Laborariek okupatu duten pentzean lurra irauli eta baratzea landatzeari ekin diote Arbonan
Laborarientzat beharko luketen lurrak erosle aberatsen eskuetan erortzen direla salatzeko Arbonako lursail bat okupatu zuten ekainean Lurzaindia elkarteak eta ELB sindikatuak. Gaur goizean lurra irauli eta baratzea egiteko lanak abiatzearekin batera protesta gogortzeko prest azaldu dira.
Arbonako okupazioa abiatu zutenean «laborariek laborantxa lurrak prezio xuxen batean erosteko zailtasunak dituzten garai huntan, prezio ikaragarrietan egiten diren salmentak ez gaituzte axolagabe utzi behar», adierazi zuten ohar baten bidez ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak.
Geroztik eragile politiko eta soziak anitzen aldetik sostengua jaso dute laborariek. Besteak beste Euskal Elkargoko presidenteak, Jean-Rene Etchegarayk, bitartekaritza abiatzeko eskaintza luzatu zuen.
Izan ere, gaur laborariek azaldu dutenez, ekimen guzti horiek ez dute oraingoz lortu salmenta auzia berbideratzea. Lurraren saltzaileak eta erosleak ez dutela nahikeriarik negoziazio bat zabaltzeko salatu dute gaur goizean. Are, heldu den astelehenerako ez bada «solasaldi zintzoa» zabaltzeko aukera aurreikusten, prest direla protesta gogortzeko oharrarazi dute.
Anartean, ostiral honetan traktorearen laguntzaz pentzea irauli eta lurrean baratza mozkinak ekoizteko prestaketa lanak abiatu dituzte, lursail hori laborantzarako behar dela atxiki era ezin argiagoan irudikatuz. Hedabideen aitzinean mintzatuz Maryse Cachenaut Lurzaindiako kideak jakitera eman du gaurdanik prestatuko duten baratzea heldu den asteartean erakusteko asmoa dute.
Horren aurretik, iganderako egun osoko egitaraua antolatu dute Arbonako okupazioaren eremuan. Hala goizeko 11.00tan gaztagintzari eskainitako erakusketa zabalik izanen da eta 12.30an talo eta baso bat hartzeko parada izanen dute bertaratuko diren lagunek. 13.00tan mutxikoak dantzatzeko parada izanen da.
Arratsaldean, berriz, 14.30tik goiti kantaldia izanen da. Karpa zuri azpian izanen dira Agustin Alkhat bertsolaria, Pauline eta Juliette kantariak, Amaren Alabak eta Aldamen. 17.00tatan iltegiaren erakusketa prestatu dute laborariei elkartasuna adieraztera joanen diren herritarrentzat.
Lurra elikagaiak sortzeko ez espekulazioa elikatzeko
Protesta abiatu zutenetik okupatu dituzten lurretan ez dela elikadura ekoizteko egitasmorik, zeren «erosle gaia erretretadun aberats bat da eta berriki kostalean jabegoan zituen 30 hektarea eta etxe bat 12 milioi euroan saldu ditu» salatu zuten Arbonako ekimena garatu zuten Lurzaindia elkarteak eta ELB sindikatuak.
«Laborari ez diren batzuengandik lurren ebastea eta lur horien laborantxa bokazioa galaraztea» lukeen sal-erosketa horrek ekarri dezakeen galerari buruz oharrarazteko abiatu zuten badira 17 egun okupazioa.
Negoziaketak ez aurrera ez aurrera dauden honetan «denbora irabazteko nahian direla» eroslea zein saltzaileaustekopa da Dominique Damestoy Lurzaindiako kidea.
Diane de l’Espee erosleak, bere abokatuarekin batera, hitzordu bat proposatu du uztailaren 14rako. Edozein kasuan laborariek zerbait argi badute: «Ez dugu hemendik joan nahi jakin gabe lur hauek laborarien esku geldituko diren», azpimarratu du Damestoyek.
Are gehiago azkeneko egunotan hainbat trikimaiuen berri izan dutenean. Jabe berriak «baratzagile gazte batzuk tronpatu nahian, lurrak baliatzeko arazorik ez duela jarriko» salatu dute okupazioa burutzen duten laborariek.
Laborariek ohartarazi dutenez, «Iparraldea elikadura autonomiatik urrun da eta laborantxa lurren babesa lehentasunetan ezarri behar da».
ELB sindikatuaren eta Lurzaindia elkartearen ordezkariek oroitarazi dutenez, Arbonan gertatu dena ez da kasu isolatu bat.
2000 eta 2015 urteen artean laborantzako 7.200 hektarea lur galdu ziren Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoetako Departamenduan eta lur horietako asko Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin zeuden.