INFO

Lau preso Euskal Herrira eta Mikel Arrietari hirugarren gradua onartu diote

Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi duenez, lau preso euskal espetxeetara lekualdatuko ditu eta beste bat –Mikel Arrietari– hirugarren graduan sailkatuko du.

Martuteneko espetxean dago Mikel Arrieta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aurreko astean ez zen Espetxe Zuzendaritzaren iragarpenik izan. Astearte honetan bai; lau Euskalherriratze eta hirugarren gradu baten berri eman du.

Mikel Arrieta Llopis da hirugarren gradua eskuratu duena. Martuteneko espetxean dago une honetan. Espetxe Zuzendaritzaren Idazkaritza Nagusiak espreski aipatzen duenez, jada beteta ditu zigorraren hiru laurdenak eta ondorioz baldintzapean aske egon beharko luke, beste 51 presok bezalaxe (2021. urte honetan zehar zortzi gehiago izango dira).

Gaur bertan Behatokian aurkeztu duen txostenean jasotzen denaren arabera, Arrietarekin hamabi izango dira hirugarren graduan diren euskal presoak, horietatik zortzi espetxealdi arinduan (beren etxean).

60tik 64ra Euskal Herrian

Lekualdatzeei dagokienez, Aitor Herrera Vieites Kantabriako Duesotik atera eta Basaurira ekarriko dute. Aitor Mardones Esteban Logroñotik Zaballara mugituko dute. Josune Oña Ispizua, Logroñotik Zaballara ere. Eta Aitzol Maurtua Eguren, Palentziako Dueñasetik Basaurira, bigarren gradua jasota.

Iragarpen hauek gauzatuko direnean, 64 izango dira euskal espetxeetan edota beren etxean (espetxealdi arinduan) dauden presoak.

Gehienek Euskal Herritik kanpo segitzen dute, beraz, nahiz eta laster ez da inor Madrildik behera geldituko: Galiza, Extremadura, Mediterraneo aldeko espetxeak eta azkenik Andaluziakoak hustu egin dituzte, hiru hamarkada luzez muturreko urruntzeari eutsi ondoren.