Taichi Harak dio «ohore handia» dela Alavesen jokatzea eta «asko ikasten» ari dela
Talde gasteiztarrak ostegun honetan aurkeztu du aurrelari japoniarra. Sergio Fernandez kirol zuzendariak aipatu duenez, «egokitzapen prozesu» bat beharko du baina jarraitzaileei «poz handiak» emango dizkie. Jokalariak «golak sartzeko berezko sena» duela azpimarratu du bere jokoa deskribatzerakoan.
Alavesek Taichi Hara jokalari japoniarra aurkeztu du gaur Mendizorrotzako prentsa aretoan. Hara aurrelaria da, Alavesekin harremanduta dagoen NK Istra talde kroaziarretik dator eta bi urterako sinatu du gasteiztarrekin.
Aurreko denboraldian 18 neurketa jokatu zituen Kroazian aurrelari japoniarrak, zortzi gol sartuz eta hiru asistentzia banatuz. Eta gaur Sergio Fernandez Alaveseko kirol zuzendariak aipatu duenez, Kroazian erakutsitako maila ona izan da fitxaketa egiteko arrazoia.
«Oso pozik gaude Taichi gurekin dagoelako, eta berak ere urtarrilean NK Istra taldera ititsi zenetik gurekin lan egiteko erakutsi duen jarrera onarengatik. Beregan ipinita geneuzkan espektatibak bete egin ditu Kroaziara iritsi zenetik, bere gaitasuna erakutsi du, eta horregatik dago gaur hemen», nabarmendu du Sergio Fernandezek.
Kirol zuzendariak onartu su «pazientzia» eduki beharko dela jokalariarekin, «egokitzapen prozesu» bat beharko duelako herrialde eta talde berri batera iritsi ondoren, baina Taichi Harak Alavesen jarraitzaileei «poz handiak» emango dizkiela aurreratu du.
Japoniarrak, bere aldetik, adierazi du «ohore handia» dela Alaves bezalako Lehen Mailako talde baten parte izatea. «Entrenamenduetan gozatzen ari naiz, asko ikasten, eta futbolari hobea izaten lagunduko didala uste dut», gaineratu du.
Prentsaurrekoan erdaraz nahiz euskaraz esalditxo bat bota nahi izan du, eta esan du Ibrahimovic eta Lewandowski direla futbolean dituen erreferentzia nagusiak.
Bere ezaugarriez galdetuta, Harak «golak sartzeko berezko sena» duela azpimarratu du, eta aurreko postuetan «mugikortasun handia» daukala. «Ahal dudan guztia egingo dut emaitzak onak izan daitezen eta taldeak bere helburua lor dezan», amaitu du japoniarrak.