INFO

Sarek mobilizazioa deitu du Donostian abuztuaren 21erako

‘Ibilian-ibilian etxerako bidean’ dinamikaren baitan manifestazioa antolatu du Sarek abuztuaren 21erako Donostian, presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak bertan behera utz ditzatela aldarrikatzeko.

Sarek abuztuko manifestazioa iragartzeko Donostian egin duen agerraldia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Presoen eskubideak aldarrikatzeko agerraldia eskaini du gaur Sarek Donostiako Artzai Ona katedralaren aurrean. Badira hainbat aste Gipuzkoan barrena herriz herri dabiltzala presoen etxeratze prozesua azkartu eta ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak salatzen. Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek adierazi du «benetako elkarbizitza baten alde» presoak etxeratzerainoko bidea egingo dutela: «Gipuzkoako txoko guztietara zabaldu nahi dugu benetako elkarbizitza eta bakea eskuratzeko presoen etxeratze prozesua azkartu eta helmugaraino eraman behar dela, presoak etxeratzeraino».

Azpimarratu dute, bestalde, azken hilabeteotan bide horretan pausu garrantzitsuak ematen ari diren arren oraindik badirela hamaika oztopo: «Bigarren graduan egonik ere, oraindik baimenak jasotzeko edota hirugarren edo baldintzapeko askatasunak lortzeko ateak ez daude guztiz zabalik», salatu dute.

Ateak ixten dizkien salbuespenezko neurriak salatzeko mobilizazioa deitu dute abuztuaren 21erako Donostian: «Larriki gaixoak etxean egon behar dira, emakumeei kartzela bikoitza jartzen zaie, 85 motxiladun umek oraindik ezin dituzte besarkadak normaltasunez jaso... hori da abuztuaren 21ean Donostiako kaleetan aldarrikatuko duguna», azaldu du.

Joxe Mari Agirretxek hartu du hitza ondoren eta aurreratu du «festaz eta aldarrikapenez» beteko dituzteko Donostiako kaleak: «Irriz, kantuz, dantza eginez eta elkarrekin Donostiako kaleak hartuz egingo dugu manifestazio hori».

Manifestazioa 17.30ean abiatuko da Artzai Onetik.