INFO

Janssen txertoak eta Guillain Barre sindromeak lotura izan dezaketela abisatu dute AEBek

AEBetako Elikagai eta Medikamentuen Administrazioak (FDA) azaldu duenez, covidaren aurkako Janssen txertoak harremana izan dezake Guillain-Barre sindromearekin, zeinetan sistema immuneak nerbioei eragiten dien. Halere, serum hau jasotzearen onurak arriskuak baino handiagoak direla azpimarratu du.

Janssen txertoa jartzen, Bartzelonan. (Lluis GENE / AFP)

Botika, txerto eta osasun publikoarekin lotutako beste produktuen erabilera onartzeaz arduratzen den FDA Gobernu estatubatuarraren agentziak abisatu du erlazioa egon daitekeela Janssen txertoaren eta Guillain-Barre sindromearen artean. Baina eragin zuzena baieztatzeko aski daturik ez dagoela eta seruma jasotzearen onurak arriskuak baino handiagoak direla nabarmendu du.

Astelehenean egin zuen FDA Elikagai eta Medikamentuen Administrazioak ohartarazpena, AEBetan Johnson&Johnson etxearen txertoa jaso duten 12,8 milioi pertsonen artean nerbioei eragiten dien sindrome honen 100 kasu posible detektatu ondotik.

Ehunekoa benetan txikia da, %0,0007koa. Halere, agentziak jakinarazi duenez, kasuen %95 «serioak» izan dira eta pazienteek ospitaleratu egin behar izan dute. Horietako bat hil egin da.

Ez dago aski datu

FDAk Janssen txertoari buruzko informazioa eguneratu du bere webgunean, mediku eta pazienteentzat. Bertan azaltzen duenez, serum mota honek eta Guillain-Barre sindromea izateko arriskuak lotura bat dute. Eransten duenez, ordea, ez dago aski datu txertoa sintomaren garapenaren arduradun zuzena dela baieztatzeko. Eta txertoa jasotzearen onurak arriskuak baino handiagoak direla azpimarratzen du.

Zehazten duenez, aipatutako sindromea izan dutenek immunizatuak izan eta 42 egunera garatu dituzte sintomak gehienez ere.

Bere aldetik, Johnson&Johnson Janssen txertoa sortu duen multinazionalak agiri batean esplikatu zuen FDArekin mintzatu dela ondorio honen gainean eta oroitu zuen Guillain-Barre sindromea garatzeko aukerak hagitz-hagitz txikiak direla, osasun agintarien datuek erakusten duten bezala.

Moderna eta Pfizerrekin ez da halakorik antzeman

Ez dago daturik Moderna edo Pfizer txertoak jaso dituzten pertsonen artean Guillain-Barre sindromearekin lotutako antzeko patroirik azaltzen duenik. AEBetan serum horien 321 milioi dosi jarri dituzte jada.

Guillain-Barre immunitate-sistemari eragiten dion nahasmendu bat da. Nerbioen hantura sortzen du eta mina, sorgortzea, giharrak ahultzea eta ibiltzeko zailtasunak izan daitezke ondorio batzuk.

Covidaren aurkako Janssen txertoak dosi bakarra du eta apirilean agintari estatubatuarrek banaketa eten zuten, txertoa jaso zuten 48 urtetik beherako emakumeetan sei garun tronbosi kasu detektatu zirelako. Horietako bat hil egin zen.