) arduratuko da BDCCren zerbitzu guztiak eskaintzen eta plataforma garatzen hurrengo urteetan. Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailaren, SPRI Taldearen eta Innobasqueren arteko lankidetzaz sortu da, eta plan orokor baten barnean kokatzen da; alegia, BDCC Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana 2030ean (PCTI 2030ean). 

Plan estrategi horretan, Lakuak identifikatu du kultura eta sormen industriak «aukerarako lurraldeetako» bat direla hazkundea eta enplegua sortzeko. Beraz, Kultura eta Sormen Industriei (KSI) lotutako enpresen kudeaketa profesionalizatzen eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea du xede honek. Aipatu dutenen arabera, negozio planak osatzen lagunduko zaio enpresei, nazioarteko merkatu berrietara sartzen lagundu, trantsizio digitala arintzeko baliabideak eman edo dauden dirulaguntzei buruzko informazioa emango zaie.

Enpresa gaitasunen hobekuntza horretan, ezinbesteko rola jokatuko du enpresa kudeaketan berrikuntza sartzeak, teknologikoa zein ez teknologikoa. Hain zuzen, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren Euskadiko sarean Kultura eta Sormen Industrien presentzia sendotzea izango da BDCCren eginkizunetako bat, lankidetza sare baten bidez.

Sare horretan, ekosistema honetako beste erakunde batzuek parte hartuko dute, hala nola teknologia zentroak, unibertsitateak, administrazioak, gizarte eragileak eta, oso bereziki, ekonomia jardueraren beste arlo batzuetako enpresak. Horrekin dago lotuta joan den astean aurkeztu zen KSIGune klusterra Hezkuntza sailarekin lankidetzan. Leire Bilbaok, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, nabarmendu du BDCC plataformak «Euskadiko KSIen sektorea egituratzen eta kohesionatzen» lagunduko duela, «gaur egun dagoeneko berritzailea dena are berritzaileagoa eginez».