Egoitzetako langileek txertoa jarri beharko luketela uste du Urtaranek
Elkarrizketa batean azaldu duenez, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak uste du «txertoa hartu nahi ez duten pertsonek ez luketela arrisku egoeran dauden pertsonekin lan egin behar», hala nola egoitzetako egoiliarrekin.
Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak, Gorka Urtaranek, asteazken honetan esan du egoitzetako langileek txertoa jarri beharko luketela. Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Urtaranek onartu du «ulergarria» dela zenbait jendek txertorik ez hartzea, Legeak ez baitu hori egiteko nahitaezkotasuna ezartzen, baina azpimarratu du «egoitza bateko langilea baldin bazara, eta harreman estua eta oso gertua baldin baduzu hor bizi diren pertsona guztiekin, kontuan izan behar duzu zein den haien osasun egoera, eta beraz berme guztiekin lan egin beharko duzu», azaldu du Gasteizko alkateak.
Abuztuak 4 honetan hasi beharko liratekeen Gasteizko jaiei dagokienez, Urtaranek adierazi du bigarren urtez jarraian Andre Maria Zuriaren plaza itxita egongo dela 16:30etatik 19:00ak arte, pilaketak saihesteko. Azken egunotan izandako «indarkeria giroaz» ere arduratu da Urtaran. «Kezkatuta gaude. Ez dakit zeren ondorioz, baina gero eta egoera bortitzagoak ditugu gure kaleetan, Gasteizen edo beste Euskadiko udalerrietan, eta horrexegatik ere pentsatzen dugu oso garrantsitzua dela berriro ere aldarrikatzea zeintzuk diren euskaldunen ezaugarriak. Egoera oso larria da eta espero dezagun desagertzea ahalik eta azkarren».
Gauetan izaten diren jende pilaketak eta horiei lotuta izan diren istiluek kezkatzen dute Gasteizko alkatea. Egoera horiek konpontzeko balio dezake etxeratze aginduak, «nik esango nuke pilaketak saihesteko eraginkorra izango dela» erantzun du baina, EAEko Auzitegi Nagusira zuzendu du begirada, Lakuak hartu dituen neurriak baliogabetu dituztelako azken epaiek.