Ikerketa abiatuko du prokuradoreak independentziaren aldeko manifestazioan gertatutakoaz
Uztailaren 14an Donibane Lohizunen izan zen independentziaren aldeko manifestazioaren bukaeran alkatearen eta manifestarien arteko gertakariei buruzko ikerketa abiatuko du prokuradoreak, prefetak emandako informazioari jarraiki.
Uztailaren 14an Donibane Lohizunen izan zen independentziaren aldeko manifestazioaren bukaeran herriko etxearen aitzinean Jean-François Irigoyen auzapezaren eta manifestarien artean izan ziren gertaerei buruzko ikerketa abiatuko du Jerome Bourrier prokuradoreak, Eric Spitz prefetak helarazitako informazioari jarraipena emanez.
Martxaren bukaeran gertatutakoari buruz agiria kaleratu zuen auzapezak uztailaren19an, momentu horietan bultzatua izan zela eta zaplazteko bat jaso zuela esanez, nahiz eta ez duen salaketarik jarri nahi izan. Zigor Kodearen 40 artikuluari loturik delitua izan zen egiaztatzeko, Baionako Polizia judizialaren esku geldituko da ikerketa.
U14 kolektiboak zabaldutako testuan ez da horrelako gertakaririk aipatu, eta Udaleko Herri Berri talde abertzaleak ere bertsio hori gezurtzat jo du.
Irigoyenen alderdikide diren Claude Olive Angeluko auzapezak eta Max Brisson senatariak gertakariak salatzeko agiria kaleratu zuten. Udaleko oposizioko Manuel de Lara hautetsiak ere gertatutakoa gaitzetsi zuen.
Manifestazioa
U14 kolektiboak antolatuta frantses iraultzaren hastapena ospatzen duen jai egunean, Donibane Lohizuneko karriketan zehar manifestazioa egin ondoren herriko etxearen aitzinean ‘Hau ez da Frantzia ezta Espainia ere. Hau Euskal Herria da’ pankarta ezarri zuten manifestariek. Irigoyenek pankarta kendu zuen, eta orduan tentsio handiko momentuak izan ziren, Polizia ondoan zegoelarik.
Horren ondoren, alkateak, udaletxera sartu baino lehen, eskuaren erdiko hatza atera zien, eta bera sartutakoan manifestariek pankarta jarri zuten berriz, Poliziaren begiradapean.