INFO

Txikia IV.a eta Atutxa II.a, Binakako Aizkolari Txapelketaren lehen edizioko txapeldunak

Ostiral gauean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako txapelketan, emakumezkoetan Zelai III.a eta Ansorregi sailkatu ziren, eta promozio mailan, berriz, Julen Kañamares eta Pellejerok irabazi zuten saria.

Txikia IV.a eta Atutxa II.a, Binakako Aizkolari Txapelketako irabazleak. (Jon URBE/FOKU)

Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Aitzol Atutxa Atutxa II.ak irabazi dute Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusiaren lehen edizioa. Ostiral gauean jokatu zuten lehia Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta faboritoek ez zuten hutsik egin. Irabazleek bigarren sailkatu zen bikoteak baino ia minutu bat gutxiago behar izan zuten horiek lanak bukatzeko.

Hamabi bikote lehiatu ziren: bost gizonezkoen maila nagusian, eta hiru emakumezkoenean. Gainontzeko laurak gizonezkoen Promozio Mailakoak izan ziren. Txikia IV.ak eta Atutxa II.ak lortu zuten saria lehen mailan, eta Zelai III.a eta Ansorregi izan ziren garaile emakumezkoetan. Promozio mailan berriz, Julen Kañamares eta Pellejerok irabazi zuten txapelketa.

Txikia IV.ak eta Atutxa II.ak 39 minutu eta 49 segundo behar izan zituzten zortzi kanaerdiko (54 ontza), 60 ontzako sei enbor eta lau oinbiko (72 ontzakoak) mozteko. Iker Vicentek eta Azurmendik, berriz, 40 minutu eta 44 segundo. Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza sailkatu ziren hirugarren (43:44) eta Mikel Larrañaga eta Jesus Mari Mujika (45:09) laugarren. Bosgarren, berriz, Jon Irazu eta Jon Rekondo izan ziren, lanak 47 minutu eta 9 segundotan bukatuta.

Promozio maila eta emakumeen txapelketa

Promozio mailan ez zen ezustekorik izan. Lau bikote aritu ziren nor baino nor, eta horiek lau kanaerdiko, 60 ontzako hiru eta bi oinbiko enbor moztu behar izan zituzten. Erronka parekatua izan zen, baina azken bi enborretan aurrea hartu zuten Kañamaresek eta Pellejerok txapelketa irabazteko.

Txapeldunek 20 minutu eta 59 segundotan amaitu zituzten lanak, eta bigarren sailkatuek, Eneko Saralegik eta Aratz Mugerzak, 21 minutu eta 45 segundotan. Hirugarren, berriz, Larrea III.a eta Zelai IV.a izan ziren (22:10), eta laugarren Jauregi eta Eloy Corchero (22:21).

Emakumeen txapelketaren lehen edizioko garaileak Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi izan ziren. Horiek 12 minutu eta 17 segundotan ebaki zituzten bi oinbateko eta 45 ontzako bi enbor. Lehen enborretik aurretik izan zen bikotea, eta beraz, ez zen ezusterik izan atzokoan. Bigarren Beatriz Tanco eta Maika Ariztegi saikatu ziren (13:05), eta hirugarren Garazi Arruti eta Julia Martinez (18:06).