INFO

Toño Garcia, Eibarren hamalaugarren fitxaketa

Ezker hegalekoak urtebeteko kontratua sinatu du, Levanten zazpi denboraldi eman ondoren. 24 jokalari ditu dagoeneko Gaizka Garitanok taldean.

Toño Garcíaren fitxaketarekin defentsa osatu dute armaginek. (SD Eibar)

Defentsa osatzeko falta zitzaion pieza lortu du Eibarrek. Toño García armaginen hamalaugarren fitxaketa bilakatu da, urtebeteko kontratua –beste batez luzatzeko aukerarekin– sinatu ondoren.

Alcala de Henaresen jaiotako 32 urteko ezker hegalekoak Levanten eman ditu azken zazpi denboraldiak. Aurretik Castellon, Vila-real B, Sabadell eta Huelvako Recreativo taldeetan jokatu zuen, guztira ibilbide luze eta oparoa jorratuz: 76 partida jokatu ditu Bigarren Mailan eta 114 Lehen Mailan. Horietako gehienak Levanterekin. Valentziako taldearekin kontratua zuen 2023. urtera arte baina ekainean, klubak akordioa deuseztatzeko zuen aukera erabili zuen. Jokalaria aske dator, beraz, Eibarrera.

Gorri-urdinen hamalugarren fitxaketa da ezker hegalekoa. Aurretik, Yanis Rahmani, Ager Aketxe, Ander Cantero, Ander Cantero, Xabi Etxeita, Stoichkov, Franchu, Venancio, Javi Muñoz, Cristian Glauder, Jose Corpas, Oscar Sielva, Fran Sol eta Blanco Leschuk –azken biak utzita– sinatu ditu.

Taldean zeuden Yoel, Esteban Burgos, Rober Correa, Anaitz Arbilla, Sergio Alvarez, Edu Exposito, Miguel Angel Atienza eta Quique Gonzalez jokalariei eta aurreko denboraldian utzita egon diren Alvaro Tejerori eta Roberto Olaberi gehituta, 24 jokalari ditu Gaizka Garitanok dagoeneko bere taldean.

Atezaina eta bigarren ezker hegalekoa ekarri ondoren, taldea orekatu eta baliteke klubak itxitzat ematea, oraindik erasorako jokalariren bat fitxatu dezakeen ere. Baina une honetan gertuago ikusten da irteera bat edo baten aukera, batez ere zelai-erdiko gizonei dagokienez hamabosgarren fitxaketarena baino.

Lagunartekoa Urritxen

Toñok denboraldi-aurreko azken bi asteak egin ahal izango ditu bere taldekide berriekin, baita azken bi lagunartekoetan parte hartu ere. Bihar jokatuko dute azken aurrekoa armaginek, denboraldi honetan aurkari izango duten Amorebietaren kontra. Urritxek hartuko du partida, 18.00etatik aurrera, eta urdinen iazko bazkideek zuzenean ikusteko aukera izango dute oraingoan ere.