INFO

Fadinha: maitagarri Brasilgo kaleetan, zilarrezko domina Tokion

Skate kirola estreinakoz aritu da Olinpiar Jokoetan eta jada historian mugarri diren markak ezarri ditu. Emakumezkoen proban, esaterako, inoizko podio gazteena osatu zuten Momiji Nishiya japoniarrak (13 urte), Rayssa Leal brasildarrak (13 urte) eta Funa Nakayamak japoniarrak (16 urte). 

Rayssa Leal, zilarrezko dominarekin Tokioko podioan. (Jeff PACHOUD / AFP)

Duela urte batzuk, Tony Hawk skatelari ezagunak sare sozialak erabili zituen maitagarriz jantzitzako skatelari gazte baten erakustaldia nabarmendu asmoz. Orduan, 7 urte zituen Rayssa Leal brasildarrak eta sekula ez luke pentsatuko bost urteren buruan domina olinpikoa kolkoratuko zukenik. 

13 urte besterik ez dituela irabazi du zilarrezko domina Rayssa Lealek –txikitatik "Fadinha" moduan ezaguna, maitagarri txikiak portuguesez–, bere adin bereko Momiji Nishiyak urrearekin eta 16 urteko Funa Nakayamak brontzearekin osatutako inoizko podio olinpiko gazteenean. 

«Oraindik ezin sinestuta nabil, badirudi historiako gertaera gogoangarria dela. Urte askoan gogor entrenatu diren beste milaka pertsona zeudela jakiteak –ez soilik skatean, baizik beste kirol guztietan– eta Brasilentzat domina bat irabaztea, oso atsegingarria da», adierazi zuen brasildarrak zilarrezko domina kolkolatu bezain laster. 

«Izugarria da hau! Nire gurasoen babesa neukan, aurpegia eman dugu eta adorea eduki dugu honaino iristeko», azaldu zuen 2008an Imperatrizen (Maranhaoko estatuan) jaiotako gazteak. 

Rayssa Leal, Olinpiar Jokoetan lehiatzen. (Jeff PACHOUD / AFP)

Tokioko Olinpiar Jokoetako finalean 14,64 punturekin geratu zen bigarren baina ordurako jada, jendearen harridura piztuta zeukan Leal gazteak. Tony Hawks skatelari famatuak argitaratutako txioaz geroztik, begirada asko zuzendu ziren maitagarri jantzita 'heelflip' bat egin zuen skatelariarengana. 

Ekin eta ekin agertzen da bideo horretan eta ekinaren poderioz iritsi da Olinpiar Jokoetaraino. Duela bi urte 'The Berrics' online saioan ere agertu zen, "The Berrics" skate parkean bertan filmatua; Lealentzako «amets bat», alegia. Belaunaldi berrien artean «onena» izan zitekeela aipatzen da bertan eta «etorkizun oparoa» opa dio saioaren egileak. 

Peleren aitortza

Tokiora iritsi berritan, bertan egotea izugarria zela zioen Fadinhak eta Brasilera itzultzean Olinpiar Jokoetan egotea lortu zuela lagunei kontatzeko irrikaz azaldu zen. Orain, istorio horri, zilarrezko dominaren lorpena ere gehitu beharko dio. 

Rayssa Leal, Ariake skate parkean. (Jeff PACHOUD / AFP)

Brasilen, gainera, sekulako sona hartu du Rayssa Lealek lortutakoak. Erreferente bilakatu da. Pele futbolari ohiak, esaterako, eskutitz moduko testua argitaratu zuen sare sozialetan: «Bazen behin neska gazte bat, bere skate-a maite zuen eta amets bat zeukan. Horrela hasten da maitagarrien ipuin hau, zeinak irribarrea marraztu digun brasildar guztioi». 

«Benetako "Fadinha" zara, amets zailenak ere posible direla sinestarazten baituzu», gehitu zuen Pelek bere Instagrameko mezuan. 

Duela sei urteko bideo hartan bezala, ekinaren ekinez 'heelflip' maniobra zaila burutzea lortu zuen moduan, Olinpiar Jokoetara iritsi eta podiumera igotzea lortu du Fadinhak; ibilbide guztian ekinaren ekinez arituta, eroriko bakoitzean jaiki eta berriro saiatuz, Berri Txarrakek dioen moduan «erori eta altxatzearen oinarrizko legea» baita ibiltzea.