INFO

Tamyra Mensah-Stock, borroka librean urrea irabazten duen lehen emakume kirolari beltza

Tamyra Mensah-Stock borrokalari estatubatuarrak urrezko domina irabazi du Tokioko Olinpiar Jokoetan, 69 kg-ko finalean Nigeriako Blessing Oborududu mendean hartu ostean. Hala, borroka librean urrea irabazten duen lehen emakume kirolari beltza bilakatu da 29 urteko estatubatuarra. 

Tamyra Mensah-Stock, garaipena ospatzen. (Jack GUEZ / AFP)

Olinpiar Jokoetan, egunak joan egunak etorri, marka berriak nabarmentzen dira. Beti dago zerbait gogoangarria eta horien artean, aurkitzen da Tamyra Mensah-Stock kirolari estatubatuarrak lortutako urrezko domina. Borroka librean urrea irabazten duen lehen emakume beltza bilakatu da duela 29 urte Illinois-en (Chicago) jaio zen kirolaria. 

68 kg-ko proban hartu du parte Munduko txapelduna den Mensah-Stockek eta finalean, Blessing Oborududu nigeriarrak irabazi du. Hau ere historiako kapituluan sartuko da, Nigeriak borrokan inoiz irabazi duen lehenengo domina kolkoratu baitu. Ukrainiako Alla Cherkasova eta Kirgizistaneko Meerim Zhumanazarovak irabazi dute brontzea.

Mensah-Stock estatubatuarra bost urtez egon da Tokioko urrezko dominarekin amesten. Rioko Olinpiar Jokoetan parte-hartzeko aukera galdu zuen herrialdearentzat txartel bat ez zuelako lortu eta bost urte beranduago –Joko batzuetatik bestera dagoen denbora baino urte bat gehiago– urrezko domina eskuratu du Olinpiar Jokoetan estreinakoz arituta.

Munduko txapeldun gisara iritsi zen Tokiora eta beraz, faboritoa zen. Segurtasuna islatzen duen kirolari gisa irudikatu dezakegu estatubatuarra, lehiatzen dagoenean sentsazio hori helarazten baitu.

Ibilbide gorabeheratsua

Institutuan garai eskasak pasa zituen eta bere buruarengan konfiantza galdu zuen, borrokan hasi zenera arte. «Borroka libreak ahalbidetu zidan indartsua naizela jakitea», adierazi zuen eta beraz, ohartu zen inork ez zeukala zilegitasunik bera kikiltzeko. 

«Eta hori da jarraitzera bultzatzen nauen arrazoi nagusienetariko bat. Emakume gazteei, gizon gazteei, emakume beltzei, latinoei, edozein direla ere, animatu nahi diet. Soilik animatu egin nahi diet badakidala ziurtasun-gabezia auzi garrantzitsua dela», azaldu zuen. 

Borroka librean aurkitu du segurtasuna baina hasiera batean, kirol honek ez zuen batere erakartzen. «Izerditan zegoen jendea gainean neukan. Gorputza ukitzen zidaten, aurpegia, gero aurpegia kolpatu, lurrera botatzen saiatzeko. Oso oldarkorra iruditu zitzaidan», gogoratzen du. 

Mensah-Stock eta Oborududuren arteko lehia Tokioko finalean. (Jack GUEZ / AFP)

Lehenengo txapelketaraino jarraitzea erabaki zuen. Hura irabazi ostean, baina, erabat lotuta geratu zen. 

Nolanahi ere, uzteko zorian egon zen bere aita auto istripu baten ondotik hil zelako. Bere eskolako batzar batetik bueltan zetorren eta hasiera batean, Mensah-Stockek bere burua kulpatu zuen. Denborak zauria sendatu eta orain galdu dituen horiengatik borrokatzen du, bere unibertsitateko lagun eta aitona barne. «Pertsona guzti hauek harro zeuden nik kirol hau egiten nuelako, asko animatzen ninduten», kontatu zuen.

Beraiek animatu zuten olinpiar amets honengatik borrokan segitzera eta azkenean, 29 urte dituela lortu du urrezko domina kolkoratzea, eta Olinpiar Jokoen historian bere izena nabarmenduko da borroka librea irabazten duen lehen emakume kirolari beltza izateagatik.