INFO

Joan Mari Torrealdai, Euskal Herriaren alde ideiak pentsatu eta eginaraziz

Bere heriotzaren urteurrenean Joan Mari Torrealdairi omenaldia egin diote ostiral honetan Andoaingo Martin Ugalde Parkean. Bere ekarpenak alorrez alor lantzeko jardunaldiak izan dira goizean.

Gaur goizeko saioan, Imanol Murua eta Lorea Agirre. (jakin_eus)

Bere heriotzaren urteurrenean Joan Mari Torrealdairi omenaldia egin diote gaur Andoaingo Martin Ugalde Parkean. Urte bat, urte gogor eta nahasia, euskalgintzan, edo nahi bada kulturgintzan, herrigintzan finean, aztarna sakona utzi duen figura karismatikoa joan zela. Asko egin eta eginarazi zuen Torrealdaik, eragin handiko pertsona izan zen. Pentsalari eta soziologo praktikoa izan, egun bateko lore izan ez ziren talde eta programa askoren bultzatzaile. Beti euskaratik mundura, Euskal Herria abiapuntu eta helburu.

Omenaldi ekitaldia bitan banatu da, Joan Mari Torrealdairen ekarpenak alorrez alor lantzeko jardunaldiak izan dira goizean eta arratsaldean omenaldi-ekitaldia egingo diote. Liburuez, zentsuraz, ‘Egunkaria’-ren sorreraz eta itxieraz, soziologiaz, askotaz hitzegin da.

David Anaut, Xabier Izagirre, Lourdes Otaegi eta Imanol Muruak, nork bere txosten eta irudiekin, bota dituzten gakoak ondo landuak eta oso sentituak izan dira, baina denek dute zer bat: batek hitz egin edo besteak, izan euskal letren aurkako zentsuratik, izan liburua gizarte ispilu eta isla hartzen duen soziologiatik, edo izan kazetaritzatik, adarra dena delakoa izanagatik ere beti zegoela enbor bat, lur komun bat, egun batekoak ez diren loreak ernaraziz.

Torrealdairen 60 urteko ibilbidea laburtzea ez da erraza. Bere obra itzela da, 24 liburu, taldean egindako beste 47, artikuluak, tesiak. Joan Mari Torrealdai ‘Jakin’ aldizkaria da, 42 urte, bizitza bat eman dio, eta ‘Jakin’ eragiteko tranpolina izan da. Bere itzala Euskal Idazleen Elkartean dago, ‘Euskaldunon Egunkaria’-n, Udako Euskal Unibertsitatean, EKBn, Elkarren sorreran. Pentsatu eta pentsarazi duen euskaltzaina izan da, kontzientzia baten aldekoa, katea eten ez dadin. Ekintzaile fina izan zen, egin eta eginarazteko ahalmen handikoa.

Anautek aipatu ditu gakoen artean pisu handikoak baziren batzuk. Torrealdaik zituen konstanteez eta utzitako enkarguez aritu da, herri ekimenaren ezinbestekotasunaz, Euskal herri osoko ikuspegiaz, zabaltasunaz, adostasunaz, plangintza eta metodoaz, antolaketa eta egituren ezinbestekotasunez. Militanteak eta profesionalak, bietatik behar duela euskarak. Euskalgintzaren autonomiaz, euskal kontzientziaz. Eta ‘Euskaldunon Egunkaria’-k, adibidez, bere sorreran zituen printzipioak berrirakurri eta Torrealdairen itzalak erliebe osoa hartzen du, enborra nabarmentzen da. Kezka ere bazuen, aspaldi ohartu zen jende gehiagok dakiela euskaraz baino euskara ez duela jende gehiagok hitzegiten

Berdin Xabier Izagirrek Torrealdairen euskal liburuen eta testu liburugintzaren inguruko ikerketak edo Lourdes Otaegik azaldu dituen Torrealdaik euskal literaturan zentsurak izan duen eraginaz egindako ikerketan. Izan ere, zentsuraren ikerlari izateaz gain, biktima ere izan delako, torturatua ere izan zelako. Baina Joan Mari beti gizartea ezagutuz eta ikertuz, ezagutuz aldatzeko beti. Beti desmemoria programatuaren kontra, alkate baino lehenago beti alguazil.