INFO

Elena Loyok egindako lanarekin pozik amaitzea ipini du helburutzat Tokion

Korrikalari arabarrak 38 urterekin hartuko du parte lehen aldiz Olinpiar Jokoetan, abuztuaren 7an ospatuko den maratoiko proban. Tenperatura altuak eta hezetasuna espero dira Sapporon, eta horregatik «hasieran indarrak apur bat gordetzera» irtengo omen da.

Loyo eta Martin Fiz, gaur Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan (Raul BOGAJO / FOKU)

Olinpiar Jokoetan parte hartuko duen Elena Loyo korrikalari arabarrak prentsaurrekoa eskaini du gaur Gasteizen Tokiora abiatu aurretik. Loyok maratoiko proba egin behar du eta ekitaldian aurreratu duenez, «hasieran indarrak apur bat gordetzera» irtengo da.

Emakumezkoen maratoia abuztuaren 7an ospatuko da eta, 38 urterekin, Jokoetan parte hartzen duen lehen aldia izango da Elena Loyorentzat. Martin Fiz entrenatzaile hartuta, berandu ekin zion kirolari ibilbideari arabarrak eta azken bost urteetan sekulako gorakada bizi izan du bere errendimenduan.

«Martinek konfiantza handia izan zuen niregan. Egia esateko, ez nuen inoiz amestu ere egingo Joko batzuetan parte hartzearekin, baina ez nuen etsi eta gogotik saiatu naiz», aipatu du Tokiorako txartela Valentzian 2:28:25eko denborarekin lortu zuen maratoilariak.

Sailkapen horrek beretzat duen garrantzia argi geratu da Gateizko prentsaurrekoan, eskerrak ematerakoan negar malkoak atera baizaizkio. «Hau ez da bakarrik lortzen, zeren motorrak huts egiten dizunean beste gauza batzuk behar dituzu eta hori aldamenekoek ematen dizute», aitortu du.

Baldintzei errespetu handia

Loyo uztailaren 28an joango da Madrilera Espainiako selekzioarekin elkartzera, eta egun bat beranduago bidaiatuko du Japoniara, maratoia hartuko duen Sapporo hirian behar bezala aklimatatzera. Ibilbideari buruz esan du «lehen zatian aldapa apur bat» duela, baina gehien kezkatzen duena «tenperatura altuak eta hezetasuna» direla.

Helburu zehatzik ez dio jartzen buruari, eta marka konkretuetan pentsatzeak ere ez omen du ezertarako balio, eguraldiaren arabera baldintzak oso desberdinak izan daitezkeelako. «Ahalik eta lasterketa onena egin nahi dut. Sentsazio horrekin amaitzen badut pozik geratuko naiz».

Martin Fiz entrenatzaileak ere hartu du hitza prentsaurrekoan, eta nabarmendu duenez «iritsi den lekura iristeko lanerako prestutasuna eta buru argia behar dira, eta berak badituela erakutsi du». Gaineratu duenez, Loyoren kasua oso berezia da, berandu hasi zelako goi mailan lehiatzen: «38 urte ditu, baina buruz 20 dituela esan liteke, denbora gutxi daramalako maila honetan lehiatzen».

Alde horretatik, Fizen lan zailena Loyok hasieran erakusten zuen «inpultsibitatea» kontrolatzea izan omen da, entrenamenduetara moldatzeko zailtasunak sortzen baizizkion. «Gozatu dezala, lehiatu, eta pozik amaitu dezala egindako lanarekin», opa dio Fizek Loyori.