INFO

Gestamp Try Out enpresako ABEEaren kontrako salaketa aurkeztu du ELAk

Lakuako Gobernuaren txostenaren ondorioak aprobetxatuz, ELA sindikatuak Gestamp Try Out enpresako ABEEaren kontrako salaketa aurkeztu du epaitegian. Txostenaren arabera, prozedura irregularra da Ikuskaritzak ondorioztatutako langileen lagapen legez kanpokoa aintzat hartzen ez duelako.

GTO enpresaren instalazioak. (ELA)

Gestamp Try Out enpresako (GTO) langileen gehiengoa (Muskizen egoitza, baina lantokia Erandion kokatua) ekainaren 12az geroztik aldi baterako enplegu erregulazioan dago eta, enpresaren nahiari jarraiki, martxoa amaitu arte jarraituko dute horrela. Hala ere, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Lakuako Gobernuak prozedura baliogabetzea eta bertan behera uztea eskatu du, besteak beste, langileria modu irregularrean kontratatuta dagoela argudiatuz.

«Pasa den abenduan Lan Ikuskaritzak txosten batean ebatzi zuen Gestamp taldeak lan kostuak aurrezteko sortutako enpresa fizktizioa dela GTO, langileak lagapen irregularrean dituena eta egoera arautzeko GTOko langileak Gestamp Tooling Erandioko (GTE) langile izatera pasa beharko luketela. Enpresek Ikuskaritzak finkatutako isuna ordaindu zuten, baina txostenaren muinari kasurik egin ez, eta ez zuten GTO-ko langileen egoera moldatu», azaldu du sindikatuak ohar batean.

Hilabete batzuk geroago, ekainean, GTO-k Aldi Baterako Erregulazio Espediente (ABEE) bat aurkeztu zuen arrazoi produktiboak tarteko. ELA hasiera-hasieratik agertu da prozeduraren kontra, besteak beste, lan harremanen legediak kontratazioari buruz dioena betetzen ez duelako.

Negoziazio prozedura adostasun barik amaitu ostean eta «enpresak bere nahia egikarituta», ELAk ABBEaren kontrako salaketa aurkeztu du epaitegian. Bide horretan Lakuaren txostena oso baliagarria izango dela uste du ELAk, jarrera eta ondorio argi eta sendoak jasotzen dituelako.

Txostenaren argudio nagusia langileen lagapen legezkanpokoa bada ere, beste argudio batzuk ere jaso ditu: enpresak ustezko krisi egoera ez duela egiaztatu, aurkeztutako datu ekonomikoak ez direla sinesgarriak edota GTO enpresa soil bat izan beharrean, Gestamp taldearen baitan funtzionatzen duela.

«Negoziazioan zehar ABEEa ez onartzeko erresistentzia eta prozedura bertan behera uzteko epaitegian abiatutako bidea, borrokak merezi duela baieztatzen duten ariketak dira; enpleguaren eta justizia sozialaren alde eta Gestamp bezalako mutinazional eskrupulu gabeen kontrako borroka baita», aldarrikatu dute.