INFO

Gol festa aparta Alavesek Al Nasr taldeari irabazitako lagunartekoan

Alavesek bere azkenaurreko lagunartekoa jokatu du ostiral goiz honetan eta Al Nasr taldearen aurka garaipena eskuratu du, hori bai, gutxigatik (4-3). Gol festa aparta eskaini dute bi taldeek La Mangan jokaturiko prestaketa partidan. Ostiral arratsaldean Levante izango du arerio (20.00etan). 

Edgar Mendez Al Nasr taldearen aurkako lagunartekoan. (@ALAVES)

Alavesen La Mangako egonaldia bere amaierara ari da iristen. Ostiral honetan bukatuko du bertako prestaketa lanak Levanteren aurka jokatuko duen lagunartekoarekin. Aurretik, baina, beste neurketa bat jokatu du goiz honetan, Al Nasr taldearen kontra. Babazorroen garaipen batekin amaitu da gol festa aparta eskaini duen norgehiagoka (4-3). 

Bigarren zatia zoratzekoa izan da, sei gol egin baitira 45 minutuan. Lehenengo zatia Edgar Mendezek eginiko golarekin amaitu da, markagailua Alavesen aldekoa izanik. Lucas Perezek emandako pasea edo alferrik galdu kanariarrak eta markagailua estreinatu du. Aurrelari galiziarrak aukera aparta izan du aldea handitzeko baina bere falta jaurtiketak zutoinarekin egin du topo. 

Sivera, Martin, Tachi, Abqar, Javi Lopez, Toni Moya, Abdallahi, Ivan Martin, Edgar Mendez, Lucas Perez eta Taichi Hara izan da Callejak aukeratu duen hasierako hamaikakoa. 

Aldageletatik bueltan, neurketa erabat bizia eskaini dute bi taldeek. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Tozek berdinketa ezarri du penalti puntutik baina bost minutura, Edgar Mendez eta Lucas Perezen konexioak berriro funtzionatu du 2-1ekoa egiteko. Aurrelari kanariarra benetan protagonista izan da lagunarteko honetan, izan ere bi gol egiteaz gain garaipena eskuratzeko giltzarri izan den golean pase ederra eman baitio Lucas Perezi. 

Aurretik, baina, 2-2ko berdinketa egin du Diak. Hori gutxi ez eta hiru minuturen buruan, markagailua erabat irauli du Dubaiko taldeak, Tysonen bitartez. Ospatzeko kasik denborarik gabe, Callejak lau aldaketa egin berritan –Carlos Isaac, Saul García, Gagua eta Alan Godoyk Martin, Javi Lopez, Hara eta Abdallahi ordezkatu dituzte– Ivan Martinek baloi on bat jarri dio zelairatu berria zen Godoy-ri markagailura berriro berdinketa itzuli zedin. 

74. minututik 81.era, hau da, zazpi minutuan, hiru gol ikusi dira La Mangan. Gehiago egongo ez zirela zirudienean, gainera, Alavesek laugarren bat egin du, berriro ere Lucas Perez eta Edgar Mendezen konexio onaren erakusgarri. 

Denboraldi-aurre honetan Alavesek irabazten duen hirugarren norgehiagoka da honakoa, Amorebieta eta Mirandes mendean hartu ostean. Logroñes, Reala eta Elx taldeen aurka porrota jaso du.